
Nafarroako Gobernuaren LGTBI+ pertsonentzako arreta integraleko zerbitzuak, Kattalingunek, 297 pertsona artatu zituen 2024an, zerbitzuko programetan eta bulegoetan. Hala ere, guztiak ez daude lotuta LGTBI+fobia-delituekin.
Kattalingune LGTBI+ pertsonei arreta integrala emateko zerbitzua da, eta Iruñea, Tutera, Irurtzun, Tafalla eta Lizarrako egoitzetan informazioa, arreta sexologikoa, psikologikoa eta juridikoa eskaintzen espezializatutako langileak ditu.
Gainera, LGTBI+fobiaren ondoriozko gorroto-delituen biktimentzako gida bat eskaintzen dute, horrelako egoerak identifikatzen jakiteko eta salatu ahal izateko informazioarekin, Nafarroako Gobernuak gogorarazi duenez.
Lesbiana, Gay, Trans, Bisexual, Intersexual eta gehiagoren Estatuko Federazioak (FELGTBI+) egindako azken txostenaren arabera, sexu- eta genero-orientazio eta identitateagatiko gorroto-delituak dira bigarren salaketa-kausa, arrazakeria eta xenofobiagatiko gorroto-delituen ondoren.
Gauza bera ondorioztatzen du Barne Ministerioak argitaratutako 2023ko gorroto-delituei buruzko azken txostenak. Horren arabera, hala ere, FELGTBI+ek bildutako datuak aztertuz gero ikusten da nola jazarpen, diskriminazio edo erasoren bat jasan duten pertsonen gehiengoak (%80,7) ez zuen bere kasua poliziaren aurrean salatu.
Pertsona horien %23,7k salaketa jarri zuten LGTBI+ elkarteren batean, eta erdiek baino gehiagok (%56,9) ez zuten inon salatu.
Txosten beraren arabera, salaketa jartzen den kasuetan gutxitan identifikatzen dira gorroto-delitu gisa. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak azpimarratzen du garrantzitsua dela errealitate hori ikusarazten laguntzea eta hura desagerrarazteko neurriak bultzatzen jarraitzea.
Alde horretatik, Gobernuak sentsibilizazio kanpaina bat abiatu du, LGTBI+fobiaren aurkako egunarekin bat eginez. Era berean, adierazpen instituzional bat onartu du kolektiboaren eskubide-berdintasunaren alde borrokan jarraituko duela eta diskriminazioa eta gorroto-delituak identifikatzen lagunduko duten neurriak sustatuko dituztela baieztatuz.
KANPAINA
Alde batetik, Nafarroako Gobernuak lurraldeko pertsona lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualak ordezkatzen dituzten elkarte eta plataformekin duen elkarlana indartu nahi du, gorroto-delituak gehiago salatzea eta horiek identifikatzea lortzeko.
Horretan eraginkorragoak izateko asmoz, Nafarroako LGTBI+fobiaren Behatokia sortu nahi dute, NABIren bidez, kolektiboak Nafarroan bizi duen errealitatea aztertzeko, eta gorroto-delituen aurkako erantzun eraginkorra eskaini ahal izateko. «Uste dugu, une honetan, non talde feminista eta LGTBI+k aurrerapauso ugari ematen ari diren, gure konpromisoarekin tinko jarraitu behar dugula», aipatu zuen Nafarroako Berdintasun Institutuko (NABI) zuzendari Patricia Abadek.
Bestalde, Gobernuak 16.000 euro erabili ditu jada martxan dagoen kanpaina sustatzeko. “Ikusi ez arren, LGTBI+fobia hor dago. Ekin!” dioten kartelen bidez arazo honen aurka borrokatzera animatu nahi dute gizarte osoa, diskurtso LGTBI+fobikoen gorakada gertatzen ari baita.
Kartela ikusmen probak egiteko erabiltzen diren kartel horietako bat da, non LGTBI+ kolektiboko pertsonek jasaten dituzten bazterkeriak irakur daitezkeen, hasiera batean ikusten ez direnak. Kanpainaren bidez pertsona hauek egunero jasotzen dituzten diskriminazioak azaleratu nahi dituzte.
Kanpaina martxan egongo da datorren ekainaren 5era arte, eta autobus markesinetan zein kaleetako ikus-entzunezko euskarrietan ikusi ahal izango da, baita Nafarroako Jauregia janzten duten lonetan eta sare sozialetan ere.
Behin kanpaina hau pasatuta, pentsatzekoa da Nafarroako Gobernuak beste bati helduko diola, azken urteetan hala egin baitu: Ekainaren 28an LGTBI+ Harrotasunaren Eguna ospatzen da, eta, aniztasuna ospatzeko hitzordua izateaz gain, zapaldua den kolektiboaren eskubideak aldarrikatzekoa ere izango da beste behin.

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

Fallece la jueza Ángela Murillo, protagonista de varios juicios contra la izquierda abertzale

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»

