NAIZ

Elkartasun kanpaina abiatu du Euskal Herrian Euskarazek bi kideen epaiketaren gastuetarako

Baionako epaitegiko horman ‘Justizia euskararentzat’ idazteagatik epaituak izan diren Gorka Torre eta Intza Gurrutxaga Euskal Herrian Euskarazeko (EHE) kideek guztira 1.500 euroko isuna jaso dute. Gastuei aurre egiteko elkartasun kanpaina abiatu du EHEk dirua biltzeko.

Gorka Torre eta Intza Gurrutxaga epaiketaren egunean, Baionan.
Gorka Torre eta Intza Gurrutxaga epaiketaren egunean, Baionan. (Patxi BELTZAIZ)

1.000 euroko eta 500 euroko isunak, hurrenez hurren, jaso dituzten Gorka Torre eta Intza Gurrutxaga Euskal Herrian Euskarazeko (EHE) kideak apirilaren 11n epaitu zituzten, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Baionako epaitegiaren horman ‘Justizia euskararentzat’ idazteagatik, desobedientzia leporatuta

Orain, EHEk elkartasun kanpaina abiatu du epaiketak sortutako gastuei aurre egiteko eta «euskararen aldeko lanean» jarraitzeko dirua biltzeko. Diru ekarpenak transferentzia bidez egin daitezke ondoko kontu korronte zenbakian: ES96 2095 5035 05 1074397554 (Euskaltzale Euskaldunon Elkartea).

Joan den ostiraleko epaiketan auzipetuek euskaraz deklaratzeko eskubidea aldarrikatu zuten eta hitza euskaraz hartzen saiatu ziren. Epaileak, baina frantsesa erakundeen hizkuntza dela argudiatu zuen, Konstituzioaren bigarren artikuluan oinarri hartuta. Eztabaidaren erdian, epaileak Gorka Torre aretotik kanporatu zuen eta Intza Gurrutxagarekin batera atera zen, «Euskal Herrian euskaraz» oihu artean.

Orduan, honakoa deitoratu zuten bi militanteek: «Frantses Estatuak euskararen zapalkuntza inposatzen digu indarkeriaren bitartez. Hau agerian geratu da gaur, hemen».