SPONSORED CONTENT

Goizueta, Burlata eta Tafallako jaien txanda iritsi da

Abuztuak 14, osteguna, eguerdiko 12.00ak. Une horretan botako dituzte jai hasierako txupinazoak Nafarroako herri askotan, tartean Goizuetan, Burlatan eta Tafallan.

Goizuetako erraldoi eta buruhaundiak ostegunean, ostiralean eta igandean aterako dira.
Goizuetako erraldoi eta buruhaundiak ostegunean, ostiralean eta igandean aterako dira. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Goizuetako eragile desberdinek osatutako Jai Batzordeak hilabeteak daramatza festetako egitaraua prestatzen eta, azkenean, iritsi da egindako lanaren emaitza ikusteko tenorea. Ostegunetik hasi eta astelehenera arte, adin eta gustu guztiei zuzendutako ikuskizun eta ekimenak prestatu dituzte, hori bai, jarrera parekideaz eta errespetuz gozatzeko.

Ostegunean bertan gazte eguna ospatuko dute eta, eguerdiko txupinazoaren ondoren, txozna irekiera egingo da eta segidan gazte bazkaria ikastolan. Arratsaldean, haurrentzako jokoak eta peñaren irteera izango dira, eta iluntzeko 20.00etan gazte txupinazoa gaztetxean. Eguna amaitzeko, Gabezin taldearekin dantzaldia, DJ Infernu txoznan eta Igandea txaranga arituko dira bazterrak animatzen.

Egun bakoitzean ospakizun berezi bat egingo da. Horrela, ostiralean (abuztuak 15) amabirjin eguna izango dute, larunbatean sagardo eguna, igandean umeen eguna, eta astelehenean peñaren eguna. Guztietan izango dira dianak, Lasturko zezenak, pilota partidak, buruhaundi eta erraldoiak, txarangaren irteerak, herri kirolak, bertsolariak, dantzariak, suzko zezenak edota mus txapelketak.

Kanpotik datozenei garraioa errazteko, autobus zerbitzua izango da egunero, Hernaniko zinkoeneko geltokitik Goizuetara arratsaldeko 19.30ean (igandean ezik), baita eguerdiko 12.00etan ere ostegunean eta astelehenean, kasu honetan Elkano kaletik; eta Goizuetatik Hernanira, goizeko 7.00etan izango dira autobus zerbitzuak suhiltzaileen parketik abiatuta (ostirala, larunbata eta igandean) eta goizeko 9.00etan eta 15.30ean astelehenean eta asteartean, Belakotik abiatuta.

Informazio honen babesleak: Zubidenda, Amaia Okindegia, Oxeguarda Jatetxea, Etxarat Taberna, Ikastola Taberna, Izkiña Taberna.

Burlatako txupinazoaren ondoren erraldoien konpartsa eta musika banda abiatuko dira. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Burlatan, asteartera arte

Nafarroaren erdialdera eginez, Burlatan ere abuztuaren 14an hasiko dituzte jaiak, baina kasu honetan sei egunez luzatuko dira, asteartera arte. Txupinazoa eguerdiko 12.00etan botako dute Larrañeta plazan eta aurten Malkaitz eskubaloi taldea da ohore hori izango duena, herritarrek hala erabaki baitu bozketa bidez. Aurten, gainera, suziri bakar bat botako da, arriskuak ekiditeko eta izua eragiten dien pertsonak eta animaliak babesteko.

Txupinazoaren ondoren, ohikoa den bezala, erraldoi eta buruhaundien konpartsa abiatuko da gaitero, txistulari eta musika bandaren laguntzaz. Egunean zehar, hainbat ekitaldi izango dira, hala nola EZK txarangaren kalejirak, kafe kontzertua, haurrentzako gunea, txistularien kontzertua, entzierro txikia, suzko zezena edota gauerdiko bigantxak. Herri mugimenduak antolatutako ekitaldietan, aipatzekoak dira ikurriñari omenaldia, karropoteoa, txarangaren irteera edota gaueko kontzertuak.

Udalak prestatutako egitarauan ehun bat jarduera biltzen dira, baina kopuru horri herriko hainbat kolektibo eta elkartek antolatutakoak ere gehitu behar zaizkio, baita ostalaritzako hainbat establezimenduk antolatutakoak ere, beti ere sei egunetako ekitaldi-eskaintza aberasteko helburuarekin.

Horrela, sei egunetan ez dira faltako dianak, pilota txapelketak, haur jolasak, erraldoi eta buruhandiak, dantzariak, kirol txapelketak (pilota, futbola, eskubaloia, xakea…), jota emanaldia, saiheski jatea, herri kirolak, bigantxak, entzierro txikiak, suzko zezenak, alkoholik gabeko gazte gunea… Musika arloari dagokionez, talde ezagunak hurbilduko dira aurten Burlatara, besteak beste, Bizardunak, Lumak, Hofe, Tapia eta Leturia, Alarma Morea, Maruxak edo Andoni Ollokiegi.

Aurtengo egitarauaren berrikuntzarik handiena Jai Batzordeak antolatu duen herri bazkaria da. Intxaurdiko lanak direla eta, aurten ezinezkoa izan da ohiko kaldereteak egitea eta, Burlatako bizilagunak elkartzeko asmoz, Ermitaberri ikastetxeko patioan bazkaria egingo da. Bazkalostean Dj Xaibor arituko da.

Herri mugimenduak antolatutako ekitaldien artean, aipatzekoak dira bermut musikalak, kantujirak, bazkari herrikoiak, karaokea, karropoteoa, zumba herrikoia, parrillada, DJ emanaldiak,  kontzertuak…

Informazio honen babesleak: Burlatako Udala, Axular Kultur Elkartea, Vulcanizados Felix.

Tafallako ikastolako barrakak 50 urte beteko ditu aurten. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Tafallan, asteazkenera arte

Iruñerritik hegoaldera, Tafallan abuztuaren 20ra arte luzatuko dira jaiak eta 130 ekitaldi baino gehiago daude iragarrita, egitarau ofizialean agertzen ez direnak kontuan hartu gabe, hala nola peñenak, txosnenak eta jaiak prestatzen lan egiten duten gainerako kolektibo, talde eta elkarteenak.

Txupinazoa ostegun eguerdiko 12.00etan izango da, eta aurten Peña Sport FC taldeko kideak dira ohore hori izango dutenak (herritarrek hala erabakita), klubaren mendeurrena dela eta. Arratsaldean, jota jaialdia, haurrentzako ikuskizuna, Salbeko igoera, zezensuzkoa eta Amalur taldearen emanaldia izango dira.

Aurtengo egitaraueko berritasun nagusietako bat entzierrilloaren atzerapena da. Horrela, goizaldeko 2:00etan izango da, gaueko orkestrek iraupen luzeagoa izan dezaten. Entzierroak goizeko 9.00etan izango dira.

Aurten ere beste urteurren bat beteko da, ikastolako barrakarena hain zuzen, 50 urte beteko baititu Tafallako bihotzean. Aurtengoan ere barraka abuztuaren 13tik 20ra bitartean egongo da zabalik eta bertan, tragoa hartzeaz gain, oilaskoak edo bokatak ere eskatzeko aukera izango da.

Informazio honen babesleak: Tafallako Udala, Txiki taberna, Seguros Senosiain.