
«Bilboko Aste Nagusia konpartsa, eragile, auzo, elkarte.... desberdinek osatutako jaiak dira, errespetuz, askatasunez eta berdintasunez jokatzeko espazioa. Horregatik, gaur, berriro ere, ozen eta argi esango dugu: Gure kaleetan eta gure jai eremuetan, ez dute lekurik eraso sexistek, arrazistek edo LGTBIfobikoek! Ez dira ‘gertatzen diren gauzak’. Ez dira ‘gaizki ulertuak’. Zauritzen, baztertzen eta elkarrekin eraikitzen ari garena hausten duten indarkeriak dira. Begirada konplize bakoitzak, salatzen ez duen isiltasun bakoitzak, luzatzen ez den esku bakoitzak elikatzen du indarkeria hori. Eta ez dugu onartuko!», adierazi dute konpartsek erasoen kontrako dinamika aurkezteko egin duten ekitaldian.
Erasoei aurre egiteko hainbat protokolo dituzte, elkarte eta eragile desberdinen artean egindako elkarlanaren eta saretzearen ondorioz, hala nola mugimendu feministarekin, SOS Arrazakeriarekin edota EHGAMekin batera. Protokolo horien helburua da erasotua izan den pertsona entzunda eta babestuta sentitzea.
Txosnak, erreferentzia puntua
Horretarako, Bilboko Konpartsetako txosnak erreferentzia puntuak izango dira. Eraso bat jasan duen edo ikusi duen edozein pertsona, jai guneko edozein txosnatara hurbildu ahalko da, babesa eta laguntza jasotzeko. Bertako arduradunak aurretik landutako harrera enpatikoa emango dio, eta espazio seguru bat eskainiko dio, epaiketarik egingo ez duena eta kontakizuna zalantzan jarriko ez duena.
Txosnetan, eskatzen den laguntza emango zaio: akonpainamendua, leku seguru bat, atsedena… eta beharrezkoa izanez gero, beste eragileekin, instituzioekin edo zerbitzuekin jarriko gara kontaktuan (gizarte zerbitzuak, SMUS larrialdietarako zerbitzua, aldundiaren Ate Morea eta krisi zentroa…), beti ere erasotua izan den pertsonak nahi izanez gero.
Konpartsez gain, gerta daitezkeen erasoak kudeatzen laguntzeko pertsona bat guardian egongo da egunero.
Eraso bat gertatuz gero, Bilboko konpartsetatik horren aurrean zein erantzun eman, goizean egiten diren mahai informatiboetan erabakiko dute, beti ere erasotua izan den pertsonaren baimenarekin eta elkarlanean daude beste eragileekin batera. «Onartuko ez ditugun erasoen aurrean erantzun kolektibo bat emateko. Ez gara isilik geratuko!», adierazi dute
Polizia-indarkeria
«Era berean, ezin dugu beste alde batera begiratu indarkeria hori babestu beharko gintuzkeenengandik datorrenean. Irmotasunez gaitzesten dugu justifikaziorik gabeko polizia-indarkeria, batez ere pertsonak beren jatorriagatik, larruazalaren koloreagatik edo gizarte-egoeragatik zapaltzeko, umiliatzeko edo zigortzeko erabiltzen denean», gaineratu dute.
«Kontua ez da egoera horiek ezkutatzea, baizik eta gizarte justu batek bermatu behar duen gutxienekoa eskatzea: pertsona guztientzako tratu duina aldarrikatzea. Ez dugu onartuko atxiloketa bat jipoi bihurtzea. Ez dugu onartuko basakeria ‘ordena publikoaren’ aitzakian normalizatzea», esan dute.
«Horregatik esaten dugu altu eta ozen: Eraso sexistek, arrazistek, homofoboek, transfoboek eta polizia indarkeriak ez daukate lekurik gure artean! Hiri segurua nahi dugu, baina guztiontzat! Dantzatzeko, elkartzeko, jolasteko, elkar ezagutzeko, gozatzeko eta ospatzeko izango den Aste Nagusia elkarrekin eraikitzen jarrai dezagun!», aldarrikatu dute.

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Ocho de los Filton24 mantienen la huelga de hambre como protesta por el genocidio en Palestina
