Netflix eta lobby sionista
Netflitxen katalogoaren barruan ‘Historias Palestinas’ (‘Palestinako historiak’) izeneko bilduma zegoen. Zegoen esan dut, AEBetako streaming plataformak Palestinako zinemarekin loturiko ia film guztiak kentzea erabaki baitu.
2021eko urrian kaleratu zuten bilduma, Palestinako zinemagileek zuzendutako edo Palestinako istorioak oinarri dituzten 32 film zeuden; erbestea, identitatea eta okupaziopeko bizitza bezalako gaiak aztertzen zituzten. Askok nazioarteko zinema jaialdietan sariak irabazi zituzten. Rani Massalhi-ren ‘Giraffada’, Jessica Habiet-en ‘Mars at Sunrise’, Elia Souleiman-en ‘Divine Inspection’ edota Annemarie Jaciri-ren ‘Like 20 Impossibles’, esaterako. Horietako 19 ezabatu egin dituzte.
Erabaki hori lobby sionistaren presiogatik izan omen da; Palestinaren ezabaketa kulturala eta mediatikoa ez da berria. Israelgo presio taldeek urteak daramatzate Gazako okupazioaren eta apartheidaren basakeriak agerian uzten dituen edozein ahots isilarazteko lanean. Im Tirtzu Israelgo eskuin muturreko erakundeak hasieratik kritikatu zuen Netflixen bilduma.
Zinema eta artea tresna boteretsuak dira Palestinan gertatzen ari den sarraskiaren berri emateko baina, zoritxarrez, Netflix eduki horiek ezabatzearen alde agertu da. Gazako herritarrek genozidio bati aurre egin bitartean, streaming-aren erraldoiak egunero bizi dutena konta zezaketen ahots apurrak erretiratzea erabaki du. Giza eskubideen aldeko zenbait taldek erabakia bertan behera uzteko eskatu diote N gorriaren plataformari, baina hauen isiltasun korporatiboa gorgarria da; argudio bakarra «film horiek hiru urteko lizentzia-hitzarmena zutela» izan da.
12.000 sinadura baino gehiago bildu dituzte eta harpidetzak bertan behera uztea protestaren ikur bihurtu da. Palestinako kultura herri horren nortasunaren eta erresistentziaren parte da, eta Netflixek hori ezabatzea erabaki du.

García Loza, la policía... y el héroe de San Mamés

El alcalde de Artea se suma a la dinámica de relevos del PNV en ayuntamientos de Bizkaia
«El legado de La Polla Récords es más presente, necesario y actual que nunca»

Un varón de 21 años fallecido en Nafarroa, primera muerte vinculada a nitazenos en el Estado

