NAIZ

Urrezko Maskorraren lehian sartu da Alauda Ruiz de Azua ‘Los domingos’ filmarekin

Alauda Ruiz de Azua barakaldoarra Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko da ‘Los domingos’ filmarekin. Blanca Soroa eta Patricia Lopez Arnaiz gasteiztarra protagonista dituen film honekin, lehen aldiz sartuko da Urrezko Maskorraren lehian. Lehiakide izango du Moriartien ‘Maspalomas’.

‘Los domingos’ filmeko fotograma.
‘Los domingos’ filmeko fotograma. (DONOSTIAKO ZINEMALDIA)

Alauda Ruiz de Azua 73. Zinemaldiko Urrezko Maskorraren lehian sartuko da ‘Los domingos’ filmarekin. Hala, zinemagile arabarra aurtengo edizioan Sail Ofizialean parte hartuko duen bigarren euskal ordezkari bilakatzen da, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregiren ‘Maspalomas’ ere lehiatuko baita bertan.

Ruiz de Azuaren filmaren protagonistetako bat ere etxekoa da, ‘Ane’ eta ‘20.000 especies de abejas’ filmeengatik hainbat sari eskuratu dituen Patricia Lopez Arnaiz gasteiztarra zehazki. Iaz, hain justu, Pilar Palomerok zuzendutako ‘Los destellos’ filmean –Eider Rodriguezen ‘Bihotz handiegia’ liburuan oinarritua– egindako lanagatik Interpretazio nagusi onenaren Zilarrezko Maskorra eskuratu zuen.

Filmaren antzezle taldean Nagore Aranburu azpeitiarra ere badago, Ruiz de Azuak berak zuzendutako ‘Querer’ telesailean egindako lanagatik saritua (emakume aktore onenari Forque saria, besteak beste). Antzezle talde nagusia Miguel Garces, Juan Minujin eta Mabel Riverak osatzen dute.

Zinemalditik aurreratu dutenez, filmak klausura komentuko kontenplazio bizitzak erakarriko duen gazte baten istorioa kontatzen du. Sinopsian zehazten denez, Ainara 17 urteko gazte «idealista eta apartekoa» da, unibertsitateko zein karrera ikasiko duen erabaki behar duena: «Hori espero du bere familiak, behintzat. Alabaina, gazteak adieraziko du Jainkoarengandik gero eta hurbilago sentitzen dela eta klausurako moja bilakatzea planteatzen duela. Albisteak ustekabean harrapatuko du familia osoa, amildegi bat sortuko da eta proba erabakigarri bati aurre egin beharko diote».

Istorio horren eskutik sartuko da Ruiz de Azua lehen aldiz Urrezko Maskorraren lehian, baina arabarrak ibilbide luze bezain oparia du jada egina zinemagintzan, baita Zinemaldian ere. Izan ere, bere lehen film luzea ‘Cinco lobitos’ (2022), jaialdi donostiarrean estreinatu zen, Zinemira sailaren barruan. Filma Berlinaleko Panorama sailean estreinatu zuen Ruiz de Azuak eta Malagako zinema-jaialdian zortzi sari irabazi zituen, hala nola film onenaren Urrezko Biznaga eta zuzendari berri onenaren Goya saria.

‘Querer’ (2024) minisailaren egilea ere bada, eta Zinemaldiko Sail Ofizialean parte hartu zuen lan horrekin, lehiaz kanpo. Minisail honekin Forque eta Feroz sariak eta Series Mania jaialdiaren nazioarteko lehiaketaren golardoa eskuratu zituen.