Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Burdinaren, harriaren eta egurraren irakaspenak, garai nahasietarako

Egungoak bezalako garai nahasietan, mundua hankaz gora dagoela dirudienean, erantzun bila gabiltzanean geure baitara begiratu beharko genuke. Horretan dabil urte luzeetan Mikel Lertxundi (Berriatua, 1959), eta Durangon jarri du orain ikusgai natura osatzen duten materien bila egin duen bidaia.

Mikel Lertxundi, Durangoko museoan duen erakusketan.
Mikel Lertxundi, Durangoko museoan duen erakusketan. (Marisol Ramirez | FOKU)

«Hiru zirkunferentzia zentrokideren bidez deskribatuko nuke nik mundua: erdian, margo ilunenarekin, burdinazkoa, metal mota guztien ordezkari; haren gainean argiagoa, harrizkoa, ozeanoak hartzen dituena eta azkenik, landaretzak osatzen duena, hau da, zurak edo egurrak», irakurri diogu Mikel Lertxundiri ‘Formatik haratago’ erakusketaren katalogoan.

Iaz Basterretxea eta Ibarrolaren erakusketak hartu ondoren, aurten, eta hilaren 30era arte, Durangoko Arte eta Historia Museoak ikusgai jarri du Mikel Lertxundik azken hiru hamarkadetan egindako lanari buruzko lagina. Bertan, 1990etik 2024ra arte egindako eskulturez aparte, olio-lanak, tinta, argazkiak eta pintura akrilikoak aurki daitezke. Ibilian dabil-eta Lertxundi, diziplina batetik bestera saltoka; baina beti sustraiei ondo helduta.

Naturan errotuta baitago bere lana. Poesiatik ere asko hartu duela sumatzen da. Beharbada, horregatik, erakusketaren programazioaren barruan, poesia emanaldi musikatua eskainiko dute hilaren 13an (19.00etan) Joseba Sarrionandiak eta Peru Madalenak, Eunate Zarrabeitiaren biolinak lagunduta. Bisita gidatuak ere prestatu dituzte: azkena hilaren 22an egingo dute, 12.00etan gaztelaniaz eta 13.00etan euskaraz.

«Egia esan, nire obra ezagutzen da, batez ere, eskulturengatik eta erabili ditudan materialengatik, betidanik egurra, burdina eta harria landu izan ditudalako –argitu digu Mikel Lertxundik–. Baina aspalditik  egin izan ditut beste mota batzuetako obrak. Berdin zuen euskarriak, forma betiere izan baita garrantzitsua nire ibilbidean. Baina ez dut forman geratu nahi izan». Forma soilaz haraindi, forma horren atzean dagoena ere interesatzen zaio egileari.

 

Harriak. Ura. Burdina. Sua. Egurra. Airea. Naturaren elementu hauek elkarlanean jarri ditu mende erdian zehar Mikel Lertxundik, gizakiontzat metafora gisa funtzionatu beharko lukeena: guztiok elkarri lotuta gaude.

Umetan naturak eskainitakoarekin (egurrak, harriak, buztina...) jolasten omen zen  Mikel Lertxundi. Geroago, Ceutan soldaduska egiten ari zela, artista izango zela erabaki zuen, «baita ogitartekoak janez bizi» behar bazuen ere.

Geroztik, ez du ezerk desbideratu helburu horretatik. 1980an Bizkaiko Aurrezki Kutxaren Arte Plastikoetako Sorkuntza eta Ikerketa beka lortu zuen. Bekak Parisera bidaiatzeko aukera eman zion eta Estatu frantsesean eta munduan egiten eta erakusten zen artea bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuen han.

Arte ibilbidean hasi eta urte gutxira, bere bide pertsonala ireki zuen harri, egur eta burdinaren batzea oinarri hartuta. 1980ko hamarkadaz geroztik, ura, airea eta sua elementuak ere batu zizkien bere sormen lerroetako batean. Nazioarteko arte azoka prestigiotsuetan erakutsi ditu lanak, eta artea kalera ateratzeko asmoz erakusketa handiak egin ditu neurri handiko eskulturekin: Ziortzako monasterioan 2006an, Arenatzarte parkean, Gueñesen, 2009an eta Bilboko kaleetan 2019an. Horrez gain, eskultura publiko ugari ere baditu Estatuko eta atzerriko zenbait parke eta espazio zabaletan kokatuta: Lea-Artibaiko herri gehienetan, eta Bilbon, Zarautzen, Kantabrian, Biarritzen, Ingalaterran, Italian, AEBn... Durangon ere bai, Zuhartzola parkean eta Kurutziagako lorategian.

Dena, hiruko taldeetan

Durangorako, azken hamarkadetan eraiki duen unibertso kreatiboa laburbildu du. Euskal artearen tradizioan oso errotuta dauden eskulturen ondoan, erabat “organikoak” diren argazkiekin egingo dugu topo. Hor daude ere 2024an egin dituen azken lanak, margo akrilikoak. Betiere azpian natura dago: «Hirukoteak dira normalean nire lanak. Hiruko talde horiek handi samarrak dira eta bertan mugimenduak azaltzen dira: uraren mugimendua, beti goitik behera egiten duena;  suaren mugimendua, behetik gora egiten duena eta haizearena, horizontalean. Hori baita bizitzak behar duen oreka».

Naturari gehiago erreparatu beharko genioke; hori ez du inork zalantzan jartzen. «Elementuek bizia eman dezakete eta bizia kendu ere bai. Hala ere, gure bizitzaren espazioko derrigorrezko elementuak dira», gehitu du. Dena lotuta dago naturan: «Elementuen arteko elkar laguntza, elkarlan edo elkar behar izate horrek  metafora bezala funtziona dezake gizakioi dagokionez».