Trumpen mugimenduaren barnean talka
AEBren Armada Iranen aurkako gerran sartzeko aukerak erabat erdibitu du MAGA mugimendua. Belatz errepublikanoek Israeli lagundu behar zaiola azpimarratzen dute; beste sektore batek, aldiz, gogora dakar Donald Trumpen promesa: «America First» eta horretarako atzerriko gatazketatik kanpo egotea.

Donald Trumpek argitu gabe jarraitzen du Israelek Iranen aurka hasitako gerran zer nolako inplikazioa izango duen. Astelehenean G7koen bilera utzi zuen Washingtonera itzultzeko, Ekialde Hurbileko egoera aztertze aldera.
Errepublikanoa Etxe Zurira eraman zuen koalizioan askotan jarrera kontrajarriak daudela ezaguna da: AEBren inperialismoa eta munduko edozein lekutan militarki esku hartzeko aukera defendatu izan duten errepublikano tradizionalen aldean, herrialdea bere baitara biltzea eta «gerra amaigabeekin» amaitzea izan da Trumpen leloetako bat. George W. Bushen garaian hasitako Irakeko eta Afganistango gerrak gogor kritikatu izan ditu, baita Barack Obamak eta Joe Bidenek herrialdea eta armada gatazka horietan korapilatu izana ere.
Orain, Israelek gerra Iraneraino eraman duen honetan, barne tentsioak MAGA mugimendua arrakalatzen ari dira. Jarrera isolatzailearen bozgorailua Tucker Carlson kazetaria izan da. Fox kateko aurkezle ohiak Trumpi eskatu zion «Israel bazterrean uzteko»; AEB erdian sartu gabe «utzi beren gerrak egiten». Aurkezle ohiak Fox kateko burua eta Sean Hannity eta Mark Kevin aurkezleak kritikatu zituen «gerrazaleak» zirela esanez. Hainbat egunez AEB Iranekin gerran sartzearen aurka mintzatu ostean, herenegun zorrotz hartu zuen Ted Cruz senataria, eta Irani buruz ezer ez jakitea aurpegiratu zion.
«Israelek hasi duena berak amaitu behar du», adierazi du Bannonek. «Ez dugu amaigabeko gerra gehiagorik nahi. Ezin dugu berriz egin, ezin dugu beste Irak bat eduki», esan du.
Marjorie Taylor Greene kongresukide ultrak eta Steve Bannon ideologoak ere AEBko Armada gerran sartzearen aurka mintzatu dira. «Israelek hasi duena berak amaitu behar du –adierazi du Bannonek–. Ez dugu amaigabeko gerra gehiagorik nahi. Ezin dugu berriz egin, ezin dugu beste Irak bat eduki».
Fox kateak, berriz, kontrako jarrera hartu du. «Ongia gaizkiaren aurka» esanda sinplifikatu zuen afera Mark Kevinek, eta Sean Hannityrekin batera gogor kritikatu zuen MAGAko sektore isolazionistak.
Trumpek ere sarritan jarraitu dio Fox kateari –handik fitxatu zuen Pete Hegseth–, eta, itxura batean, gerraren aldeko jarrerari jarri diote arreta Etxea Zurian.
Erik Kurilla jenerala AEBko Komando Zentraleko burua da; “Gorila” ezizena dauka. Oldarkorra eta amorratua, belatz gerrazale hau Trumpi belarrira xuxurlatzen dion ahots nagusia bihurtu da.
Gatazka Trumpen Administrazio barruraino iritsi da. Tulsi Gabbard Inteligentzia Nazionaleko zuzendaria erabat baztertuta geratu da. Martxoan kongresuan esan zuen Iran ez zela programa nuklearra garatzen ari. Joan den astean, Trump Israelgo arduradunekin bildu ostean, Gabbardek Etxe Zuriak pasatu gabeko mezua idatzi zuen: «Elite politikoa eta gerrazaleak arduragabeki ari dira potentzia nuklearren arteko beldurra eta tentsioa hauspotzen». Mezuaren berri izatean, Trump sutu egin omen zen: «Bost axola dit zer dioen Gabbardek. Iran bonba nuklearra izatetik oso gertu zegoela uste dut», esan zuen G7koen bileratik zetorrela.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
‘Gutun bat Kottori’: «Gazteoi dagokigu gai hau bertze modu batera lantzea»

El equipo de gobierno de Iruñea pide la dimisión de Ibarrola y Adanero por «difundir bulos»
