Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Irakasle bati egindako akusaziotik abiatzen den thrillerra

PAS DE VAGUES (LA ACUSACIÓN)
Estatu frantsesa, 2024, 92’. Zuzend.: Teddy Lussi-Modeste. Gidoia: Audrey Diwan, Teddy Lussi-Modeste. Akt.: François Civil, Shaïn Boumedine, Toscane Duquesne, Mallory Wanecques. Musika: Jean-Benoît Dunckel. Argaz.: Hichame Alaouié.

François Civilek akusazioari aurre egin behar dion irakaslearen rola jokatuko du.
François Civilek akusazioari aurre egin behar dion irakaslearen rola jokatuko du. (Ad Vitam)

Teddy Lussi-Modesteren lan berria, Audrey Diwanekin batera idatzia.

Filma Lussi-Modestek eskola batean irakasle gisa bizi izan zuen esperientzia pertsonalean oinarritzen da, eta bere ikasgelako ikasle batek maisu bati jazarpena leporatzen dionean abiatzen den prozesua du ardatz.

Irakasle bati bere klaseko nerabe bati sexu-jokabide desegokia izatea egozten diote. Egoerak okerrera egingo du, eta akusazioei aurre egiten dien bitartean, irakaslea kontrolik gabeko espiral batean murgilduko da. 

François Civilek akusazioari aurre egin behar dion irakaslearen rola jokatuko du. Harekin batera, Toscane Duquesne hasiberriak, Shaïn Boumedinek eta Mallory Wanecquek hartuko dute parte filmean. 

Zuzendariaren benetako esperientzia batean oinarritzen den arren, Audrey Diwanekin batera idatzi du, eta hori oso garrantzitsua dela azpimarratzen du Lussi-Modestek: «Audrey Diwanek lagundu zidan beharrezko distantzia aurkitzen, bizi izan nituen gertaeretatik aldentzeko. Izan ere, Audreyk nire ikuspuntua eraikitzen lagundu zidan. Oso azkar ohartu ginen filmak gainezka egindako instituzio batek abandonatutako irakasle baten istorioa kontatu behar zuela. Istorio hau kontatzeko, beharrezkoa izan zen muga batzuk gainditzea eta fikziorako eskubidea aldarrikatzea» 

Filmaren tonuari eta eskolaren mundua irudikatzeari dagokionez, honakoa azaldu du: «Berehala, filmak thriller baten itxura hartu behar zuela esan nion neure buruari; azken eztandara arte tentsioan eutsiko zion thriller bat izan behar zuen. Ez nituen gertakariak errealitatean izan ziren bezala kontatu nahi; zeharkatu ninduten emozioetara mugatu nahi nuen. Mehatxuak orro egin behar zuen Julienen inguruan, eta baita Julienen baitan ere. Ikastetxeko pasilloetan emandako pauso bakoitza, ikasle bati zuzendutako begirada oro, altxatutako hatz oro… denak lerratze baten, biolentzia baten ardatz bihurtu behar ziren. Ikasleak filmatu behar nituen; gela, jolastokia eta korridoreak, guztiak borroka-leku gisa irudikatuta». Irudiari dagokionez, aldiz, honakoa dio:
«Tonalitate faltsuekin lan egin nahi nuen; planoaren barruan bertan gertatzen diren argi-aldaketek ikuslearengan harridura sortzea nahi nuen».