Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Maria Victoria Soler eta Ander Gerrikaetxebarria, azkarrenak Ehunmiliak lasterketan

Eguraldi ezegonkorrarengatik antolatzaileek prestatutako 125 kilometroko ibilbidean murtziarra eta zornotzarra eraginkorrenak izan ziren. G2H proban, berriz, Olatz Azazetak eta Ander Iñarrak irabazi zuten. Eta Marimurumendi maratoian, Ainhoa Intxausti eta Asier Azkarate gailendu ziren.

Ander Gerrikaetxebarria, Ehunmilak probako helmuga gurutzatzen.
Ander Gerrikaetxebarria, Ehunmilak probako helmuga gurutzatzen. (Gorka RUBIO)

Joan den asteburuan, Beasain herria trail running-aren epizentroa bihurtu zen. Urtero bezala, Ehunmiliak, G2H eta Marimurumendi lasterketak jasotzen dituen kirol ekimenak foku guztiak bereganatu ditu. Azken ekitaldiak, batez ere Ehunmiliak lasterketari dagokionez, aldaketa batzuk izan zituen. Ultra distantzia horretako lehiaren ohiko ibilbide osoa (171 km) ez zen prestatu. Eta horren “errua” eguraldi ezegonkorrak izan zuen. Iragarpenek ziotenen, ekaitz arriskua handia izango zela, eta antolatzaileek, lasterkarien segurtasuna bermatzeko, ibilbide laburragoa (125 km) markatu zuen.

Lasterketa honi dagokionez, emakumezkoen mailan, aurreratu behar dugu Chelo Velascok sasoi bikaina erakutsi zuela. Espainiarra lasterketaren buru joan zen; atzetik, berriz, Maria Victoria Soler eta Eva Lizarralde zituen. Baina Velascok proba bertan behera uzteko erabakia hartu zuen. Nahiz eta Solerrek lehen aldia zuen Ehunmiliak lasterketan, “lekuakoa” hartu eta Beasaingo helmugara lehen postua heldu zen 21:52:13 denborarekin. Bigarrena postuan Eva Lizarralde oiartzuarra sailkatu zen 22:16:46 kronoarekin. Hirugarren postua Cristina Bataller kataluniarrarentzat izan zen; gipuzkoarrarengandik minutu batera iritsi zen.

Mutilen kategorian, bestalde, lehia ederra bizi izan zen lehen hiru sailkatuen artean. Gainera, azken kilometroak oso bereziak izan ziren. Eta hori diogu bi kilometroren faltan Ander Gerrikaetxebarriak garaipena lortu zuelako. Bai, Unai Dorronsoro aurreratu zuen eta lehen postua sinatu ere 15:04:06 denborarekin. Zornotzarrak lasterketa bikaina egin zuen. Erritmo oso egokian makina bat kilometro egin zituen, eta azkenekoetan aurreko lehiakideei tarteak murriztu zizkien. Dorronsoro beasaindarrak ia bi minutura iritsi zen. Iazko irabazle Fidel Fernandezek hirugarren postua egin zuen 15:41:26 denborarekin.

Ehunmiliak lasterketaren emakumezkoen podiuma. (EHUNMILAK)

Beste bi

Ehunmiliak lasterketaren anaia-arreba “txikiek” ere protagonismoa izan zuten. Goierriko 2 Handiak (G2H) probaren ibilbideak ez zuen aldaketarik izan: 90 kilometro eta 5.500 metroko desnibela.

Olatz Azazetak aise irabazi zuen 13:48:53 kronoarekin. Bigarren postua Raffaela Ciavolarentzat izan zen (14:32:15) eta hirugarrena Leire Martinezentzat (14:46:45). Mutilen kategorian, Ander Iñarrak ere ez zuen arazorik izan garaipena erdiesteko. Lezoko korrikalariak 10:42:42 denbora egin zuen. Mikel Intxausti bigarrena izan zen ia 20 minutura, eta hirugarrena Aitor Zunzunegi (11:22:29).

Beasaingo eta Goierriko mendi lasterketen festa hori biribiltzeko, Marimurumendi maratoia (42 kilometro eta 2.300 metroko desnibela) jokatu zen. Ainhoa Intxausti gailendu zen 4:22:50 denborarekin. Alba Loras bederatzi minutura heldu zen bigarren postuan eta Maider Unanue hirugarrenean ia hamaika minutura.

Gizonezkoen maila, azkenik, Asier Azkarateren eta Markel Urigoitiaren artean irudi bitxia ikusi zen. Esprintean heldu ziren Beasaingo helmugara. Azkaratek (3:27:42) soilik segundo bateko aldea batera zion Urigoitiari. Endika de la Heras podiumaren hirugarren kutxara igo zen 3:32:25 kronoarekin.