Bolada onari jarraipena ematen saiatuko da Eibar, krisi larrian datorren Teneriferen aurka

Armaginek ez dute partidarik galdu lehen lau jardunaldietan; Kanarietako taldeak, berriz, puntu bakarra besterik ez du eskuratu. Fuzatok hamaikakoan jarrai dezake eta Jorge Pascualek Toni Villaren lekua hartu.

Atxabalpen prestatu dute larunbateko partida armaginek.
Atxabalpen prestatu dute larunbateko partida armaginek. (Jon Urbe)

Bigarren Mailara jaitsi zenetik Liga hasiera onena egiten ari da Eibar. Lau jardunaldiren bueltan, sei dira partidarik galdu ez duten taldeak eta armagina euren artean dago. Horri esker, sailkapenaren goialdean amaitu du lehiaketako lehen hilabetea eta lehen postua harrapa lezake asteburu honetan.

Horretarako aurkarien laguntza beharko luke gainontzeko zelaietan, larunbatean Ipuruako norgehiagoka irabazteaz gain. Futbola matematika hutsa izango balitz, bigarren premisa sinplea litzateke baina topikoek pisu handiagoa dute kirol honetan eta, edozein kasutan, logika falta ez zaion esaldi ezagunari jarraituz, zenbat eta luzeagoa izan bolada bat, orduan eta gertuago bere amaiera. Horrela bada, borroka bikoitza izango dute gorri-urdinek, bi baitira Ipuruan talka egingo duten boladak: Eibarrek partidarik ez du galdu eta Tenerifek ez du oraindik garaipenik lortu.

Egoeraren beraren ondorioz, «aurkari arriskutsuagoa izan daiteke», Joseba Etxeberriaren esanetan, erreakzionatzeko premia duelako eta edozein unetan lortzeko moduko «kalitate handiko jokalariak» baititu.

Kontua da Teneriferen krisia orokorra dela. Eta larria. Puntu bakarra lortu du lau jardunaldietan, erizaindegia jokalariez beteta dauka. Hala ere, aste honetan bertan Alex Corredera saldu dio Khimki talde errusiarrari eta, batez ere, instituzionalki, suteak non-nahi topa daitezke: akziodun nagusia Administrazio Kontseiluarekin haserre dago, zaleek bere irteera eskatu dute eta datorren asterako manifestazioa deitu dute eta Kabildoak ere berehalako konponbideak eskatu ditu, klubari babesa kendu diezaiokela abisatuz. Ez da gutxi, bere babesle nagusia dela kontutan hartuz.

Nolanahi ere, filma arbitroak txistua jotzen duenean hasten da eta, horregatik, eibartarrek soropil gainean gertatzen denaz baino ez dute arduratu nahi. Tentuz ekingo diote partidari baina baita konfiantzarekin ere, taldeak orain arte erakutsi duenari jarraituz. «Oso partida desberdinak jokatu ditugu –onartu du Etxeberriak– baina guztietan puntu komun bat ikus daiteke: laurak lehiatu ditugu, lauretan izan gara lehiakorrak. Ikusten dudana gustatzen zait».

Lehiakortasun horren arrazoi nagusietako bat, talde barruan dagoen lehiakortasuna da. «Jokalariak asko estutzen ari dira. Pixka bat lasaitzen badira, taldetik atera eta beste taldekide bat sartzen dela ikusten dute». «Armairu zabala» dagoela ikusi dela azpimarratu du entrenatzaile armaginak, horrek ekar ditzaken, ekartzen ari den, onurez poztuz.

Bere hitzei jarraituz, hamaikakoan aldaketa egongo direla pentsa liteke baina ez dira gehiegi espero. Klubak ez du argitu Jonmi errekuperatu den baina prest egonez gero ere, litekeena da Fuzatok errepikatzea atean, badaezpada besterik ez bada ere. Berritasuna hiruko lerroan egon liteke, Jorge Pascualek Toni Villaren lekua hartuz.

EIBAR
Hasierako hamaikakoa: Fuzato; Corpa, Arambarri, Arbilla, Cristian; Sergio, Matheus; Alkain, Jorge Pascual, Puertas; eta Bautista.

TENERIFE
Hasierako hamaikakoa: Salvi Carrasco; Mellot, Leon, Ruben Albes, David Rodriguez; Sergio Gonzalez, Diarra; Luismi Cruz, Teto, Cantero; eta Enric Gallego.
Hutsuneak:  Aitor Sanz, Fer Medrano, Jose Amo eta Alvaro Romero, lesionatuta.

Epailea: Moreno Aragones (Madril).
Zelaia: Ipurua.
Ordua: 16.15 (LaLiga TV Hypermotion).