NAIZ

«Behin betiko»: salbuespen neurriei zigilua jarri die Sarek, urtarrilaren 11rako spotean

Euskal presoen eskubideen aldeko urtarrilaren 11ko mobilizazio nazionala indartzeko spota grabatu du Sarek Euskal Herriko zenbait bazter esanguratsuetan. «Behin betiko konponbidea» eman eta «bakean eta elkarbizitzan oinarritutako etorkizuna» eraikitzeko momentua dela aldarrikatu du.

Datorren urtarrilaren 11n antolatu duen manifestazio nazionalaren spota aurkeztu du Sarek ostegun honetan, euskal gizartearen «elkartasuna eta konpromisoa islatu» nahian. Euskal Herriko zenbait bazter esanguratsuetan grabatua da, besteak beste, Maule, Baigorri, Baiona, Donostia, Gernika, Gasteiz eta Iruñean.

Ostegun honetan bertan estreinatu dute Youtube Kanalean. Gatazkaren ondorioei «behin betiko konponbidea» eman eta «bakean eta elkarbizitzan oinarritutako etorkizuna» eraikitzeko momentua dela aldarrikatu du Sarek. Horretarako, batetik bestera doan zigilua erabili du ikur gisa, manifestazioaren mezu berbera grabatzen duena: «Behin betiko». Presoen zenbait senide ageri dira bideo labur honetan.

Honekin dei egin dio euskal jendarteari Bilboko La Casillatik 17.00etan abiatuko den manifestazioan parte hartzera. «Behin betiko. Bakea. Konponbidea. Elkarbizitza» izango da aurtengo leloa.

Gogoratu dutenez, «ETAk bere jarduera amaitutzat eman zuela 13 urtetara oraindik ere, 124 euskal preso daude espetxean, 20 euskal herritar inguru iheslari eta deportatu artean. 13 urte ondoren salbuespen legeek indarrean jarraitzen dute, estrategia antiterroristapean bideratutako legeek herri honen konponbiderako hautua baldintzatzen jarraitzen dute».

Gabonetan han-hemenka egiten ari diren mobilizazioek urtarrilaren 11korako motorrak berotzeko eragina dute. Iruñean ostiral honetan da hitzordua, 20.00etan, eta Donostian, larunbatean 12.00etan.