Sustrai Colina
Interview
Ihitz Iriarte eta Mikel Taberna
‘Julia Fernandez Zabaleta’ pastoralaren errejenta eta idazlea

«Zuberoatik kanpo egitekotan, pastorala ezin da kopia hutsa izan»

«Julia Fernandez Zabaleta, emakume aitzindariak» pastorala bi aldiz emango dute Iruñean. Proiektua nola garatu den azaldu digute Iriartek eta Tabernak.

Ihitz Iriarte eta Mikel Taberna, elkarrizketarako egindako argazkian.
Ihitz Iriarte eta Mikel Taberna, elkarrizketarako egindako argazkian. (Iñigo URIZ | FOKU)

Gaur arratsaldean eta maiatzaren 12ko eguerdian, Iruñeko San Frantzisko eskolan, Zaldiko Maldiko kultur elkartearen eskutik emanen den “Julia Fernandez Zabaleta, emakume aitzindariak” pastoralaren errejenta eta idazlea dira, hurrenez hurren, Ihitz Iriart (Aloze, 1987) eta Mikel Taberna (Alkaiaga, 1957). Biak ala biak Iruñetik kanpo sortu baina Iruñean errotuak, pastoralak oholtzaraino egin duen bidearen gibelean dagoenaz mintzatu zaizkigu. Agortuta daude sarrerak. Ez, ordea, urratzen ari diren bidea.

Orain bederatzi urte antolatu zen Joxemiel Bidador pastorala Iruñean. Orduan ere errejenta zinen Ihitz. Zuk, Mikel, ikusle bezala bizi izan zenuen. Zer utzi zuen pastoral hark?

Ihitz Iriarte (I.I): Iruñeko jendearen baitan, imajinario baten oroitzapen gozoa utzi zuela uste dut. Iruditzen zait jendeak ongi pasa zuela, harritu zela, pastoral bat Iruñean lekutzeak efektu bat eragin zuela. Publikoari gelditu zitzaion oroitzapen gozo hori oinarri ona da bigarren pastoral hau emateko. Hasierako ezezagutza lausoturik, argiagoa da jendearen buruan dagoena. Aktoreentzat, halaber, esperientzia ederra izan zen, lanordu asko eskatu zituen, baina merezi izan zuen lan-molde bat. Azkenik, beti gelditzen dira testua eta pertsonaia bera. Joxemiel Bidador ezagutzeko parada izan zen batzuentzat, bere izatean sakontzekoa besteentzat eta, aldi berean, baita omenaldi moduko bat ere.

Mikel Taberna (M.T): Harritu ninduen, ederra izan zen. Hala ere, Bidador pastorala baino lehentxeago, Ederlezi pastorala eman zen Iruñean, eta erranen nuke biek ala biek utzi zutela hondar bat Iruñeko euskaldungoarengan, hondar bat eta harreman batzuk. Segur aski, hortik dator Julia Fernandez Zabaletaren pastoralaren hazia.

Baina noiz hasten da gorpuzten?

M.T: Kike Diez de Ulzurrunek eta Ihitzek bilera batera noiz deitu ninduten dakit nik.

I.I: Bai, duela bi urte kasik. Zaldiko Maldiko elkartearen baitan, kantu-tailer bat dugu, 30 bat pertsonaz osatua. Bidador pastoralaren ondotik jarri genuen martxan, errepertorioa handitzeko eta korutik aldentzen den baina kantatzeko ohiturari edo plazerari lotzen zaion kantaera proposatzeko helburuarekin. 5-6 urtez hola ibili ondoren, ez atzera ez aurrera geunden: jende aitzinean emateko ikusgarri bat egiten genuen, edo ez genuen gure kantua ulertzeko maneran aktiboki aritzeko plaza publikorik. Hala, pastorala taldearentzat ariketa polita izan zitekeela iruditu zitzaigun. Hori bai, egitekotan, argi genuen osoki gure pastorala eraiki behar genuela eta, ondorioz, guk idatzi behar genuela. Kike Diez de Ulzurrunek lehendik zerabilen Julia Fernandez Zabaleta buruan, berari buruzko ikerketa bat egina zuen, berari buruzko beste lan batzuen berri zeukan... Horrela jo genuen kantu-tailerreko kide ere baden Mikelengana.

M.T: Julia ez zela merezi bezain ezaguna iruditzen zitzaion Kikeri. Iruñeak eta Euskal Herriak ezagutu beharko luketen emakume bat zela. Eta gauzak zer diren, ni gerora ohartu banintzen ere, Bidador pastoralean ere agertzen da Julia.

