Imanol  Intziarte
Redactor de actualidad, con experiencia en información deportiva y especializado en rugby
Interview
Markel Elortza
Twilight Struggle Nazioarteko Konbentzioaren antolatzailea

«Twilight Struggle bi jokalarirentzat dagoen mahai-jokorik hoberena da»

Gasteizek jasoko du datorren ekainean Twilight Struggle mahai-joko famatuaren 11. Nazioarteko Konbentzioa. Markel Elortza arabarra jokalari amorratua da, Euskal Herriko Federazioko burua, eta bere gain hartu du antolakuntza. Oraindik asko falta da, baina izena emateko epea irekita dago.

Markel Elortza (eskubian) partida bat jokatzen Ziemowit Pazderski poloniarren aurka, munduko 1 zenbakia izandakoa..
Markel Elortza (eskubian) partida bat jokatzen Ziemowit Pazderski poloniarren aurka, munduko 1 zenbakia izandakoa.. (NAIZ)

Ezagutzen ez dutenentzako, zer da Twilight Struggle (TS)?

Twilight Struggle Gerra Hotzean girotuta dagoen ‘wargame’ bat da. Bueno, ez dakit esango nukeen ‘wargame’ bat dela, baina bai dela estrategia joko bat, kronologikoki antolatuta dagoena. Jokoak hamar txanda ditu eta ebento guztiak oso ondo daude historikoki gidatuta. Ni, gainera, historia irakaslea naiz eta horregatik bereziki gustatzen zait; oso ondo landuta dago alde horretatik. Agertzen diren kartak hiru garaitan banatuta daude: hasierako gerra, erdikoa eta berantiarra.

Mahai-jokoetan erreferentziako webgune bat dago, Board Game Geek (BGG), eta urte askoan Twilight Struggle sailkapeneko lehenengoa izan da. Zergatik ospe hori?

Bi jokalarirentzat dagoen jokorik hoberena da. Dadoak ere baditu, eta badago jendea horrekin ezin duena. Jokatzen jakin behar da, noski, baina egia da zoriaren kontu hori hor dagoela eta partidak baldintzatzen dituela. Baina jokoa oso ondo landuta dago.

Azken urteetan mahai-jokoen iraultza bat eman da eta gaur egun publiko askoz zabalagoa sartzen ari da mundu honetan. Horrekin lotuta, joko gehiago publikatzen ari dira eta konpetentzia osa handia da, eta BGG lehenengo postuetan mantentzea oso zaila da, baina hor jarraitzen du, nahikoa goian [gaur egun Twilight Struggle 13. postuan dago, eta zerrenda osoan 27.759 erreferentzia daude].

Nola hasi zinen eta zenbat partida jokatu dituzu?

Partida gehienak online jokatu ditut, aurrez aurre askoz gutxiago. Ez naiz gogoratzen nola hasi nintzen, uste dut Gasteizko lagun batek erakutsi zidala. Hasi nintzen berarekin jokatzen, baina gero gehienbat Kataluniako lagun batekin aritu naiz, eta elkarren artean agian 800 partida jokatu ditugu. Orokorrean, online 1.016 partida jokatu ditut. Aplikazio bat dago eta kontua eramaten du.

Azken urteotan, Twilight Struggleren Nazioarteko Konbentzioa egin da munduko hainbat lekutan. 2025ekoa 11. izango da eta Gasteizen egingo da. Zure ‘errua’ da, ezta?

Bai, hala da. Argituko dut nola erabakitzen den. Aurreko konbentziora joan diren jokalarien artean badute aukera aurkezteko hurrengo ediziorako hautagaitza. Iaz Kithiran (Grezia) egin zen –Atenasetik berrogei minutu hegazkinez dagoen irla–, eta hara joan nintzen familiarekin eta Kataluniako lagunarekin eta haren familiarekin, eta erabaki nuen Gasteizko hautagaitza aurkeztea. Eta orain dela gutxi Twilight Struggleko Batzordetik, mundu mailako buruzagitzatik, onespena eman zidaten. 

Gauza batzuk zehaztu gabe daude, baina noiz eta non izango den badakizu?

Bai, data zehaztuta dago, ekainaren 14 eta 15eko asteburuan; bi egunetan egiten dira konbentzio hauek. Jokalari guztiek zortzi partida jokatzen dituzte, ez dago kanporaketarik, xakean bezala da, suitzar formatua. Partida bakoitzak ordu pare bat iraunten du, eta bi goizean eta bi arratsaldean jokatzen dira. Lekua Battle Bunker elkartearen egoitzan (Asturias kalea) izango da.

