
Trail running-eko denboraldiak ez dio esku-frenoari eragiten. Hitzordu ofizialei dagokienez, bete-betekoa izan da asteburua. Etxea zein kanpoan, eta modalitate guztiak jaso dituzte.
Euskal Herriko Koparekin hasiko dugu; izan ere, erregulartasunaren zirkuituak bi deialdi izan ditu. Bertikalari dagokionez, espezialistak Araia-Aratz probara bertaratu ziren. Koparen bigarren hitzordua zen. Korrikalariek egun ederra izan zuten 4,8 kilometro eta 850 metroko desnibel positiboa dituen ibilbidean gogor estutzeko. Ohi den bezala, Mitxarroko museoan dagoen bidegurutzera arte denborak ez ziren kontuan hartu; hots, tarte neutralizatua zen. Hortik Aratzeko tontorrera beste egoera bat bizi izan zen.
Nesken kategorian, Larraitz Aragonek ez zuen arazo handirik izan irabazteko. Bizkaitarrak 47 minutu eta 12 segundoko denbora egin zuen. Bigarren sailkatuari, Leire Elolari, 28 segundoko aldea atera zion. Laugarrena lasterketan baina hirugarrena kopan Maider Unanue izan zen.
Aitor Ugartek Euskadiko Txapelketan erakutsitako sasoi bera indarrean jarri zuen Araia-Aratz bertikalean. Aramaioarrak aise irabazi zuen 36 minutu eta 31 segundoko kronoarekin. Hodei Samaniego bigarren sailkatua (37:09) izan zen, eta Ibon Badiola hirugarrena (38:49). Aragon eta Ugarte behin-behineko liderrak dira.
Bestalde, Lakuntza-Aralar lasterketak Euskal Herriko Kopako hirugarren proba jaso zuen baina lineako modalitatean. Hogeigarren edizioa izan zuen Sakanako hitzorduak. Atzerapen pixkarekin eman zioten hasiera; izan ere, ezezagun batzuek ibilbideko hainbat baliza kendu zituzten. Egun lainotua izan arren, lasterkariek ez zuten arazorik izan eguraldiarekin. Denera, 26 kilometro eta 1.200 metroko goranzko desnibela gainditu behar izan zituzten.
Garazi Sampedro erabat menderatu zuen Sakanako lasterketa. Lakuntzako helmugan Atxondoko korrikalariaren denbora 2:38:10 izan zen. Leire Uribe bigarren postuan sailkatu zen, Izaskun Bereau hirugarrenean eta Oihane Unzalu (hirugarrena kopan) laugarrenean.
Mutilen kategorian, berriz, Ander Jauregi gailendu zen 2:09:24 denborarekin. Ibilbide zati batzuetan ez zen lasterketaren buru joan, baina amaiera aldean erritmoa bizkortu eta Lakuntzara lehen postuan heldu zen. 33 segundoko aldea atera zion Mikel Undari; hots, bigarren sailkatuari. Iñigo Guereta izan zen hirugarrena eta Mikel Zabalegi laugarrena. Azken honek Euskal Herriko Kopan hirugarren postua sinatu zuen. Behin-behineko liderrak: Unzalu eta Mestafa Mahfoud.
Brontzea
Euskal Herritik kanpo, Jaenen (Andaluzia), ultra distantziako Espainiako Txapelketa jokatu zen. Eskaladako eta Mendiko Kiroletako Espainiako Federazioak (Fedme) antolatutako hitzordu nagusia Cazorlako mendietan barrena ibili zen. Ultra Trail Bosques del Sur lasterketaren ibilbidean (70 kilometro eta 3.700 metroko desnibel positiboa) 350 korrikalari lehiatu ziren. Txapelketak 150 korrikalari eta 17 selekzio jaso zituen.
Nahiz eta bero handia egin zuen, erritmo oso altuan korritu zen. Mutilen mailan, Jose Angel Gimenez izan zen azkarrena 6:04:09 denborarekin. Claudio Diazekin esprintean helmugaratu zen; soilik 13 segundoko aldea atera zion. Lehen euskal ordezkaria Pello Berrizbeitia izan zen zazpigarren postuan, eta beste bat atzerago, zortzigarrenean, Iraitz Legorburu heldu zen. Euskal Mendizale Federazioaren gizonezkoen selekzioak brontzea eskuratu zuen.
Nesken kategorian, berriz, ez zen podiumik lortu. Halere, euskal selekzioko bi korrikalari lehen hamarren artean sailkatu ziren. Gemma Arenasek aise irabazi zuen 6 ordu eta 30 minutuko kronoarekin. Sandra Sevillano izan zen lehen euskal lasterkaria. Bosgarren postua sinatu zuen, eta zortzigarrena Ainara Arkarazok.
_copia.jpg)
Irauli ekimena: Euskal Herriko familia euskaldunen korapiloak askatzeko topagune berria
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia

La Ertzaintza deja impune la desaparición del test de drogas del hijo de un jefe policial

Mueren tres esquiadores, uno vasco, por un alud junto a los ibones de Brazato (Panticosa)