Nor da Julia Fernandez Zabaleta?

M.T: 1898an, Iruñeko Dormitaleria karrikan jaio zen. Irakasle ikasketak egin zituen, ikasle bikaina zen eta, 18 urterekin, udalaren beka bat lagun, Maria Montessori pedagogoa ezagutzera, Bartzelonara joateko proposamena luzatu zioten. Julia, ordea, ez zen joan-etorri hutsarekin konformatu eta, itzultzean, Montessoriren ideiak eta bere ekarpen propioak biltzen zituen txostena argitaratu zuen Iruñeko Udalaren bidez. Gerora, irakasle-lanetan hasi zen, udal langilea zen Iruñeko San Frantzisko eskolan. Han aritu zen kolpe frankista bitarte. Alabaina, hori baino askoz lehenagotik euskaldundu zen, baita euskaltzale eta abertzale aktibista bihurtu ere. Pentsa, euskara ikasten hasi eta urtebetera euskarazko hitzaldi bat eman zuen Donezteben, jendea euskaraz aritzera animatzeko eta euskara oso baliotsua zela adierazteko. Handik gutxira, Donostian, euskarazko beste hitzaldi batean hartu zuen parte, feminismoaren baloreak defendatuz eta goratuz. Feminismo hitza edo sufragistak aipatzen zituen bertan. Horrek adierazten du emakume hori ez zela nornahi. Jakin-mina zuen, irakurtzen zuen, ideiak bereganatzen zituen eta plazaratzen edo zabaltzen saiatzen zen.

Pastoralak badu memoria osatzeko funtzio bat?

I.I: Jakina. Pastorala ez da historia liburu bat bezala kontsideratzen, ez du hala izan behar, baina bada historiara hurbiltzeko beste modu bat. Gehigarri bat da, bai informazioa biltzeko momentuan bai informazio hori publikoari helarazteko orduan. Agian, jende batek sujetaren izena baizik ez du gogoan atxikiko, baina beste askori sakontzeko jakin-mina piztuko zaie. Uste dut garrantzitsua dela tokiko erreferentziak eta erreferenteak berreskuratzea.

M.T: Iruditzen zait Iruñeko euskaldunentzat ere aski arrotza eta ezezaguna dela gerra aurreko Iruñea. Oso gutxitan aipatzen da gerra aitzinean hirian zegoen euskal eta kultur mugimendua. Joxe Miel Bidador bera zen “aizue, hauek denak hemen ari ziren eta ez ditugu ezagutzen!” aldarrikatzen zuenetako bat. Pastoral honekin anitz ikasi dugu, baina zer aztertu asko dago oraindik.

I.I: Dena gordea edo isilarazia izan den garai bati emandako erantzuna ere izan daiteke pastorala. Gezurra da hemen aipatzen ditugun arloetan ez zela euskal emakumerik ibili. Historiaren ukazioaren gezur handia informazio txikiekin deuseztatzeko manera da pastorala.

Aldi berean, Maria Montessoriren pedagogia, euskaltzaletasuna ala feminismoa bezalako gaiak oso aktualak dira oraindik.

I.I: Hala suertatu da. Kezkagarria bezain interesgarria da. Dena den, hiru arlo horietan konparazio asko bilatu baditugu ere, nabaria da Julia Fernandez garai hartako emakumea dela eta, egun, arazo berdintsuak bestelako betaurrekoekin analizatzen ditugula. Hori hala, aberasgarria da ohartzea, kasik mende bat berantago, antzeko problemekin segitzen dugula, askotan ez dugula arraposturik topatzen, baina ez garela orduan funtzionatu zuenarengan bermatzen errezeta zaharkitutzat dugulako.

Azken urteotan gero eta pastoral gehiago dira Zuberoatik kanpo egiten direnak. Zeren sintoma da?

