NAIZ

Georges Ibrahim Abdallah, 40 urte giltzapean daraman Palestinaren aldeko borrokalaria

Palestinako Nakbaren (hondamendiaren) 76. urteurrena dela eta manifestazioak egingo dira asteazkenean Euskal Herriko hiriburuetan, eta mobilizazio nazionala larunbatean Iruñean. Testuinguru horretan eman dute Donostian ‘Fedayin: Georges Abdallahren borroka’ pelikula (Vacarme(s) films, 2020).

Parisko Errepublika Plazako elkarretaratzea, Georges Ibrahim Abdallah aske uzteko eskatuz, 2016ko maiatzean.
Parisko Errepublika Plazako elkarretaratzea, Georges Ibrahim Abdallah aske uzteko eskatuz, 2016ko maiatzean. (Elekes ANDOR / WIKIPEDIA)

BDZk antolatu du ‘Fedayin: Georges Abdallahren borroka’ pelikularen inguruko zine-foruma, Palestinako Nakba (hondamendia) oroitzeko ekitaldien artean. Palestinaren aldeko borrokan engaiatutako militante libanoarraren bizitzari buruzko filmarekin hunkitu adina ikasi dute astelehen honetan Garibain elkartu direnek. Artxiboko txuri-beltzeko irudi zahar eta bere krudelean ederrez lagunduta, Europan arrazoi politikoak direla eta denbora gehien giltzapetuta daraman presoa ezagutu daiteke. Kartzelan jarraitzen du oraindik, auzitegiek libre uzteko agindu arren, hiru aldiz.

Filmaren lehen zatian, Estatu sionistaren menpeko herri palestinarraren zapalkuntzaren berri ematen da, eta bigarrenean, Abdallahren ibilbidea errepasatzen dute ongi ezagutzen duten lekuko kualifikatu batzuek.

Abdallah Libanoko Kobaiaten sortu zen 1951n. Gaztea zelarik, maisu izan zen herri txiro batean, eta bertan hartu zuen klase kontzientzia. Palestina Askatzeko Herri Fronteko kidea (FPLP) izan zen, eta Libanoko Frakzio Armatu Iraultzailearen (FARL) sorreran parte hartu zuen. 1984an atxilotu zuten Lyonen (Estatu frantsesa). Mossadeko eta CIAko bi agenteren hilketan laguntzea leporatu zioten, eta auzitegi bereziak bizi arteko zigorra ezarri zion.

Giza Eskubideen Ligak Abdallah preso zegoen Lannemezango espetxean elkarretaratzera egin zuen 2014an, kartzelan 30 urte bete zituenean. Gainera, hamalau hautetsik eskutitz bat bidali zioten François Hollande presidente frantsesari, militantea askatzeko galdeginez. Hurrengo urteetan ere mobilizazioak errepikatu dira.

«Existitzen ez den delitu bat aplikatu didate: iritzietan oinarritutako arriskua», adierazi zion Abdallahk ‘Berria’-ri urte hartan izandako elkarrizketan. Lannemezango espetxean, eguneroko harreman estua zuen euskal presoekin.

Giltza batzuk

Bere kartzelaldi militanteari buruzko testigantzek giltzak ematen dituzte ulertzeko zergatik mantentzen duten preso 40 urteren ondoren, aspaldi erabat aske egon beharko lukeen arren. Israelen kolonialismoari eustea posible egiten duten Amerikako Estatu Batuen papera salatzen dute.

1987an, honela mintzatu zitzaion Abdallah epaitu behar zuen epaimahaiari, AEBak bere aurkako akusazio zibil bezala aurkeztu zirelarik: «Kriminal yankeetarra, lurreko fortunagabe guztien borreroa dena, bera hain zuzen izatea ustezko biktimen ordezkaria (nire kontra) zuen aurrean, horretxek edozein iruzkin egitea aurrezten digu zuen epaitegiaren izaerari buruz».

Beste giltza bat Estatu frantseseko Barne Segurtasuneko Zuzendaritza Orokorraren 1999ko txosten batean dago. Hala dio: «Borroka antisionistako pertsonalitate enblematikoa delarik, Georges Abdallahren askatasuna gertakari handia izango litzateke. Heroi bat bezala hartua izango da, seguru asko, bere herrialdera itzultzean».

Gero, 1999az geroztik baldintzapeko askatasunerako eskubidea zuelarik, zortzi aldiz bota zioten atzera. Eta geroago, 2013 hasieran, 29 urte preso zeramatzala, Zigorren Aplikaziorako Epaimahaiak bere askapenaren proposamena egin eta Manuel Valls Barne ministroak agindua sinatzea besterik falta ez zenean, Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariaren gutuna iritsi zitzaion bere homologo frantsesari, askatzearen kontra zegoela adierazten zuena. Agindua ez zen sekula sinatu, eta 12 urte beranduago kartzelan segitzen du Abdallahk, 40 urtez jada.

«Denok dakigu Georges Ibahim Abdallahk bere printzipioez beste egin izan balu, aspaldi egongo zela Libanon», azpimarratzen du Kaled Barakat idazle palestinarrak.

Filmeko bi zatiak, Palestinaren menderakuntzaren kronika eta Georges Abdallahren ibilbidea, lotuta daude. Pierre Stambul Estatu frantseseko Bakearen aldeko Batasun Judutarreko militanteak dioen gisan, «Estatu sionistak eragiten duen herri baten espetxeratze masiboaren eta (Frantziako) Estatu konplizeak eragiten duen Georges Abdallahren espetxeratzearen arteko kointzidentzia ez da, inola ere, kasualitatea».