Andoni Lubaki
Fotokazetaria / Fotoperiodista

Hezur guztien gainetik

Lehergailuz suntsitutako eraikin batera sartzeak iluntasunean murgilduta nahi ez duzunarekin topo egitearen arriskua handitzen du. 

Alepoko ospitaleko hezurrak
Alepoko ospitaleko hezurrak (Andoni Lubaki (Ronak Press / CC-BY-ND-NC))

Lehenengo solairuko hondakinen artean xiringak, arropa eta bota militarrak ageri dira. Gatazka guztietan bonbardaketa baten ondoren pare bat egunetara jende ugari agertu ohi da osorik geratu dena hartzera. Ukrainan lantegietako langileak ikusi izan ditut, torloju, pieza edo egiten zena hartzera. Eztandaren ondorengo etxe suntsituetan aldiz hodiak, leiho markoak, kobrezko kableak, eta abar altxor preziatuak dira.


«Ez da inor sartu. Argi eta garbi esan dezaket. Ondoko ospitaleko segurtasun arduraduna naiz ordu hauetan. Niretzako ere berria da guzti hau. Beldurra ere ematen dit hemen ibiltzeak. Hildakoen gorpuak egongo dira» dio Alik.

Estatu Islamikoak ospitalea utzi zuenean azkar alde egin zuten. Islamisten arteko borroken ondorioz 2015 urte hasieran Alepotik ofizialki hanka egitea erabaki zuten. Presazko ihesa erabat. Liwa Al Tawhid talde islamistak okupatu zuen ondoren eraikina, edo hobe esanda eraikinetik geratzen zena. Azken orduan exekutatutako 87 gorpu patioan zeuden artean, horietako asko tortura zantzuekin. Guzti horren artean suizidek erabiliko zituzten lehergailu sistemak egiteko lantegiak, inprenta handi bat, ogia presoei egiteko labeak, eta abar ere aurkitu zuten.

Alik esan du beheko solairuan ez dagoela bonba tranparik, gaudenean aldiz tentuz ibiltzeko eta ez ezer ukitzeko. 

Harri artean galtza batzuk ageri dira, kobrezko kableak inguruan. Inor ez da hemen sartu. Kaleko txakurren bat bai, baina ez behintzat pertsonarik. Galtzen inguruan hezur batzuk topatuta argazkia egin eta hanka egin dugu guk ere. Ezer ukitu gabe. Lehertuta dagoena berriro ez lehertzeko.