NAIZ

Ortube, tamaina handiko zurezko azken arrantza-ontzietako bat, museo gisa itzuliko da itsasora

Madalen jaiaren atarian, Ortube, EAEn tamaina handiko zurezko azken arrantza-ontzietako bat dena, zaharberritze lanen azken fasean sartu eta museo nabigagarria izango dela iragarri dute igande honetan, Bermeon. Bertan sinatu dute erakundeek proiektua ahalbidetuko duen lankidetza-hitzarmena.

Erakundeetako ordezkariak, Ortube arranzta-ontzian.
Erakundeetako ordezkariak, Ortube arranzta-ontzian. (Bizkaiko Foru Aldundia)

Bermeoko Udalaren jabetzakoa den Ortube arrantza-ontzia EAEn oraindik ere nabigatzeko moduan dauden tamaina handiko zurezko azken hiru itsasontzietako bat itsasora itzuliko da, arrantza munduko museo gisa. 

2018az geroztik, zaharberritze-lanak egin dituzte XX. mendean Bizkaian izandako eraikuntza-garapenaren adibide den ontzi zaharrean. Orain, itsasontzia berreskuratzeko lan horiek azken fasean sartuko dira, erakunde ezberdinek igande honetan sinatu duten hitzarmenari esker.

Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak, Nadia Nemeh Bermeoko alkateak, Juan Andres Diez de Ulzurrun Ortube Ontziaren Lagun Elkarteko presidenteak, Jon Ruigomez Itsasmuseumeko zuzendariak eta Asier Madarieta BizkaiKOAko zuzendari kudeatzaileak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, Ortube arrantza-ontzia berreskuratu eta zabaltzeko zaharberritze-proiektua amaitutzat emateko.

Bizkaiko Diputazioak 100.000 euroko inbertsioa egingo du lanen zati bat finantzatzeko, itsas-ondarearen kontserbazioari lotuta. Izan ere, Ortubek duen balio historikoa azpimarratu du Arrizabalagak. 

«Euskadiko lehen museo nabigagarria errealitate izatea nahi dugu, belaunaldi berriei eta bisitatzen gaituztenei gure itsas ondarearen eta ondare ekonomikoaren aberastasuna eta gure sustraiak transmititu ahal izatea», esan du diputatuak.

Nadia Nemeh Bermeoko alkateak gogoratu duenez, «2016an Ortube Ontziaren Lagun Elkarteak birgaitze-lanak hasi zituenetik, Bermeoko Udalak aktiboki babestu du ekimena, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Itsasmuseumekin eta hainbat enpresa pribaturekin batera». Ortubek berriz nabigatu ahal izatea zen helburu komuna.

«Ortube gure arrantza-historiaren ikur bizia da eta tokiko gazteentzako hezkuntza-motorra. Erakundeen, boluntarioen eta prestakuntza-zentroen inplikazioarekin, itsasontzia berreskuratzeaz gain, gure nortasuna eta etorkizuna berresten ari gara. Laster berriz ere nabigatuko du, eta elementu aktiboa izango da Bermeoko kultura, turismo eta prestakuntza garapenean», gaineratu du Nemeh-ek.

Izan ere, ikaskuntza eta turismo jasangarriarekin lotutako jarduerak izango dira etorkizunean Ortuberen itsasoratze berrien ardatz nagusiak. Itsasmuseumek jarraituko du zaharberritze lanen zuzendaritza teknikoarekin, eta Arrantzaleen Museoa arduratuko da ontzia bisitatzeko eta zabaltzeko programaz.

Lankidetza-hitzarmena sinatu duten erakundeetako ordezkariak, itsasontzian gaur.


Madalena eguneko protagonista

Ortubek esanahi berezi bat du Bermeon, Bermeoko atun-flotaren erreferente bat izateaz gain, protagonismo berezi bat izan du asteartean ospatuko den Madalen eguneko jaian, azken urteetan egun horretan erabiltzen zen soilik, Elantxobe eta Mundakara joateko.

«Lotura historiko horrek bere ondare eta emozio balioa indartzen du. Horregatik, gaur egun, Ortube berriztatzeak, itsasontzi bat berreskuratzeaz gain, oroimen bizi bat ere berreskuratzen du, Bermeoko tradizioen eta imajinario kolektiboaren bihotzean kokatzen dena berriz ere», adierazi du alkateak. 

Bermeoko Muruaga ontzioletan egina, 1978an bota zuten. 1999an, jabeek baja emateko konpromisoa dinatu eta 2003an Bermeoko Udalak eskuratu zuen, «ontziak ontzigintzaren eta kostaldeko arrantza- eta bizitza-moduen ikur gisa zuen garrantziagatik».

Handik urte batzuetara, berehalako hondoratze-arriskua ikusita, lehorrera eraman zuen Udalak, eta lagun talde batek sortutako Ortube Ontziaren Lagun Elkarteak berreskuratzeko erronkari ekin zion.

Birgaitze lanak arrantza-ontzi gisa jardunean egon zen azken etapako egoerarekin ahalik eta fidelenak izan direla azaldu dute, ekipoetan, upeltegietan eta bizitokietan, gaur egungo araudien arabera nahitaezkoak diren egokitzapenak bakarrik eginez.