Ion Garate eta Zuriñe Iglesias

«Gogotsu, itxaropentsu, eta ilusio askorekin» abiatuko da Z7 taldearen autobusa Zaragozara

Realeko Z7 taldeak autobus bat antolatu du larunbatean Kopako finalera joateko. Maiana Belaunzaran Z7ko taldeko kideak esan du autobusa «nahiko azkar» bete zutela. Granadan bizitakoa ekarri du gogora, eta gauza bat bakarrik esaktu dio Realari, Bartzelonak baino gol bat gehiago sartu dezala.

Audio_placeholder

«Gogotsu, itxaropentsu, eta ilusio askorekin» abiatuko da Z7 taldearen autobusa Zaragozara

Loading player...
Z7ko harmaila sasoi honetako partida batean.
Z7ko harmaila sasoi honetako partida batean. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Gogotsu, itxaropentsu, eta ilusio askorekin», horrelaxe joango da Realeko emakumezkoen Z7 zale taldea Zaragozara. Autobus bat antolatu dute larunbateko hitzordu garrantzitsuari begira. «Lehenik, lagun taldeko jendea lehenetsi genuen, eta gero deialdia ireki genuen. Autobusa nahiko azkar bete zenez, uste baino handiagoa jarri behar izan dugu», azaldu du Maiana Belaunzaran Z7 taldeko kideak.

Realeko emakumezkoen zale talde ofizial bakarra da Z7. «Realaren lagun talde bat gara», Belaunzaranek adierazi duenez. Granadako 2019ko finaletik pixkanaka hasi ziren Z7 lagun taldea sortzen: «Nire kabuz joan nintzen Granadara; oraindik ez nuen ezagutzen Z7 lagun taldeko jendea. Eguna lasaia izan zen, ahal zen neurrian, behintzat. Hiria bisitatu nuen, polita da-eta. Finalean Reala ez zen faborito, inondik inora ere, eta joan ginen ea zer geratzen den».

Granadako azken hogei minutuak, bizitzako «luzeenak»

Nahikari Garciak Realaren bigarren gola sartu osteko hogei minutuak bere bizitzako «luzeenak» izan zirela nabarmendu du Z7 taldeko zaleak. «Sufritu genuen, baina ikaragarria izan zen amaiera, nola ospatu genuen denok han».

Granadakoa errepikatzea amesten dute zale txuri-urdinek, eta horregatik antolatu dute autobusa Zaragozarako. Goizeko 9.30ak aldera aterako dira Donostiatik, gehiengoak ingurukoak baitira. Zaragozara eguerdian ailegatzea aurreikusten dute. «Iritsitakoan bisita txiki bat egin, buelta bat eman, elkarrekin bazkaldu, giroan murgildu, eta partidara». Egunean bertan egingo dute joan eta etorriko bidaia. Irabaziz gero ere bai? Barrez erantzun du, agian buelta «zertxobait» atzeratu egingo dela.

«Bartzelonak egunen batean galdu beharko du»

Partidaren inguruan ere mintzatu da Belaunzaran, eta denek aurreikusten duten moduan, neurketa «oso zaila» izango dela nabarmendu du, «oso-oso zaila», baina, noski, Realak ere baduela garaikurra altxatzeko aukera bat: «Azkenean partida bakarrera da, eta Bartzelonak egunen batean ere galdu beharko du. Momenturen batean iritsiko da».

Atzo Ane Etxezarretak eta Nerea Eizagirrek Realeko webgunean egin zituzten adierazpenak ekarrita, adierazi du txuri-urdinek ez dutela «ezer galtzeko»: «Final bat da, eta Realak ilusio handia du. 90 minutu dira, eta zaila dela? Ba bai, oso zaila. Uste dut denok garela kontziente horretaz. Hala ere, Zaragozara joango gara, eta topera animatuko ditugu. Ea zer gertatzen den».

Belaunzaran ez da ausartu emaitza bat esatera, halako kontuetan «oso txarra» dela nabarmendu du. Aldi berean, azaldu du Z7 taldean astero 'porra' egiten dutela, baina berak ez duela parte hartzen, ez baitu inoiz asmatzen. Gauza bat bakarrik eskatu dio Realari; sartu dezala aurkaria baino gol bat gehiago.

Espainiako federazioak, «zentzu pixka bat» izan du

Finalaz harago, kontu administratiboez ere hitz egin du Z7 taldeko kideak. Kopako finala Zaragozan jartzea bi taldeentzat «erosoa» da, erdibideko leku bat da eta. «Espainiako Futbol Federazioa bereziki nabarmentzen da zentzudunak ez diren gauzak egiteagatik, eta oraingo honetan, ematen du pixka bat zentzua erabili dutela. Bi hirien erdian dagoen puntu bat aurkitu dute, estadio dezente batekin, eta ez zelai txiki bat, azken urteetan bezala. Azkenaldian Madrilen izan da beti, azkena Butarquen, baina egon dira beste zelai batzuk txikiagoak zirenak. Askotan pentsatu izan dugu: Hori al da final baterako zelaia?».

La Romareda Zaragozako zelaia polita da final baterako. Belaunzaranek nabarmendu du jende «dezente» sar daitekeen zelai bat dela, eta bi taldeentzat leku «erosoa».

Zaragozara bidean

Realeko jokalariak, Jokin Aperribai presidentearekin, eta Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nausiarekin batera, Zubietan, Zaragozara irten aurretik. (Jon URBE | FOKU)

Zaragozako bidean da jada Reala. Ostiral goiz honetan abiatu dira txuri-urdinak Zubietatik Zaragoza aldera. Jokin Aperribay Realeko presidentea, eta Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia izan dira bertan.