Dinosauroak
Sarritan oroitzen naiz umetan zinemara joaten nintzenean bizitzen nituen esperientzia bereziez. Garai hartako ohitura zen, ia errituala: zinemara joatea aurrez jakin gabe zein film ikusiko genuen. Itsu-itsuan, baina ilusioz beteta, hurbiltzen ginen txarteldegira, eta han hasten zen magia.
Aukeraketa ez zen beti arrazionala: sinopsi labur batek sortutako misterioak edo posterrik erakargarrienak pizten zuen distira. Horiek izaten ziren film jakin bat hautatzeko erabiltzen genituen irizpideak.
Bederatzi urte inguru nituela, esaterako, dinosauroak agertzen ziren pelikula bat ikustera nindoala banekien, baina ezer gehiagorik ez. ‘Jurassic Park’ zuen izena; une hartan ez nekien film hark zenbat leiho berri irekiko zizkidan barruan eta irudimenaren lurralde ezezagunetan sartzeko ate bihurtuko zenik.
Eszena jakin bat geratu zitzaidan garunean iltzatua: Grant (Sam Neill) lurrari begira dago, oharkabean, kameratik kanpo dagoen zerbaitek erabat paralizatuta uzten duenean. Eguzkitako betaurrekoak keinu trakets batez kentzen ditu, astiro altxatzen da, eta hitzik esan gabe Ellie-ren (Laura Dern) burua norabide berera birarazten du. Orduan, kamerak haiek ikusten dutena erakusten du: zuhaitzen artean dabilen brakiosauro bat.
Film honi esker, Steven Spielberg-en unibertso zabala gehiago deskubritzeko irrikaz geratu nintzen, eta handik aurrera, zuzendariaren zale amorratua bihurtu naiz. Nire haurtzaroa irudikatzerakoan, beti ageri dira ‘Indiana Jones’, ‘E.T.’ eta ‘Hook’.

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Ocho de los Filton24 mantienen la huelga de hambre como protesta por el genocidio en Palestina

