
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lanbide Heziketako Hizkuntza Normalkuntza arduradunek salatu dutenez, «Lanbide Heziketan euskara normalizatzeko bide luzea daukagu egiteko». «Ez dugu sentitzen Hezkuntza Sailetik Lanbide Heziketa euskalduntzeko bide-orriak, inondik inora, babesten gaituenik. Lanbide Heziketaren planean ez da euskara aipatzen eta gure plana ‘euskal’ baldin bada, euskarak zutabe nagusia izan behar du», adierazi dute Lakuan egindako agerraldian.
Bertan Lanbide Heziketak, Lehen eta Bigarren Hezkuntzaren jarraipena izanik, euskararen eskaintza parekatzeko plan estrategiko bat beharrezkoa duela nabarmendu dute, «bide-orri esanguratsu, emankor eta enpresak euskalduntze bidean akuilu lana egingo duena».
Era berean, egungo irakasle guztiek euskara gaitasuna izan beharko luketela adierazi dute. Beraien esanetan, «plazak perfilatzeak zentzua galdu du eta bereiztekotan, euskara gaitasunik ez daukatenentzat bereiztu beharko lirateke. Beraz, PL1-etik PL2-ra pasatzeagatik lehentasuna ez galtzea eskatzen dugu, plazak daukan perfilak irakasleon egonkortasuna edo jarraipena ez baldintzatzeko». «Era berean, itunpeko ikastetxeetako irakasleen euskararekiko baldintzak parekatzea ere beharrezkoa da», gaineratu dute.
Eta ikasleak euskaraz matrikulatzeko «kanpaina ganorazkoa eta indartsuagoa» behar dela ohartarazi dute; «euskaraz ikasteak suposatzen duen balio erantsia azpimarratu beharko litzateke. D eredutik datozkigun ikasle askok A eredua aukeratzen dute, erraztasunagatik eta informazio ezarengatik, baita euskarak dakarzkien abantailaz jabetzen ez ditugulako».
«Hortaz, euskaraz matrikulatu eta euskaraz ikasteko aukera hartu duten ikasle horiei lehentasuna eman behar genieke, bidea eman ikasle horiek euskaraz ikas dezaten, talde kopurua minimora heltzen ez bada ere, hau da, beti euskararen alde jokatu, gure hizkuntza gutxitua eta gutxiagotua baita», diote. Salatu dutenez, «A ereduan ikasten duten ikasle askok ez dute euskarazko inongo erreferentziarik, hau da, ez daukate euskararekin inongo harremanik».
Zentzu honetan, gogoratu dute, legearen arabera, «Euskal Hezkuntza Sistemak konpromiso berezia» hartzen du euskararekin eta kulturarekin eta haren transmisioarekin, «euskara eta euskal kultura identitate, adierazpen eta elkarbizitza tresnatzat hartzen dituen heinean, bai eta beste hizkuntzekin ere».
«Euskara hizkuntza propioa izanik, zergatik ingelesa irakasten da eta euskara ez? Ingelesa jasotzen duten moduan, euskara da gure ardatza eta gure hezkuntzan beti izan behar luke presentzia esanguratsua, horrela ba, A ereduan euskararen ezagutza minimoa ziurtatu behar da, euskararen presentzia ordu zehatzekin bermatuz», nabarmendu dute, eta Lanbide Heziketa euskalduntzearen aldeko «apustu sendoa, garbia eta argia» eskatu erakundeei.

El actor Sambou Diaby, expulsado de un bar de Bilbo acusado de mantero: «Aquí no puedes vender»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca
