Andoni Arabaolaza

Zortzimilakoetan izaten diren hildakoen inguruan bi aurpegi ezberdin

Joan den 7an, Annapurnaren bigarren eta hirugarren kanpalekuen arteko sekzio arriskutsuan, Mgima Tashi eta Rima Rinje langile xerpak zendu ziren elur-jausi baten ondorioz. Zortzimilakoa inoiz baino baldintza okerragoetan aurkitzen da.

Bernadette McDonaldek Nepalgo eta Pakistango mendizaleen historiari buruz idatzitako ‘Himalaiako benetako heroiak’ liburuak, besteak beste, mendiko langileak ditu hizpide. Baita izaten dituzten istripuak ere. Gaiari tarte zabala eta oso egokia ematen dio, eta eduki horren lekukoa hartu dugu Himalaian hasi berri den ohiko denboraldia aipatzeko.

Joan den 7an, Annapurnan lanean ari zirela, xerpa etniako Ngima Tashi eta Rima Rinje zendu ziren. Bigarren eta hirugarren kanpalekuen artean zeuden; hots, zortzimilakoak duen tarte arriskutsuenean. Hain zuzen ere, 5.600 metrora elur-jausi batek harrapatu zituen. Bi langile hauek kanpaleku horiek oxigeno botilekin hornitzen ari ziren. Hirugarren kide bat, Pemba Thenduk, ezbehar horretatik onik atera zen. Hirurak ala hirurak egun Nepalek duen agentzia nagusiko, Seven Summit Treks-eko, beharginak dira.

Astebete lehenago, Vadim Druelle alpinista frantziarrak istripua izan zuen. Artesi batera erori zen, baina onik erreskatatu zuten. Druelle zortzimilakoak oso azkar igotzen espezialista handia da. Iaz, adibidez, Nanga Parbat eskalatzeko 15 ordu behar izan zituen eta Gasherbrum II mendia 17. Annapurnan ere abiadura errekorra egiteko asmoa zuen, baina ezbeharrak xede hori bertan behera uztera behartu du.

Irakurtzen den bezala, Annapurnan ez dago girorik. Inoiz ez bezala, zortzimilakoa oso baldintza kaskarretan dago. Lehorteak eta klima aldaketak iparraldeko isurian dagoen ibilbide klasikoa aldatu dute: seracak, artesi asko, izotz beltza… Bide batez aipatu behar dugu elur-jausi erraldoiak ibilbidea erabat desitxuratu egin duela.

Alabaina, agentzia komertzialetako langileek aukera izan zuten mendia behetik gora ekipatzeko eta kanpaleku ezberdinak hornitzeko. Horri esker, istripua gertatu baino ordu batzuk lehenago berrogei mendizalek tontorra egin zuten. Horietako asko eta asko langile nepaldarrak ziren.

Zorigaitzaren inguruan, Imagine Himal agentziaren buru Mingma G Xerpak adierazi du Annapurnan egingo duen azken denboraldia izango dela: «Zotzimilako horretara makina bat espedizio antolatu ditut, baina aurtengoa inoizko zailena izan da. Mendiaren baldintza kaskarrek den-dena nahastu dute. Bigarren eta hirugarren kanpalekuen arteko sekzio horrek izutu nau. Horregatik guztiagatik aurrerantzean ez dut Annapurnan espediziorik antolatuko. Oso arriskutsua bezain ederra da mendi hori, baina ez dut nire bizitza arriskuan jarriko».

Everest

Annapurnan izaniko istripuaren harira, gogoratu behar dugu duela hamaika urte Everesteko beste tarte oso arriskutsu batean Himalaiako historiaren elur-jausi nagusienetako bat gertatu zela. Hain zuzen ere, zortzimilakoaren hegoaldeko isuriak duen Khumbuko glaziarreko izotz jauzian. Hamasei langile nepaldar zendu ziren

Glaziar kaotiko eta puskatu hori ekipatzeko ardura “Ice Fall Doctors” taldeak du. Hots, langile nepaldarrak osatzen duten taldeak. Agentzia komertzialetako bezeroak (eta beste alpinista batzuk) iritsi baino lehen ibilbide hori sokekin eta eskailerekin ekipatzen dute. Everestera iristen diren lehen protagonistak dira, eta joaten azkenak ere. Segurtasunez ekipatzeaz gain, bidearen balizko aldaketen aurrean erne egon behar dute.

Denera, hiru hilabete egiten dute munduko mendi garaienaren lekurik arriskutsuenean. Izotza etengabe mugimenduan dago, ohiko luiziak biderkatu dira tenperaturaren gorakadarekin… Finean, saihestu ez daitekeen leku desatsegina eta arriskutsua da. Ahal den azkarren zeharkatzeko ingurua da mendizaleentzat. Baina diogun bezala, talde horretako kideak glaziarraren bihotz horretan egunero lanean izaten dira.

Sagarmatha Polution Control Committee erakundearentzat lan egin dute, eta hain zuzen ere eragile horrek ekoitzitako bideoak Ice Fall Doctors taldearen zeregina erakusten du. Gogoratzen digu langile hauek gabe agentzietako bezeroek ezingo luketela bigarren kanpalekura heldu eta, hortaz, gailurrera abiatu. Finean, irudi horiek Everesteko makineria horren langileen lan arriskutsua hobeto ulertzeko aukera ematen dute. Omenaldi bat ere bada.