Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA

«Izotzean amets», izotz gaineko patinajeaz harago doan ikuskizuna

Nerea Vazquez, Gaizka Madejon eta Euken Alberdi txikitako lagunak dira. Donostiako Txuri Urdin izotz jauregian ezagutu zuten elkar. Larunbat honetan pistan batuko dira berriro, Anoeta Izotz Taldeak antolatu duen ikuskizunean: «Al filo de los sueños-Izotzean amets».

Ezkerretik eskuinera, Euken Alberdi nazioarteko patinatzailea, Nerea Vazquez entrenatzaile eta patinatzailea eta Gaizka Madejon irundarra (Disney On Ice), Donostiako Txuri Urdin izotz jauregian.
Ezkerretik eskuinera, Euken Alberdi nazioarteko patinatzailea, Nerea Vazquez entrenatzaile eta patinatzailea eta Gaizka Madejon irundarra (Disney On Ice), Donostiako Txuri Urdin izotz jauregian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Larunbateko «Al filo de los sueños-Izotzean amets» ikuskizunarekin, Anoeta Izotz Taldeak helburu nagusi bat du: patinaje artistikoa kirol gisa ezagutaraztea eta ikusgarritasuna ematea. Baina patinajeaz harago doan ekimena ere bada. Nerea Vazquez patinatzaile, entrenatzaile eta zuzendari artistikoak eta Gaizka Madejon eta Euken Alberdi patinatzaile eta parte hartzaileek ikuskizunari buruz eta pasio duten izotz gaineko patinajeaz luze hitz egin dute NAIZekin, entsegu baten ostean.

«Kultur diziplina desberdinak leku berezi batean elkartu nahi izan ditugu ikuskizun honetan, hain gurea den Txuri Urdinean. Ez da ohikoa izotz pista batean dantzariak edo abesbatza bat zuzenean ikustea», esan du Vazquezek. Egongo diren zuzenekoen artean Clara Alberdi (Kler), Olatz Eguiburu (pianoa), Nikola Iraola (dantza), Kukuka dantza eta antzerki taldea, Donostiako Musika Eskola eta «askoz sorpresa gehiago» daude.

Honako patinatzaileek hartuko dute parte: Javier Fernandez dominadun olinpiko, bi aldiz munduko txapeldun eta zazpi aldiz Europako txapelduna; Sonia Lafuente, patinatzaile olinpikoa; Euken Alberdi, nazioarteko patinatzaile donostiarra eta Estatu mailan izotz gaineko atzeko jauzi hilgarria egin duen lehen patinatzailea; Gaizka Madejon irundarra, Disney On Ice konpainiakoa; Raul Bermejo eta Philomenesabourin, izotz gaineko dantzako nazioarteko mailako bikotea; eta Celia Garnacho, nazioarte mailako patinatzaile madrildarra.

«Ikuskizuna prestatzea erronka izan da guztiontzat. Larunbateko kartelak harrotasunez betetzen gaitu. Hemengo artistekin osatuta dago: musika eskola, perkusio taldea, abeslariak eta piano-jotzaileak donostiarrak dira. Eta Javier Fernandezek oso gutxitan parte hartzen du gala batean eta gure artean egongo da, baita Sonia Lafuente ere. Niretzat, patinatzaile gisa, bi erreferente dira. Eta klubeko ume eta gazteentzat erreferentziazkoak dituzten Gaizkarekin eta Eukenekin patinatu ahal izatea opari moduko bat da, urte osoa gogor entrenatzen aritu ostean», azaldu du Vazquezek. Horrez gain, emanaldi hau patinaje artistikoa ezagutarazteko «aukera bikain eta polita» dela esan du.

«Kirol honi aukera bat emateko eskatu nahi genioke jendeari. Ez da aspergarria; gauza desberdin asko egin daitezke izotz gainean»

«Kirol honi aukera bat emateko eskatu nahi genioke jendeari. Ez da aspergarria; gauza desberdin asko egin daitezke izotz gainean, baina jendeak ez daki kirol honek horrenbeste aukera dituenik», esan dute Vazquezek, Madejonek eta Alberdik.

Helduen taldea

Osotara, izotz gainean 150 pertsona inguru arituko dira; tartean, duela bi urte osatu zuten helduen taldeko patinatzaileak. Une honetan hamar heldu ari dira ikasten. «Gimnasiora joatea ez den beste kirol mota bat egiteko gogoa zuten. Askok izotzean aurkitu dute kirola egiteko espazio bat», azaldu du Alberdik.

