SPONSORED CONTENT

Aixerrotako paella lehiaketak 70 urte beteko ditu aurten

Aixerrotako nazioarteko paella lehiaketak 70 urte beteko ditu. Merezimendu osoz irabazi du, beraz, munduko zaharrenetarikoa izatearen ohorea, baina ez hori bakarrik, herrikoiena ere badela esan daiteke, aurten ere 400 paella inguru eta 20.000 pertsona baino gehiagok parte hartzea espero baita.

Aurten ere 400 paella inguru eta 20.000 pertsona baino gehiagok parte hartzea espero da.
Aurten ere 400 paella inguru eta 20.000 pertsona baino gehiagok parte hartzea espero da. (Monika DEl VALLE | FOKU)

Getxoko Itxas Argia elkarteak antolatzen duen Aixerrotako lehiaketa gastronomiko ospetsua, azken bi urteetan egin den moduan, Santiago egunean ospatuko da –aurten ostirala egokitzen da– eta lehena izango da Getxoko auzoetako jai zerrenda luzean (Algortako saninazioak, Erromoko jaiak, Portu Zaharreko jaiak...).  

Egitarauari dagokionez, aurreko urteetakoaren antzekoa izango da. Izen ematea 10.30ean zabalduko da eta eguerdian txalapartarien deia eta dantzarien emanaldia izango dira, Itxas Argia dantza taldeko txikien eskutik. Paellen aurkezpena 13:30 eta 14:30 bitartean egin beharko da eta sari banaketa bazkal ostean egingo da. Eguna amaitzeko, arratsaldeko 18.30ean erromeria hasiko da Orekka taldearekin.

Udal agintariek iazko segurtasun eta garbitasun neurri berberak mantenduko dituztela iragarri dute, «eraginkorrak» izan zirelako. Horrela, parte-hartzaileek beharrezkoa duten material guztia euren txoznetara hurbildu ahal izateko autoen sarrera zabalik egongo da goizeko 8etatik 9.30era, baina ordu horretatik aurrera Aixerrotako landak autoz libre geratu beharko dute.

Horrekin batera, Ingurumen Sailak nabarmendu du erabat debekatuta dagoela Pinudi ingurura sartzea. Hori gogorarazteko, eremu naturalekiko errespetua sustatzeko eta zuhaitzak ez kaltetzea eskatzeko kartelak jarriko ditu.

Gainera, sortutako beira biltzeko poltsak banatuko dira (ohiko laguntzailea den Ecovidrioren eskutik), baita koloretako poltsak eta poltsa organikoak ere, jatorrian bereizteko eta gune garbietan utzi ahal izateko.

Aurreko urteetan bezala, arkitekto batek eta gizarte-hezitzaile batek osatutako lantalde batek esparru ofizialaren pareko jaian parte hartzen duten kuadrilekin bitartekaritza-lana egingo ditu, ingurumen zein segurtasun arloko arauak bete ditzaten.

1956an sortua

Aixerrotako paella lehiaketa 1956. urtean asmatu zuten Irurena kuadrillako hiru kidek (Damian Ayo, Jose Antonio Bilbao "Txirri" eta Felix Yurrebaso) eta hasiera hartan ez zuten pentsatu ere egingo denborarekin hartuko zuen tamaina.

Izan ere, hogei paellaren arteko lehiaketa inprobisatu gisa sortu zenak gaur egun 400 kazuela inguru biltzen ditu eta 20.000 pertsona baino gehiagok parte hartzen du bertan. Getxoko sukaldari kuadrillez gain, lehiaketa honetan Uribe Kostako jende askok parte hartzen du, baina baita nazioartekoak ere, hala nola belgiarrak, amerikarrak, australiarrak eta japoniarrak, besteak beste.

Informazio honen babesleak: Cross cafetería, Iñaki bitxitegia, Gaurko moda, Ajuria taberna, Salsidu taberna.