NAIZ

Lakuako Hezkuntza Sailari ikastolen eremurako adostutakoa bete dezan exijitu dio LABek

2023an Lakuako Hezkuntza Sailak akordioa sinatu zuen LABekin Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sare guztietako langileengan eragina izango zituzten neurriak adosteko. Orain, sindikatuak ikastolei zegozkien neurriak ez direla bete salatu du eta hilak 5ean, ostegunean, mobilizazioa deitu du Lakuan.

LABek astelehen honetan Bilbon eskaini duen agerraldia.
LABek astelehen honetan Bilbon eskaini duen agerraldia. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

LAB sindikatuak 2023an sare guztietako langileengan eragina izango zituzten neurriak adosteko akordioa bete dezan exijitu dio Lakuako Hezkuntza Sailari. Sindikatuak ohartarazi duenez, ikastoleko langileei zegokion ataleko neurriak ez ditu bete.

LABek astelehen honetan egindakio agerraldi batean gogorarazi duenez, ikastolen atalean jasotako neurriak bi ziren. Batetik, ikastoletako langile guztien eta sare publikokoen soldatak parekatzea eta 2027ra arteko epean gauzatuko zela adostu zen. Bestetik, ikastoletako langileen eta sare publikoko langileen baldintzen homologazioa. Azken onetarako, bi urteko epea ezarri zen,

Era berean, Hezkuntza Sailak eta LABek akordio laboralean bertan jaso zuten, adostu zituzten lan ildoak jorratzeko, hezkuntzako azpisektore bakoitzak zegokion lan hitzarmenean aztertuko eta negoziatuko zituela aplikatu beharrekoak. Hezkuntza Sailak konpromisoa hartu zuen akordio laboralean jaso eta zegokion lan hitzarmen bakoitzean negoziatutako neurriak egikaritzeko behar besteko finantzazioa eskaintzeko.

2024an, Ikastoletan aurreakordioa sinatu zuten Elkartea-Partaidek, EIBk (Eusko Ikastola Batza) eta LABek. Honen bidez, 2027rako langile guztientzat gauzatu beharreko parekatzea arautu zen. Hala, 2024rako %15,3ko soldata igoera adostu zen, langile guztiei aplikatu zitzaiena. Hurrengo urteetarako, 2025rako, 2026rako eta 2027rako soldata igoera tarte batzuk ezarri ziren. Aurten, ordea, adostutako igoera tartea ezarri zaie irakasle kategorietan dauden langileei, baina ez gainerako kategorietan dauden langileei.

Hezkuntza Sailak, bestalde, ez du neurri horiek martxan jarri ahal izateko hitzeman zuen finantzazioa mahai gainean jarri, LABen arabera, «bere erantzukizuna saihestuz». Bestalde, akordioan ikerketa egiteko ezarri zen bi urteko epea amaitu bada ere, Hezkuntza Saila ez da hasi inongo azterketarik egiten, eta «ez dago inongo zantzurik hasiko denik ere», sindikatuaren arabera.

Mobilizazioak

Beraz, bere kezka eta haserrea erakusteko, mobilizatzeko prest dagoela azaldu du LABek. Sare publikoko langileekiko soldata parekatzea ikastoletako langile guztientzat eta sare publikoko langileen lan-baldintzen homologazioa ikastoletako langile guztientzat gauzatu ahal izateko azterketari ekiteko eskatuko dio Begoña Pedrosaren sailari. «Blokeoa gainditzeko tenorea da, eta Hezkuntza Sailak neurri horiek guztiak martxan jar daitezen hitzeman zuen finantzazioa jarri behar du mahai gainean», diote LABetik.

Era berean, Hezkuntza Sailari adierazi nahi dio ez dela gehiago zain egongo. Eta horren adibide, jakinarazi nahi du hurrengo ekainaren 5ean Lakuan dagoen egoitza nagusiaren aurrean mobilizatuko dela. LABek dei egiten die Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletako langile guztiei «haien ahotsak altxatu» eta langile guztientzat parekatzea eta lan baldintzen homologazioa aldarrikatu ditzaten.

Steilasek akordioak aplikatzea eskatu dio

Steilas sindikatuak, bestalde, Hezkuntza Publikoko Sektorean Lakuarekin adostutako edukiak «paperetatik eskoletara eta lanpostuetara hel daitezen» unea dela adierazi du. Hortaz, Hezkuntza Sailari akordioak «nahitaez aplikatzea» dagokiola uste du.

Hala ere, «adostutakoa bete ezean argi dugu gure esku dauden baliabide eta tresna guztiak aktibatuko ditugula, bide judiziala zein ekintza sindikala, akordioa bere osotasunean betearazi arte», adierazi dute ohar baten bidez.

Bestalde, Hezkuntza Sailaren jarrera «aldebakarrekoa, murriztailea eta fede txarrekoa» salatu du. Izan ere, onarpen prozesua, ikastetxeen fusioak, planifikazioa, hainbat prozesu administratibo familiak, ikastetxeak, ikasleak eta sindikatuak kontuan hartu gabe erabakitzen ari da, Steilasen ustez.