Izena emateko epea irekita dago. Zerbait ordaindu behar da?

Bai, epea irekita dago eta 20 euro ordaindu behar dira, baina konbentzioko kamiseta eta promozio karta bana emango zaio jokalari bakoitzari.

Euskal Herriko TS Federazioa dago, eta txapelketetan taldeka parte hartzen du, ezta?

Nik sortu nuen Federazioa, eta hor jokatzen ditugu euskal selekzioarekin partidak beste selekzioen aurka. Badaukagu webgune bat, eta hor informazioa ipintzen dugu. Urtero Euskal Herriko Txapelketa bat ere antolatzen dugu; oraingoz bi edizio egin ditugu.

Twilight Strugglek hogei urte betetzen ditu…

Bai, hogei urte betetzen ditu justu 2025 urte honetan, eta saiatuko gara jokoaren sortzailea, Jason Matthews estatubatuarra, Gazteizera ekartzen. Iazko konbentziora, Kithiran ospatu zen horretara, Matthews etortzekoa zen, baina azkenenean ezin izan zuen.

Hogei eta bi jokalari egon ginen Kithiran, baina pentsatzen dut edizio hau jendetsuagoa izango dela, batez ere Espainatik eta Kataluniatik etor daitekeelako nahikoa jende.

Greziako irla batera iristea zailagoa da…

Bai, guk familiako oporrak aprobetxatu genituen, baina historikoki konbentzio hauek egin izan ohi dira maiatzean, eta orain arte egin dira Varsovian, Stockholmen, Londresen, Atenasen… Iazkoa zen estreinakoa leku exotikoago batean egiten zena. Gasteizko kasuan, Bilbo nahiko ondo konektatuta dago, uste dut jendeak nahiko erraz daukala etortzeko. Gainera, iaz abuztuan izan zen.

Euskal Herrian ze ‘osasun’ egoera dauka joko honek? Ez dut esaten noiz-behinka jokatzen dutenen aldetik, baizik eta zu bezelakoengatik, txapelketak jokatzen-eta aritzen zaretenengatik…

Oraingoz gutxi gaude. Selekzioaren partidak online jokatzen dira eta hiru pertsona gaude. Gero, Euskal Herriko txapelketetan, lehenengoan jende gehiago animatu zen, baina bigarrenean hamabik bakarrik eman genuen izena.

Agian beldurra dago ‘erridikuloa’ egiteko, jendeak pentsatuko du ez daukala nahikoa maila…

Hori ere gerta daiteke, baina Greziako konbentziora ‘rookie’-ak ere etorri ziren, eta ez da ezer gertatzen, azken finean hau ondo pasatzeko da, ez doa inora. Nik animatzen dut mundu guztia probatzera, eta ez dadila zapuztu gehiegi dadoekin: zortea hor dago eta jakin behar da hori ere eramaten.

Twilight Struggle kenduta, beste mahai-jokoren batean jokatzen duzu?

Bai, orain saiatzen hari naiz nire alabak mundu honetan sartzen. Online Through the Ages jokatzen dut, eta gero etxean Catan, Pandemic: La Caída de Roma, Orquestra Negra, Finca, Stone Age… Egia da nahiko joko ditudala irekitzeko.

Badakizu horretan ez zaudela bakarrik…

Gainera sortu dut joko bat, eurogame bat, lagun batekin. Prototipoa aurkeztu genuen Meeple Factoryn, Granadan egiten den jaialdi batean, eta finalistak izan ginen. Jendea probatzen aritu zen, eta oso esperientzia polita izan zen. Eta gero argitaletxeei bidali genien, eta Bilboko batek deitu zigun.

Izenik aukeratu duzue?

Bai, Mesozoico deituko da. Etorkizunean dago girotuta, aldaketa klimatikoaren ondorioz ezin da Lur planetan bizi, eta orduan ikerketa bat egiten da eta emaitza bezala ematen du dinosauroek bizirik jarraitu izan balute landare hazkuntza ezberdina izango zatekeela, eta horrekin aldaketa klimatikoari aurre egiteko modua legokeela. Orduan, Nazio Batuen Erakundeak lau jokalari bidaltzen ditu iraganera lagin modukoak hartzera. Gainera, joko-taulak kontuan hartzen du nolakoa zen gure planeta orain dela 66 millioi urte.