«Europan jokatzeko hautagaiak garela esan daiteke»
26 urte baino ez ditu, baina Athleticeko jokalari beteranoenetakoa da; aurtengoa zazpigarren denboraldia du lehen taldean. Ane Azkona (Antsoain, 1998) Athleticek Txapeldunen Liga azkenekoz jokatu zuen urtean heldu zen Lezamara eta orain Europan besoko eta elastiko zuri-gorriarekin jokatzea du amets.

Astea modu onenean hasi zuen Ane Azkonak, denboraldiko lehen golak sartu baitzituen igandean, taldea hirugarren postutik puntu bakarrera hurbildu zuen Betisen aurkako garaipen borobilean. Astea ospakizun are handiago batekin amaitu nahiko luke gaur. Abiapuntu erakargarriagorik ez dago: Athleticek eta Realak derbia jokatuko dute San Mamesen (12.00, ETB1/DAZN), puntuetara berdinduta eta Europara joateko ilusioarekin daudela.
Partida une ezin hobean iritsiko zaizu zuri.
Bai, pozik nago. Garaipenak eta nire bi golek poztasun handia eman zidaten. Eta lasaitasuna. Partida guztietan ibili naiz golaren bila, azkenean iritsi da eta oso pozik nago, batez ere taldea non dagoen ikusita.
Aurrelari baten lana ez da bakarrik goletan neurtzen, baina golak aurrelari baten lanaren parte garrantzitsua dira. 0tik 10era, zer premia zenuen lehen gol hori sartzeko?
Handia. Lasaitasunarekin hartzen nuen egoera, baina horren atzean badago antsietate edo nahi hori. Izugarrizko ilusioa egin zidan gola sartzeak; familiak ere seguru pozik hartu duela lasaitasun puntu hori hartu dudala ikustea. 0tik 10era ez dakit, agian 7a jarriko nuke, lasaitasunarekin lan egiten jarraitu arren, atzean antsietatea ere bazegoelako.
Pentsatzen dut David Aznarren konfiantza izaten jarraitzeak lasaitasun hori mantentzen lagunduko lizukeela. Aurten ere bere konfiantzazko jokalaria izaten ari zara.
Berarekin asko hitz egiten dut. Taldea, gainera, berritu behar da; horregatik egiten ditu aldaketa nabarmenak, batez ere aurreko aldean. Baina berak ere esaten dit jokalari beteranoenetarikoa naizela taldean, eta, nahiz eta partida batzuetan hasierako hamaikakoan ez egon, garrantzitsua naizela taldearentzat. Minutu asko izaten ari naiz baina azpimarratu nahiko nuke beste asko ere minutuak izaten ari direla aurten eta hori oso positibo ikusten dut.
«Klubean, aldagelan, taldean... entzuten da Europaz hitz egiten. Eta uste dut garrantzitsua dela lehenengo guk sinistea gero zelaian islatzeko»
Sekula ere ez da erraza minutuak izatea eta are gutxiago fitxaketak egiten dituen eta jokalari gazte on asko igotzen dituen taldean. Eta zer esan taldeak helburu anbiziosoak ezartzen baldin baditu, horrek eskakizun-maila igotzen baitu.
Exijentzia maila oso altua da talde honetan, hori argi dago. Harrobian oso lan ona egiten da eta kanpotik fitxatzen ditugun jokalariak, maila altukoak izateaz gain, oso gogotsu etortzen dira. Horrelako talde batean, ezin zara deskonektatu, hor mantendu nahi baduzu. Agian une batzuetan ez zara hain protagonista, baina uste dut positiboa dela jokalari asko eta onak egotea eta anbizioa izatea, maila eta lehiakortasuna handitzen baitira eta entrenamenduetan eta partidetan nabaritzen da.
Lan egiten eta norberaren uneari itxaroten jakin behar da. Pertseberantzia lantzeko ondo etorriko zitzaizun lehen taldera iristeko itxaron behar izan zenuen denbora luzea.
Arrazoia daukazu. Hiru urte eta erdi eman nituen bigarren taldean, Lehen mailara iritsi aurretik. Beste jokalari batzuekin heldu nintzen Lezamara eta ikusten nuen beraiek berehala egiten zutela jauzia lehen taldera. Une horretan ez nuen beti horrela ikusten, baina urte horiek oso garrantzitsuak izan dira niretzat; bigarren taldean gauza asko ikasi nituen futbol mailan zein pertsonalki. Eta, prozesua pixka bat motelagoa izan bazen ere, orain Lehen Mailan nago. Hori jakitea garrantzitsua da, helburu bat lortzeko bakoitzak bere prozesua eta bere denbora dituela.
Helburu anbiziotsuez aritu ginen. Iaz hatz puntekin ukitu zenituzten eta aurten antzeko bidetik zoaztela dirudi, Ligan soilik bada ere.
Aurreko denboraldia oso positiboa izan zen guretzat. David heldu berria zen, gauza berriak irakatsi zizkigun eta uste dut ez genuela espero hain ondo egitea, bere ideiak hain ongi eta azkar ezartzea gure jokoan. Oso denboraldi polita egin genuen, batez ere bigarren itzulian, eta aurten gehiago nahi dugu.

