Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

Europa, duela mendebete bezala, begira

Badirudi berak erabaki zuela su-etena. Eta badirudi erabaki duela su-etenaren amaiera. Eta hala ere, edo horrexegatik, zenbatek ez ote diote «Jainkoak bedeinka dezala presidentea»?

«Historia alda lezakeen zerbait da», esan du Benjamin Netanyahuk Gazan garbiketa etnikoa egiteko asmoaz, Donald Trumpek hura iragarri berritan, historia aldatzeko ahalmena eta eskubidea beretzat hartuta. Hitlerrek ere aldatu zuen historia edo, hobeto esateko, hura aldatzeko asmoa zuen. Ez dakigu zer gertatuko zatekeen munduan nazismoak boterea eskuratu izan ez balu.

Reductio ad Hitlerum, pentsatuko du batek baino gehiagok. Ez nuen bien arteko konparaketarik egin behar, ez zen nire asmoa; hala ere, Etxe Zuriko maizterrak –nagusiak?– tematua dirudi horretarako elementu nabarmenak eskaintzen. Bien mundu ikuskerak ez dira kasualitatez antzekoak: funtsean, Hitlerrek Reich edo inperioaren antzinako distira berreskuratzea zuen helburu; Trumpek, Make America Great Again, AEBak berriro handi egitea, herrialdearen ospea, handitasuna berreskuratzea. Arraza narriatzen ari diren barne eta kanpo etsaien aurka. Hitz egiteko, erabakiak komunikatzeko era... Ez al dira konparagarriak?

Eta funtsean, diogu, Hitler arrazista zen, Hitlerrek hainbat giza talde etsai gisa seinalatu eta horren araberako jokaera izan zuen haiekin. Trumpek...

Bitartean Europa, mundua, duela mendebetetsu bezala, zeharka begira. Begira. Noiz arte?

Bi mundu gerra ezin hondatzaileagoren ostean munduan adostutako oreka edo desoreka edo dena delako hori, Nazioen Elkartea eta gero Nazio Batuen Elkartea, eta Nazioarteko Zuzenbidea... horren guztiaren izenean alferrik galdutako hainbeste borroka justuren eta erdipurdiko bakeren ondoren, gizateriaren ehuneko txiki batek herrialde batean aukeratu duen presidenteak bat-batean eta bere kabuz erabaki behar al du munduaren ordena?

Esate baterako, inperioaren itzulera, kolonialismoarena (inoiz joan ez bada ere); inperio eta kolonialismo tradizionalen iltzulera, alegia. Amerikarren ongizateak dena justifikatzen duela sinetsita. Gezurra gezurraren gainean.

«Hemen daukazue. Bi potrorekin. Hau bai hau benetako tipoa. Beronek bezala egingo bagenu denok, bestelako mundua izango genuke», horixe dioela ematen du osteguneko GARAren lehen orrialdeko irudian Donald Trumpek. Bestea, Benjamin Netanyahu, tente-tente, irribarreari eutsi nahiz baina gogobetetasunak gainez egiten ari zaiola ezpain ertzak zabalduz. Bien atzean, beheko sua piztuta; abaro horretan ez da haurtxorik hotzez hilko, Washingtongo gauak Gazakoak baino hotzagoak diren arren.