M.T: Ez naiz zuberotarra eta zuberotarrek senti dezaketen jabetza sentimendua erabat errespetatzen dut. Urrunetik, Nafarroatik, begiratzen diot fenomenoari. Ohartu naiz azken urteetan pastoralak ugaldu direla eta moldearen aldaerak ere ari direla agertzen. Horren adibide dira lehen aipatu dugun Ederlezi edo nano pastorala. Niri ederra bezain aberatsa iruditzen zait pastoralgintza. Antzerki molde bat erabiltzen dugu funtzionatu dezakeela badakigulako. Pastoral honekin zerbait emanen dugu jende aitzinean, horretarako lan bat egin dugu, jendeak ikusiko du, zerbait eramanen du bere baitan, baina arizaleok edo ari garenok eskaintzen dugunaren ordainez jasotzen duguna izugarria da. Pastorala kolektiboa da, komunitate txiki bat sortu dugu Iruñeko euskal komunitate zabalagoaren barnean, gure artean elkarlan bat egon da, harremanak ehundu ditugu, elkarrekin bizitza zatiak konpartitu ditugu, elkarrengandik ikasi...Oso pizgarria eta baliotsua da, oso bizia, oso gomendagarria osasunerako.

I.I: Pastorala ulertzeko manera ezberdinak daude. Pastorala aski zabala edo abstraktua da, jende askorentzat erreferentzia izateko koadro bat badu eta, koadro horretan ixten ez bazara, aukera asko irekitzen zaizkizu. Gainera, jendea elkartzeko oso modu ederra da. Mundua oso azkar doa, baina gure oinarrizko beharrek berdinak izaten segitzen dute eta pertsonok elkarrekin lan egiteko, sortzeko, helburu bat partekatzeko, adrenalina bizitzeko edo zerbaiten parte sentitzeko beharra dugu. Gero, beharbada, harrigarria egiten zaigu hori Zuberoatik ateratzea. Beste gai bat bada hor. Zuberoak Zuberoarentzat funtzionatzen duen zerbait dauka esku artean, eta egon daiteke kanpora joaten uzteko beldur bat, etxean atxiki ezean funtzionatzeari utziko dion beldurra. Beraz, uste dut garrantzitsua dela ohartzea Zuberoa hori baino gehiago dela, erreferente izan daitekeela Euskal Herriko beste probintzientzat eta euskal herritarrok hobe dugula Zuberoako kulturatik edanik, kanpotik datorren eta herri gisa hainbeste egokitzen ez zaigun zernahi edatea baino.

Azken urteetan, Zuberoatik kanpo eman diren pastoral gehienak feminizatuak dira. Kasualitatea da?

I.I: Geruza anitz gainjartzen direla uste dut: informazioa ematea, erreferenteak sortzea, izan ez garela dioen gezurra deuseztatzea... Hala, sujetak bakarrik ez, errejentak eta idazleak ere emakumezkoak izan dira usu. Pastoral eredua ere eraldatu dela esanen nuke. Ez dakit guk dugun pastoral eredua aldatu ala Zuberoatik at emateak duen pastorala ikusteko manera aldatzen. Ez dakit guk ere ez ote dugun beste libertate bat aurkitzen kanpoan. Ez da bortxaz Zuberoan norbaiti leporatuko niokeen askatasun falta bat, baina bitxia da: inork ez daki nor dagoen pastoral bat egiteko prest, nork dakien eta, ondorioz, betikoengana itzularazten gaituen indar bat sortzen da. Ez da kasualitatea emakume askok Zuberoatik kanpora egin izana pastoralak. Ez da kasualitatea Zuberoan emazteek idatzi dituzten pastoral gehienak ez izatea udako pastoral ofizialak. Hori esanik, askoz interesgarriagoa iruditzen zait gizon, emazte edo garai bati buruz ari garenean ze ikuspegi hartzen dugun pastorala garatzeko. Zentzu horretan, oso baliotsua da Mikelekin lan egitea. Badakit kontsideratzen nauela, parekotzat naukala eta, beraz, zernahi proposamen luzatu ahal izan diot.

Adibidez?

I.I: Oso gauza sinpleak dira. Emakume bat eta gizon bat mintzo badira zertaz ari dira, gizonaren egoeraz ala emaztearenaz? Emazteak beraien artean solastatzen direnean, gizonei buruz ala emazteei buruz mintzo dira? Emakumeak elkarrekin ari direnean, istorioa aitzinarazten dute ala begirale soilak dira? Aldi berean, interesgarria iruditzen zait generoarekin jolastea. Adibidez, badakigu Julia Fernandezen gelatik ikuskari bat pasa zela. Inspektore hori emakumezkoa ote zen? Segur aski ez, baina istorioaren egiazkotasunari zertan eragiten dio ikuskari hori emazte bat izateak? Gaur egun, bere heziketa egiten ari den batentzat, ez ote da garrantzitsuagoa ikuskari hori emazte bihurtzea? Edo, alderantziz, ikuskariak bortxaz gizonezkoak zirela azpimarratu nahi badugu, zergatik ez du antzeztuko emazte batek mustatxa batekin? Jolas andana landu ahal izan ditut, pastoral txikia delako gurea, idazlea hurbilekoa dudalako, errespetuan lan egin dugulako… Zuberoatik kanpo egitekotan, pastorala ezin da kopia hutsa izan.

