
Nahiz eta mamiari gogor eutsi dion, Xabier Ormazabal zenaren omenez Urretxun antolatzen den bekak urtez urte ekarpen berriak aurkezten ditu. Egitasmo horretan gaztetasunaren sugarrak indarra du, eta etzi Labeagako aretoan aipatzen dugun kontzeptu hori topagune ederrean bilakatuko da.
2004. urtean, 21 urterekin, Cho Oyu mendian zendutako mendizalea gogoratzeko Urretxuko Udalak beka hori martxan jarri zuen gazteei zuzenduta. Hortaz, gazteak dira protagonistak. Gogora dezagun zortzimilakoaren aldatsetan betiko geratu aurretik urretxuarrak sona handia duen «elurretako lehoinabarra» xedea biribildu zuela. Bai, euskal mendizaletasunaren historian pasarte bat idazteko aukera izan zuen. 2002. eta 2004. urteen artean, hiru espediziotan, Ormazabalek aipatu dugun helburua osatu zuen. Hots, Sobietar Batasuna izandakoan dauden bost zazpimilakoak. Hori egin zuen lehen euskal mendizalea izan zen, gainera.
Bekari dagokionez, etzi, Labeagako aretoan, edizio berria aurkezteaz gain, «saltsa» ederra biziko dute bertaratzen direnek. Bederen, hori aurreratu nahi du Andoni Ormazabalek, hots, Xabierren anaia eta egitasmoaren bultzatzaile nagusiak: «Bekari, nolabait, corpus bat eman nahi diogu. Gazteen proiektuak sustatu nahi ditugu, horrekin ez dago zalantzarik, eta uste dugu azken urteotan indarra hartzen ari dela. Baina jantzi horri beste osagarri batzuk gehitu dizkiogu. Eta etziko egitaraua horren isla da».
Aurkezpen kartelean ikusten denez, Ormazabalen omenez egingo den ekitaldiak hainbat gonbidatu izango ditu. Ainhoa Unanue horietako bat da: azken edizioaren irabazlea. Mendizale eta abenturazale zumarragarraren ‘Mendi eskia bizikletaz Alaskan’ proiektuak jaso zuen beka. Alaska hegoaldean eski zeharkaldi bat jasotzen zuen, itsasoan bukatzen zena. Ondoren, itsasontziz Valdezera joan eta handik Anchoragera bizikletarekin eta eskiekin. Bada, Unanuek Labeaga aretoan bidaia horretan bizi izan zuen eskarmentuaren berri emango du.
Unanue protagonista izango da, baina aipatu dugun «jantzi» hori apaintzera beste bi gazte hurbilduko dira: Ainhize Belar eskalatzailea ‘Iñi Ameriketan’ dokumentalarekin eta Janire Etxabe dantzaria ‘Haize erroak’ emanaldiarekin.
Bestalde, Andoni Ormazabalek aurreratu du gazteen ikuspegia zabaltzeko adin horietatik urrun dagoen protagonista bat ekarri dutela: «Jordi Corominas historikoa gonbidatzea otu zitzaigun. Denon erreferentea izan da, eta uste dugu alpinista katalanak nolabaiteko ekarpena egin dezakeela gazteen artean izan duen ibilbide luzearen eta aberatsaren inguruan azalpenak emanez».
Gidoi luze horri hasiera emango diona, berriz, Legazpiko Elbereth musika taldea izango da. Ordua: arratsaldeko 19.00etan. Hortik aurrera, Xabier Ormazabal beka festa batean bihurtuko da. Bezperak ere ekitaldi txiki bat izango du: Sebastian Alvaroren azken liburuaren aurkezpena.
Babesle berriak
Etziko ekitaldian aurkeztuko den bekaren edizio berriak bultzada garrantzitsua jasoko du. Izan ere, aurrerantzean bi babesle berri izango ditu Urretxuko egitasmoak: WOP-The Walk On Project fundazioa eta Mendi Film. Erakunde bakoitzak 2.000 euroko ekarpena egingo du. Hortaz, Urretxuko Udalak ematen dituen 3.000 euroekin batera, Xabier Ormazabal bekaren irabazleak 7.000 euroko laguntza izango du.
Andoni Ormazabal oso pozik ikusi dugu ekarpen ekonomiko eta babesle berri horiekin: «Orain arte, Urretxuko Udalaren laguntza jaso dugu. Eta zalantzarik gabe, asko eskertzen dugu babes hori. Eta zer esango dut berrien inguruan? Bada, beso zabalik hartzeaz gain, oso-oso eskertuta gaudela. Izan ere, deialdi berriari indar sendoa emango dio».
Arestian aipatu dugun bezala, Urretxuko ekitaldian beka berriaren edizioa aurkeztuko dute. Eta berriro gogoratu behar dugu gazteei zuzenduta dagoela. Oinarriak www.urretxu.eus atarian ikus daitezke. Horren laburpen txiki bat Andoni Ormazabalek berak gogorarazi nahi izan digu: «Bekak mendizaletasunaren adar ezberdinak jasotzen ditu; hots, eskalada, alpinismoa… Horiek guztiek kirol ikuspuntuarekin bat egiten dute. Baina mendiko kulturarekin eta beste arlo batzuekin lotuta dauden proiektuak ere jasotzen ditu: liburuak edo gida edizioak, ikus-entzunezko edizioak, materialen hobetzea... Jarduera ‘potoloak’ ondo daude, eta horiek txalotzen ditugu. Halere, xede berriak edo originalak jasotzen baditugu pozarren jarriko gara».

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años

El equipo de gobierno de Iruñea pide la dimisión de Ibarrola y Adanero por «difundir bulos»

EH Bildu ganaría en la CAV y subiría en Nafarroa, según un sondeo de Aztiker
