Andoni Arabaolaza
Interview
Antxon Iturriza
Historialaria

«Gure lehen federazioa sortu zenean, egoera politikoa oso nahasia zen»

Lehen euskal federazioak ehun urte bete dituela gogoratzeko, GARAk hitzordua egin du ‘Historia Testimonial del Montañismo Vasco’ bildumaren egilearekin; hots, Antxon Iturrizarekin (Donostia, 1948). Historiagile gipuzkoarrak sorrera horren inguruko ardatz batzuk aipatu ditu elkarrizketa honetan.

Antxon Iturriza, historialaria.
Antxon Iturriza, historialaria. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Gaurko egun batez baina 1924an, Euskal-nafar Alpinismo Federazioak lehen urratsak egin zituen Elgetan. Data historiko hori ospatzeko, Gipuzkoako herri horretan bertan, egunean zehar hainbat ekitaldi egingo dira.

Euskal-nafar Alpinismo Federazioaren sorrera testuinguruan jartzeko, XX. mendearen hasierara joan behar dugu. Hain zuzen, garai hartan hasi ziren  herritarrak mendia beste era batera begiratzen.

Lehenago joaten ziren mendira; era antolatuan, gainera. Baina nahiko anarkikoa zen. Derrigorrez, Bilbora begira jarri behar dugu; izan ere, hiri horretan baldintza zehatz batzuk zeuden: meategiak, burdingintza… Kutsadura handia sortzen zuten; jakina, osasunaren kalitatearen kalterako. Une jakin batean, Antxon Bandres jendea animatzen hasi zen bizitza osasungarria izateko.

Bilbo urbanotik bultzatutako ekimena zen. Club Deportivo Bilbao elkarteak eta Bandresek berak zuzendutako egitasmo horrek bazuen lema bat: «Joan zaitez mendira osasun ona izateko».

Pagasarriko irteerak, suediar izeneko gimnasioak, zuhaitzen landaketak… denetarik egiten hasi ziren. Eta, pixkaka-pixkaka, joera hori indartzen joan zen. Horretaz gain, lehen kirol elkarteak sortzen hasi ziren, eta mendi sekzioek horien barruan lekua izan zuten. Oro har, hori izan zen prozesua 1924ko lehen euskal federazioaren sorrera ulertzeko.

Aipatu duzun mendira joateko ekimen horrek, gainera, ikuspuntu ideologiakoa izan zuen, ezta?

Zalantzarik gabe, aldaketa bat egon zen. Argi dago klasearteko mugimendua izan zela. Herritarrak zituzten helburu, baina langileak ahantzi gabe. Goitik behera bultzatuta; hain zuzen ere, Bilboko klase altuaren eskutik. Argitaratutako panfletoetan txiroei deia egiten zieten tabakismotik eta alkoholismotik ateratzeko.

Halere, mendira joateko dei horrek hirugarren sektorean oinarria izan zuen: Dendariak eta saltzaileak; ez, ordea, langileria. Zuten lanarengatik, lehenbizikoak ez ziren hainbeste nekatzen. Eta, adibide gisa, aurreratuko dut mendian izan ziren lehen istripuetan hirugarren sektorekoak izan zirela protagonistak.

«Euskal mendizaletasun arloan, erakundeen aldetik, Antxon Bandres ikur handiena izan dugu»

Aipatu duzun mendira joateko mugimendu horretan lehen mendi irteerek eta lehiek berezko lekua izan zuten. Pagasarrira, Anbotora, Gorbeiara eta abarrera egin ziren irteerez gain, mendi eta lasterketa lehiaketak zeuden, eta oso arrakastatsuak izan ziren guztiak.

Hala da. Adibidez, 1912an Gorbeiara egin zen alardean 400 pertsonak parte hartu zuten. Eta hurrengo deialdira are gehiago joan ziren. Horretarako, tren bereziak antolatu ziren. Kirola egiteaz gain, bazkariak eta dantzak egiten ziren. Festa handi bat zen.

Frantziako Club Alpin Français (CAF) federazioak 150 urte bete berri ditu. Garai hartan begiratzen zitzaion atzerrian egiten zenari?

Egoera hori kokatzeko, esan behar dut britainiarren eragina handia izan zela oso. Kirol asko bultzatzen zituzten; besteak beste, futbola. Eta Bilbon gai hori oso barneratuta izan zuten. Mendia, aldiz, ez zegoen gidoi horretan. Nire teoria da Bandresek zuen estatus sozialarengatik harreman estua zuela pirineista frantziarrekin. Baionan, adibidez, erreferentea izan zen CAFeko sekzio bat sortu zen. Eta uste dut horrek guztiak oinarria jarri zuela lehen euskal federazioaren ibilbidean lehen urratsak egiteko.

Beste bitxikeria bat da egun dugun ‘Pyrenaica’ aldizkaria; irakurtzen denez, y-rekin idatzitako dago. Henry Russellek idatzitako liburu batetik hartutako hitza da.

Bilbo eta bere inguruaz gain, Gipuzkoan ere mendira irteten ziren: Aiako Harrira, Herniora…

«Zalantzarik gabe, aldaketa bat egon zen. Argi dago klasearteko mugimendua izan zela. Herritarrak zituzten helburu, baina langileak ahantzi gabe»

Gaurko egun batez baina duela ehun urte, Elgetan, Euskal-nafar Alpinismo Federazioaren sorrera heldu zen. Giro politikoa egokia al zen hori lortzeko?

