Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Marisa Paredes omendu eta Esther Garcia sarituko ditu Zinemaldiak 73. edizioan

Zinemaldiko poster ofizialaren protagonista izango da Marisa Paredes aktore handia, bigarrenez gainera: 54. edizioko kartelean agertu zen lehenengoz. Bere aldetik, Esther Garcia El Deseo ekoiztetxeko ekoizleak Donostia Saria jasoko du.

Manuel Outumuro, Zinemaldiko 73.edizioko karteleko argazkiaren egilea.
Manuel Outumuro, Zinemaldiko 73.edizioko karteleko argazkiaren egilea. (Andoni Canellada | FOKU)

Zinemaldiko kartelen aurkezpen ekitaldia egin da asteazken honetan Tabakaleran. Bertan, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eta Ruth Perez de Anucita Komunikazio arduradunak primiziaz jakinarazi dute Donostia Saria emango zaiola Esther Garcia El Deseo-ko ekoizleari, ehun lan baino gehiago egindakoa, eta Marisa Paredes izango dela Zinemaldiaren irudi nagusia. Paredes bigarren aldiz izango da karteleko protagonista, Zinemaldiaren 54. edizioan agertu baitzen lehenengoz.

Esther Garciak, Zinemaldiko zuzendariaren hitzetan, «Espainiako eta Latinoamerikako zinemagintzaren nazioartekotzean funtsezko rola izan du», Pedro eta Agustín Almodovarrekin batera hainbat proiektu arrakastatsu gidatu bai ditu. Pedro Almodovarrekin ‘Matador’ (1986) filmean lehen aldiz jardun zenetik, funtsezko pieza izan da Mantxako zuzendariaren ondorengo proiektu guztietan, adibidez, ekoiztetxeari izena eman zion ‘La ley del deseo’ (1987) filma; ‘Mujeres al borde de un ataque de nervios’ (1988) edo ‘Todo sobre mi madre’ (1999). Bere ibilbidean, arriskuaren, independentziaren eta bikaintasunaren aldeko apustu etengabeaz gain, emakumezko ikus-entzunezkoen aldeko konpromisoa ere azpimarratu da.

Garciak, gainera, ospakizun betean jasoko du Donostia Saria, aurten El Deseo ekoiztetxeak bere 40. urteurrena bete baitu.

Marisa Paredesen oroimena piztuz

Marisa Paredes, zinema eszenako izar handia, Donostiako Zinemaldiarekin estuki lotuta egon da azken mende erdian. 1977an lehen aldiz jaialdira etorri zenetik, bere presentziak arrastoa utzi du, eta 2025eko edizioan bere irudia da kartel ofizialaren protagonista, omenaldi gisa, iaz zendu ostean. Jose Luis Rebordinos zuzendariaren arabera, Paredes «jaialdiaren lagun handia» izan da, eta bigarrenez da haren irudia Zinemaldiaren kartel nagusian.

Wallijai estudio donostiarrak diseinatu du kartela, eta Manuel Outumurok 2000. urtean ateratako argazki batean du oinarria. Kartelaren diseinatzaileak, Jose Angel Peñak, azaldu du «zinemaren eta publikoaren arteko lotura zuzena» islatu nahi izan duela, pertsona askotarikoen siluetak erabiliz eta haien barruan zinema-genero desberdinak irudikatuta.

Zinemaldiak azken urteetan Euskal Herriko zein nazioarteko zinemagintzaren aldeko «apustu argia» egin duela ere esan dute: kartel bakoitzean artista handi baten omenezko irudia, eta genero, adin, jatorri desberdinekiko ikuspegi irekia. Sektoreko dinamika berri horren isla ere bada kartel guztien izaeran argazkia eta ilustrazioa uztartzea, «denok daramatzagu hainbat film geure baitan» mezua nabarmentzen baita.

Antolakuntzaren ikuspegitik, Perez de Anucitak azaldu du urtero legez erronka nagusia «ahalik eta edizio onena eskaintzea» izango dela, «kontrolaezinak» diren faktoreekin bizi diren arren. Nabarmendu du euskal zinema zein Estatu espainolekoa une goren kreatiboan daudela, eta jaialdiko programazioa horren isla zuzena dela.

Zinemaldiaren artxibo historikoa osatuz, aurten 1959ko eta 1971ko Zinemaldiko kartelak ere berreskuratu eta zaharberritu dituztela ere iragarri dute, jaialdiaren memoria kolektiboari balio erantsia emanez.