Kopia izan ala ez, sormen artistikoa eta herrigintza gurutzatzen dira pastoralean. Nola kudeatzen da hori?

M.T: Nik kolektiboki egin nahi izan dut bidea, Idazketan ere nire izena ageri da, baina, hein batean, kolektiboa izan da prozesua. Nik beti taldearen zerbitzura ikusi dut nire burua. Hala behar zuela uste dut. Oso ederra da zerbait idatzi eta errejentak hori nola biziarazten duen ikustea. Ihitzek ardura berezia izan du hor. Berak zekien, arlo guztietan, zehazki pastorala zer zen: testuan, mugimenduetan, harremanetan... Askotan, ulertzen ez genituen egoeretan, isilarazi gaitu, bideratu, konbentzitu eta ikusten ez genituenak ikusten lagundu.

I.I: Kanpotik ikusten dena emaitza da. Horregatik, ariketa plazan ematea deliberatzen den momentutik dira hasten arazoak edo gatazkak. Hor du pastoralak bere aurpegia erakusten, hor da etengabeko negoziazio bat hasten. Normaltasun osoz mintzo gara kolektiboki lan egiteaz, baina hori ere hautu bat da eta komunitatean lan egitea ez da alferrentzako egina. Ez da beti kudeatzen erraza, baina beti dago bakoitzarentzat egokia izan daitekeen lan bat, denek daukate haien tokia eta, segur aski, horregatik du funtzionatzen. Hor ezagutzen dugu elkar, hor dira harremanak sortzen eta desegiten, desilusioak gertatzen dira, laguntasun sakonagoak sortzen... Ez da deus hori baino benetakoagorik.

Azken urteotan Iruñean, bai pastoralarekin bai Iruinkokoarekin, ez al dago tradizioa berrinterpretatu eta Iruñera egokitzeko desio eta lan bat?

I.I: Guztiz. Hori da egiten duzunaz kontziente izatea. Dantza edo musika talde batek ere izan dezake kontzientzia hori. Hori du Euskal Herriak. Julia Fernandezek ere argi dio bere diskurtsoan: “Utz diezaiogun tximinoarena egiteari eta Madrilgo edo Parisko señoritoak imitatzeari!”. Baditugu tresnak, ezagutu behar ditugu, beldurra galdu, beraiekin kontaktuan egon jakintza bat jasotzeko eta bakoitzaren garai eta errealitatera egokitzeko. Tokian tokiko sekulako materiala dugu baliatua izateko desiratzen. Pertsona bat politizatua edo aktibista izateko metodo anitz ezagutzen ditut, eta horietako bat pastorala da. Tamalgarria zait horretan ez sinestea.

Zer utziko du Julia Fernandez Zabaleta pastoralak?

M.T: Gure baitan mugituko du zerbait, esperientzia aberatsa bezain ederra izaten ari delako. Kanpora begira ere historiaren garai ilun eta aski ezezagun bat deskubritzeko gogoa edo jakin-mina ere utziko dituelakoan nago. Bestalde, gisa honetako antzerki edo pastoral bat beste nonbait egiteko grina piztuko dugu, beharbada. Baliteke norbaiti tresna egokia iruditzea esperientzia kolektibo bat sustatzeko.

I.I: Joxemiel Bidadorren pastoralak utzi zuenari gehituko zaion oroitzapen polit bat uztea nahi nuke. Jendeari antzeko ekitaldietan parte hartzeko txispa piztea nahi nuke, aktore eta publikoaren arteko komunitate edo ezagutza bat uztea nahi nukeen gisan. Halaber, egin genuen Bidador pastorala, etorri ziren Ederlezi eta Joanikot, Julia Fernandezen hau emanen dugu eta, pixkanaka-pixkanaka, ederra litzateke, Iruñean, horren inguruko erritual eta imajinario kolektibo bat sortzea. Lotu dadila inauteria pastoralarekin, pastorala dantza-talde baten ez dakit zerekin eta, elkar elikatuz, egon dadila inspirazio iturri bilakatzen den zerbait.