Haurrekin alderatuta helduei erakustea nolakoa den galdetuta, «oso desberdina» dela esan du Vazquezek. «Teknika moldatu behar duzu, baina oso esker onekoak dira. Goizeko 06.45ean etortzen dira astean zehar entrenatzera eta, hala ere, beti adi egoten dira, mugimendu bera 30 aldiz errepikatzeko prest. Ordu horretan klasera datorren pertsona bat kirol hau benetan gustatzen zaiolako da, bestela ez litzateke etorriko». Haurrek baino erortzeko beldur handiagoa  dute; «baina, orokorrean izotza segurua da, erorketak oso kontrolatuta egoten dira eta, gainera, izotzak irristatu egiten  du; lurrarekin kristoren aldea dago. Entrenatzen ari naizenean, egiten ez dakidan jauziak egiten ditut eta baliteke 30 aldiz erortzea, eta hurrengo entrenamenduan beste 30 aldiz; beraz, ohitu egiten zara eta ikasi egiten duzu nola erori. Gauza bera gertatzen da helduekin», nabarmendu du Alberdik.

Azken urteetan, patinaje artistikoa ulertzeko era aldatu egin den arren, Madejonen hitzetan, «oraindik ez da ohikoa Euskal Herrian». EAEn bi izotz pista besterik ez daude, Gasteizen bata eta Donostian bestea. Txikitan, Irundik Donostiara joan behar izaten zuen egunero entrenatzera eta «patinajea nesken kirola da» eta halakoak entzun behar izaten zituen. «Gelakideek ohikoagoak diren kirolak, futbola eta saskibaloia esaterako, egiten zituzten. Nik betidanik artistikoagoak diren kirol ekintzak izan ditut gustuko. Patinajea 'nesken kontua' dela eta antzeko komentarioak entzun izan ditut, baina denbora pasa ahala, pertzepzioa aldatu egiten da eta orain harriduraz galdetzen didate ea izotz gaineko patinatzaile artistikoa naizen», kontatu du Madejonek.

Alberdi bat dator esandakoarekin: «Txikitan gehiago nabaritzen duzu jendeak aurpegi arraroa jartzen duela, batez ere mutila izanda, nahiz eta aurpegira zuzenean deus ere ez esan. Baina, 16-18 urte dituzunean eta patinaje artistikoa egiten duzula esaten duzunean, aho zabalik gelditzen dira».

Euken Alberdi «Al filo de los sueños-Izotzean amets» ikuskizunaren entseguan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Vazquezen hitzetan, «haurren artean izotz pista bai, ezaguna da, gehienak noizbait etorri direlako eskolarekin, gurasoekin edo lagunekin, baina ez dakite kirol horretan egunero entrenatu daitekeenik edo klub batean izena eman dezaketenik. Horregatik, garrantzitsua da umeek izotz pista ezagutzea eta ikastaroetan parte hartzera animatzea. Gauza asko egin daitezke izotzean, patinajea, hockeya...».

Kirol gisa ez zaiola behar bezalako ikusgarritasuna eta arreta ematen nabarmendu du: «Euskal Herri mailan ez da gehiegi hitz egiten izotz gaineko patinajeaz. Gaizka Estatu Batuetan dugu, Disney On Ice-n. Hor sartzeko castinga izugarri zorrotza da, ez dute edonor hartzen. Kirolari euskaldun batentzat hor egotea oso garrantzitsua da, eta inork ez du horren berri, nahiz eta jada bertan hiru urte daramatzan. Euken aurten txapelketetan primeran ibili da, baina apenas eman zaio oihartzunik».

Txuri Urdinetik Estatu Batuetara

Disney On Ice konpainian egoteak zer suposatzen duen galdetuta, «oso lan ederra» dela nabarmendu du Madejonek: «Lehiaketak mugatuagoak eta zorrotzagoak dira. Presioa ere oso handia zen; lau minutuan denboraldi osoko lana duzu jokoan eta zu bakarrik zaude epaimahaiaren aurrean. Ni lehiatzeak baino alde artistikoak eta sormenak erakartzen naute. Disney On Ice-n ez zaude zu bakarrik izotzean, pertsona gehiagorekin koordinatu behar duzu koreografietako mugimenduak egiteko. Lankidetasuna lantzen duzu. Lehiaketetan ez bezala, giroa askeagoa eta lasaiagoa da».

«Betidanik ezagutzen dugu elkar; zazpi bat urterekin hasi ginen patinatzen, ia aldi berean, eta txikitatik nabaritzen zitzaion Gaizkari ikuskizunerako grina eta trebetasuna. Artista baten ondoan zeundela sentitzen zenuen. Bere lekua aurkitu du», aipatu du Vazquezek.

Presioa eta buruko osasuna

Alberdi txapelketen munduan murgilduta dago. «Lehiaketaren erdia teknika izan beharko litzateke eta bestea erdia, alde artistikoa. Baina, Gaizkak dioen bezala, azken urteetan teknikak pisu handiagoa  hartu du; lehentasuna ematen zaio».

