Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Stalman: «Gizartearen %80k jasangarritasuna nahi du, baina %5ek bakarrik daki nola lortu»

Jasangarritasuna izan dute hizpide ostiral arratsalde honetan Donostiako Tabakaleran, Gipuzkoako Aldundiak antolaturiko solasaldian. Jasangarritasunaren inguruan posizionatu beharraz, greenwashing-a identifikatu eta salatzeaz eta herrialde garatuen eginkizunaz hitz egin dute.

Andy Stalman, marketan eta branding delakoan aditua, bere hitzaldian.
Andy Stalman, marketan eta branding delakoan aditua, bere hitzaldian. (Gorka RUBIO | FOKU)

‘Gipuzkoa jasangarri izateko elkarrizketak’ hitzaldia antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Enpresek, instituzioek eta norbanakoek jasangarritasunaren bidean duten funtzioaz aritu dira, markek bertan duten zereginaren inguruan hausnartzeko parada hartuta. Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko foru diputatua izan da moderatzailea eta mintzakide izan ditu Andy Stalman markagintzan eta branding delakoan aditua, Paula Fernandez Ochoa aholkularia eta Jacob Petrus geografo, klimatologo eta zientzia dibulgatzailea. Tabakalerako Z aretoa betetzea lortu dute jasangarritasunaren eta larrialdi klimatikoaren inguruko hausnarketek.

«Jasangarritasuna» kontzeptua zuen mintzaldiak abiapuntu eta Stalmanek markek jasangarritasunaren bide horretan betetzen duten funtzioaren inguruan hitz egin du. Markak modu zabalean ulertuta, izan daiteke enpresa bat, instituzio bat, erakunde bat edota pertsona publiko bat. «Markek ekarpena egin dezakete gizartea bateratzeko, hori baliatu behar dute erakunde, enpresa edo instituzioek, markak hobetuta, instituzioa bera hobetu dezakegu, eta instituzioa hobetuta gizartea».

Paradigma aldaketa batean gaudela adierazi du eta baieztapen bat bota du larrialdi klimatikoari lotuta: «Aldatu beharrekoa sistema da, ez klima. Egoera honetara ekarri gaituen sistema». Eta itzalaldia bezalako gertakariak «kontzientziak astintzeko» erabili behar direla gaineratu du.

«Totem markak» marka postmodernoak direla azaldu du Stalmanek, horiek direla «aktibismoa» egiten dutenak: «Gaur egun, jasangarritasunaren gaian ez posizionatzea posizionatzea da, eta marken bidez harreman berriak sortzen dira herritarren artean».

«Greenwashing-az nazkatuta gaude, benetako konpromisoa duten markak indartu behar dira», esan du irmoki, eta ondoren hainbat datu mahaigaineratu: «Gizartearen %80k jasangarria izan nahi du, baina nola izan %5ek bakarrik daki».

Greenwashing-az

Fernandezek norbanakoarengan jartzen du arreta: «Jasangarritasuna ez da makroa, norberarengan hasten da, mundua horrela dago guk hartutako ondorioen eraginez». Eta adibide bat jarri du: kontsumitzaileen «merke eta azkarraren» atzean zer nolako kutsadura, hondakinak eta langileen baldintza txarrak dauden gogoratu du. Bere hitzartzean amaitzeko marka batek «sustraiak eta hegoak» behar dituela nabarmendu du.

Asensiok Fernandezi galdetu dio ea nola bereizi greenwashing-a: «Gero eta gehiago sumatzen da zer den, kontsumitzaileak geroz eta kontzientziatuago gaude, eta gero eta argiago sumatu dezakegu greenwashing-a, politikoki zuzena dena saltzen da, baina sarritan makillajea besterik ez da».

«Jasangarritasunaz hitz egiten dugunean, ezin dugu ardura bera izan garatutako herrialdeek, garatzeko bidean daudenek eta garatu gabekoek. Beharrezkoa da analisi hau; jasangarritasunaz herrialde garatuetatik hitz egiten dugu, baina planetaren ikuspegitik begiratu beharko genuke. Hitz egin dezagun jasangarritasun etiko eta moralaz», adierazi du Petrusek, eta azterketak egiterakoan zorrotzak izan behar dugula ohartarazi.

Asensio diputatuak itxiera emateko adierazi du proiektuak garatu behar direla, eta herritarren pentsamendua landu: «Foru Aldundian politika zehatzak lantzen ari gara, hala nola tokiko energia komunitateak edo Fagorrekin eta Aretxabaletako Udalarekin duela gutxi sinatutako hitzarmena District Heating bat bultzatzeko, baina pentsamolde kolektiboaren aldaketa ere behar dugu».