
Uztailean Donostiako hondartzetan hainbat karabela portuges atzeman ondotik, Donostiako Udalak martxan jarri du protokolo espezifiko berria karabela portuges gehiago agertzen direnerako. Horren ondorioz, bainatzea debekatuko da 20 zentimetroko hamabost karabela baino gehiago ikusten badira edota ziztada eragin duen alea erretiratu ez denean.
Protokoloak neurri zehatzak ezartzen ditu aleen tamaina, kopurua eta erregistratutako ziztaden larritasunaren arabera.
Udalak jakitera eman duenez, 2-10 zentimetro bitarteko aleak agertzen direnean, hondartzako sorosleek kudeatzen dute egoera, eta, besteak beste, neurri hauek hartzen dituzte: bandera horia eta marmoken logotipoa ezartzea, kontuz bainatzeko gomendioa ematea eta hondartzaren egoera etengabe ebaluatzea.
«Horrelako marmokek ziztada arinak eragin ohi dituzte, eta, beraz, pertsona bakoitzaren esku dago bainatu ala ez erabakitzea, bere sentikortasuna kontuan hartuta», gaineratu dute.
Hogei zentimetroko karabelak agertuz gero, aldiz, protokoloak kasu ezberdinak aurreikusten ditu, zenbat ale begiztatu diren aintzat hartuta.
Hamabost ale baino gutxiago agertzen badira, sorosleak bandera horia ezarriko du, kontuz handiz bainatzeko aukera egongo da eta megafoniatik horren berri emango da. Haatik, hamabost ale baino gehiago agertuz gero, bandera gorria ezarriko du sorosleak eta debekatuko da uretara sartzea.
Ziztada bat atzeman ondoren, protokoloak dio marmoka erretiratu beharra dagoela. Uretatik kanporatuz gero, bandera horia ezarriko da eta baimenduko da bainatzea, kontu handiz betiere. Aldiz, ziztada bat izatea, eta eragin duen alea erretiratzen ez denean, bandera gorria jarriko da eta debekatuko da bainatzea.
Gauzak horrela, Udalak jakinarazi duenez, etengabeko jarraipena egingo da, bi ordutik behin (edo gutxiago egoerak hala eskatzen badu), seinaleztapena aldatu behar den ikusteko.

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Dos años de prisión para el jefe de operaciones de la Ertzaintza en Durango por corrupción

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