Txapelketa egunean, hiruzpalau minutuan denboraldi osoan egindakoa «erakutsi behar duzu. Entrenatzeaz gain, nire lana ere bada momentu horretarako burua prestatzea, lasai eta seguru sentitzeko eta jakiteko nire gurasoak harmailetan ni baino urduriago egongo direla. Lehiaketa batean egotea opari bat da berez, horrela ikusten dut nik. Erorketak eta akatsak egongo dira, baina garrantzitsuena erorketaren ondoren egiten duzuna da, eta ez eror zaitezkeela aldez aurretik pentsatzea», azaldu du Alberdik.

Hemezortzi bat urte zituenean hasi zen Vazquez entrenatzen; «entrenatzaile gabe gelditu ginen eta, ni taldeko helduena nintzenez, entrenatzea eskatu zidaten bai gurasoek, baita nirekin patinatzen zuten kideek ere. Nik baino konfiantza handiagoa zuten nigan. Niretzat garrantzitsuena non zauden jakitea da. Kirol hau oso gogorra da, zeure buruarekin lehiatzen ari zara hiru epaimahaikideren aurrean eta mundu guztia isilik dagoela. Eta zu bakarrik pistan, ia dena perfektu egiteko. Txikitatik hasten gara lehiaketetan parte hartzen. Nola ez zara 12-13 urterekin urduri jarriko edo nola ez duzu izango huts egiteko beldurrik? Lan hori pistan egunero-egunero egin behar da. Garrantzitsuena umea nola sentitzen den da. Baliteke egun batean ikastolan egun txarra izan eta entrenamendura guztiz blokeatuta iristea. Entrenatzaile gisa, jakin behar duzu egun horretan entrenamendua nola bideratu, haurra entrenatzen ari den bitartean espazio seguru eta aske batean sentitzeko eta motxilan dakartzan arazoez ahazteko. Hori lortzea da zailena».

«Haurrekin frustrazioari aurre nola egin lantzen dut. Klubean sartzen diren momentu beretik, etsipena, galtzea, lantzen ditugu. Umeen, entrenatzaileen eta gurasoen arteko komunikazioa ezinbestekoa da»

Entrenatzailea eta gurasoak «norabide berean» joateari funtsezkoa deritzo. «Haurrekin hasiera-hasieratik frustrazioari aurre nola egin lantzen dut. Klubean sartzen diren momentu beretik, haurrekin eta gurasoekin etsipena, galtzea, lantzen ditugu. Umeen, entrenatzaileen eta gurasoen arteko komunikazioa ezinbestekoa da. Ni, pertsonalki, entrenatzaile bezala, oso babestuta sentitzen naiz gurasoen zein ikasleen aldetik».

Lehiaketaren presioari buruz, «kirolari guztiek bizi duten» zerbait dela baieztatu du Alberdik, txapelketak amaitu berri dituela: «Garrantzitsua da horri buruz hitz egitea, taldean eta bakarka psikologoarekin. Azken hamar urteetan, errendimendu mailan psikologoaren irudia indartu den arren, maila txikienetan ere hala izatea lortu behar dugu eta entrenatzaileen formakuntzan alde psikologikoan fokua jarri, gero haiek umeekin jorratu dezaten. Kirol klub gehienetan horren gabezia sumatzen dugu. Kirolariak, izan haurrak, izan helduak, fisioterapeutara joaten garen bezala, psikologora joan beharko ginateke edo, behintzat, aukera hori eskuragarri izan».

Txuri-Urdin, hiruren etxea

Elkar agurtu aurretik, patinaje artistikoari, kirol bat den heinean, ikusgarritasuna eta balioa ematea eskatzen dute hirurek. «Niretzat Txuri Urdina bizitza irakaspen bat izan da. Gaur-gaurkoz, kirol hau den-dena da niretzat. Patinajeari esker harreman sendoak egin ditut; hori da gehien baloratzen dudana. Kirol honek erakusten digu bizitzan zerbait lortu nahi badugu asko landu behar dugula; diziplina bat ezartzen digu. Ohituta gaude goizeko 06.00etan Txuri Urdinean entrenatzen egotera. Hamasei urterekin lagunak parrandan zeudenean, ni ez nintzen ateratzen, hemen egon behar nuelako», gogoratu du Vazquezek.

«Bat nator Nerearekin –jarraitu du Madejonek–. 'Txuri'-an ikasitako guztiak gure bizitza pertsonalean isla izan du. Ikasketa handia izan da kirolari bezala eta maila pertsonalean ere bai».

«Donostian nagoenean, etxeaz aparte, denbora gehien egoten naizen lekua da Txuria. Kirol gune garrantzitsua da hiriarentzat; Gipuzkoa dagoen pista bakarra da», nabarmendu du Alberdik.