Nahi, bai, eta ahal? Hirugarren postutik puntu bakarrera zaudete, baina denboraldi zati handia falta da oraindik. Esan al daiteke Europarako hautagaiak zaretela? Edo oraindik ez?
Bai, esan daiteke. Eta klubean eta aldagelan eta taldean entzuten da. Gainera, uste dut garrantzitsua dela lehenengo guk sinistea gero zelaian islatzeko. Badakigu puntu batzuk galdu ditugula espero ez genituenak. Eta aurrerantzean gerta daiteke. Baina gainontzeko taldeei ere gertatu izan zaie eta gertatuko zaie. Guk gure gauzak ondo egitean jarri behar dugu arreta, guri ahalik eta gutxien pasatzeko.
Gure artean hitz egiten dugu Liga amaitzeko bost partida falta direnean hor goian egon behar garela, borrokan, eta horretarako ezin dugu hutsegite asko egin, engantxatuta jarraitu behar dugu.
Puntuek, gaur egun, borroka horretan kokatzen zaituztete. Eta jokoari dagokionez? Taldea guztiz fidagarria da ala zerbait falta zaio?
Liga ez genuen oso fin hasi, ez genuen aukera askorik sortzen, agian merezi ez genituen partida batzuk irabazi genituen... Baina orain taldea oso partida txukunak egiten ari dela uste dut, aukera asko sortzen ditugu, maila defentsiboan indartsu gaude... Taldeak aurrera egin du eta joko aldetik ondo gaude. Eta aurrera egiten jarraitzeko gogoarekin. Betisen kontra oso ondo zelairatu ginen eta lehen gola sartu genuenean esan genuen ‘tira, goazen beste baten bila’. Ikusten duzu zure taldekideek horrelako gosea, anbizioa, dutela eta zu ere tren horretara igotzen zara. Ondo gaude.
Behin betikoa ez, baina azterketa garrantzitsua duzue San Mamesen. Eta, batez ere, erakargarria; ezin zaio gehiago eskatu partida bati.
Ez, ezin da. Derbia, biak puntuetan berdindua, eszenatokirik onena, ordutegi ona... Irabazten saiatuko gara, eguna are hobea izan dadin.
Pena bakarra da Reala Kopako nekearekin etorriko dela, zuentzat abantaila izan badaiteke ere.
Egia esan, min handia ematen digu Kopan ez egoteak, baina bere alde ona ere badauka eta horretan pentsatu behar dugu. Realak bi aste daramatza aste-barruan eta asteburuan jokatzen; gainera, horietako bi Real Madrilen kontrako partidak izan dira, oso exijenteak. Ostegun gauean jokatu zuten eta nekatuta egongo dira. Guk, berriz, aste osoa izan dugu partida prestatzeko eta hori nabaritzea lortu behar dugu.
«Hiru porrot jarraian jasotzeak min emango zioten Realari, baina derbia da eta gose handiarekin irtengo dira. Oso partida lehiatua espero dut, derbi guztiak bezala, baina are gehiago honetan jokoan dagoen guztiarekin»
Nekearekin bakarrik ez, kanporatzearen penarekin ere helduko da Reala Bilbora. Nabarituko da?
Nabaritu daiteke. Azken finean, aurreko astean ere Real Madrilen kontrako partida galdu zuten, asteburuan Deportivoren kontra ere bai, orain Kopan... Segidako hiru porrot horiek min egingo zioten. Baina derbia da eta, mentalki ondo egoteko egingo duten lanaz gain, gose handiarekin aterako dira; Athleticen kontrako partida da azkenean.
Hori guztia kontuan hartuta, zer nolako partida izatea espero duzu?
Nahiz eta penaturik etorri eta seguruenik guk baino neke handiagoa izan, ezin dugu ahaztu Sanchez Veraren taldeak oso indartsuak direla, presiora oso ondo joaten direla, ez direla atzean geratzen... Oso partida lehiatua espero dut; derbi guztiak bezala, baina are gehiago honetan jokoan dagoen guztiarekin.
Nire ustetan, garrantzitsua izango da Betisen kontrako partida gogoan izatea, partida horretara zein ondo sartu ginen gogoratzea eta errepikatzen saiatzea, Reala lehen minutu horietan geldiaraztea; horretarako, gainera, ondo etorriko zaigu giroa, zaleen beroa. Bestalde, beraiek ez bezala, aste osoa izan dugu partida prestatzeko, gure planteamendua ondo lantzeko, zalantzak argitzeko, eta hori nabaritu behar da. Gure zelaian, San Mamesen, gaudela ere, harmailaren bultzadaz baliatu behar dugu.
Agian aurkariak baino motibazio bat gehiago ere izango duzue, Anoetako derbiak utzi zizuen zaporeagatik.
Bai, oso zapore gazia utzi zigun lehen itzuliko derbi horrek, egia bada ere Realaren kontra galtzeak beti ematen digula mina. Baina lehen zatian ez ginen oso ondo aritu, gero Oguiza kanporatu zuten lehen zati horretan, gainera eurak aurretik jarri ziren... Baina bigarren zatian, nahiz eta jokalari bat gutxiagorekin aritu, taldea oso ondo lehiatu zen. San Mamesen hori ere gogoan izan behar dugula uste dut, nola jokatu genuen bigarren zati hori horrelako baldintzetan, Realari min egin ahal izan geniola, gauzak gaizki jarri baziren ere.
Pertsonalki ere baduzu zertaz oroitu; iaz gol bat sartu zenuen Lezamako derbian.
Ea ba. Alde horretatik, dinamika negatibo luzea pasatu dut eta orain, behin lehen gola sartuta, dinamika onean sartzeko gogoarekin nago, normala denez. Sevillan hasi zena San Mamesen luzatu ahal badut, gure zaleen aurrean eta Realaren kontra, askoz hobeto.

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