Politikoki garai haiek oso nahasiak ziren. Primo de Riveraren diktadura indarrean zegoen, eta uste dut eragina izan zuela. Giro oso tirabiratsua zegoen. Adibide soil bat jarriko dut. Elgoibartar batek bere balkoian Elgetara joateko deialdia jasotzen zuen bandera bat eskegi zuen. Guardia Zibilak hura ikusi eta atxilo eraman zuen Tolosara.

Lehen euskal mendizale federazioko presidente Bandresek eginiko hitzaldira ehunka mendizale joan ziren. Erabat betea egon zen plaza. Arrakasta hori espero al zuten? Izan ere, ez zegoen Elgetara joateko garraio egokirik garai hartan. Batzuk trenez joan ziren; beste, batzuk, berriz, oinez eta bizikletan.

Esaldi historiko bat egon zen: «Elgetara. Denak, oinez, trenez edo edonola».  Nire iritziz, mendizaletasunak beti izan du indarra gizartean. Kemen hori mugimendu politikoaren gainetik zegoen. Nazionalistak eta errepublikanoak elkarrekin batu ziren Elgetan. Ez zen aldarrikapen politikorik egin. Eta mendiko sentimendu hori gerraren ondoren ikusi zen.

Andres Espinosa historikoa, adibidez, oso azkar atera zen espetxetik. Nazionalista zen, eta beste aldean Angel Sopeña historikoa zegoen. Azken hau falangista eta frankista. Susmoa dago Sopeñak lagundu ziola Espinosari kartzelatik hain azkar ateratzen. Argazki bitxi bat ere adibide argia da: Espinosa, Bandres eta Sopeña elkarrekin, Aizkorrin eginiko festa batean. Ikusten denez, mendiak joera politikoak batzen zituen.

Bandresen izena bizpahiru aldiz aipatu dugu. Batez ere erakundeak kontuan hartzen baditugu, bera izan da euskal mendizaletasunaren ikur handiena, ezta?

Horretan ez dago zalantzarik. Antolaketaren aldetik, behinik behin. Egun dagoen egitura eta pentsamendua hortik dator. Federazioa, mendira joateko mugimendua, mendiko lehiaketak, ‘Pyrenaica’… Eta ehun urteren ondoren, egitura hori irauten ari da. Beti izango da erreferentea eta historikoa.

«Kemen hori mugimendu politikoaren gainetik zegoen. Nazionalistak eta errepublikanoak elkarrekin batu ziren Elgetan»

1931n, Espainiako Bigarren Errepublika heldu zen. Ondoren, estatu kolpea. Identitate krisi sakon bat gailendu zen, ezta?

Bai, egoera arras aldatu zen. Diktadura ere iritsi zen. Iruñean, adibidez, Montañeros de Navarra saiatu zen federazioa berrantolatzen. Gobernadoreak abizen euskaldun guztiak ez zituen onartzen eta elkarte baten zuzendaritzan izateko poliziaren kontroletik pasa behar zen. Erregimenarekin ez zeudenak marjinatuta zeuden, eta horregatik elkarteak sortzeko arazo handiak egon ziren. Kristoren gogoa zegoen mendizaletasunaren arloan gauzak egiteko, baina…

Bitxikeria bat. «Gora Euskadi askatuta» oihukatzeko jende guztia mendira joaten zen; leku seguruena zen. Elkarte asko desagertu ziren, eta berreskuratzeko saiakerak egin ziren. Nahiz eta oztopo ikaragarriak zeuden, mendiko irteerek aurrera jarraitu zuten.

Hamarkada ilun luze horiek atzean utzi eta sistema demokratiko baten ateak zabaldu ziren. 1986. urtetik aurrera, erkidego autonomikoek jasotako  transferentziengatik Hego Euskal Herrian bi federazio egon ziren. Alabaina, biak elkartzeko saioak beti egon dira.

Muga asko zeuden, baita tartetxo txiki batzuk ere. Legearen interpretazio ezberdinak zeuden. Jakina, federazioen barruan joera politiko diferenteek dena baldintzatzen zuten. Zuk diozun bezala, saioak egon dira; beti zubiak egiteko prest. Egun, berriz, Euskal Mendizale Federazioak eta Mendi eta Eskalada Kirolen Nafar Federazioak gai hori indartu dute. Lehen euskal federazio hori berreskuratzeko lan asko egin beharko da.

Iparraldekoekin ere saioak egin dira; harremanek ez dute hutsik egin. Gai hori ere zintzilik dago.

Amaitzeko, Hego Euskal Herriko mendizale federazioetako presidenteek, Zigor Egiak eta Martin Montañesek, gaur bertan, Elgetan, beste urrats bat egin eta Euskal Herriko Mendizaleen Biltzarra aurkeztuko dute.

Beste saialdi bat da, eta bere garrantzia du. Bi presidente horiek borondate handia dute, eta harremanak estutzea eta aipatu dugun helburu horretan elkarrekin lan egitea txalotu beharra dago. Zer gertatuko ote den? Nork daki. Ekinaldi hori historiarekin bat dator behinik behin. Erabat lotuta dago.