NAIZ

Hego Euskal Herriko hotelen sarrera eta gaualdiek gora egin dute 2025ean

Gora egin dute hoteletako gaualdiek eta sarrerek 2025eko udan Hego Euskal Herrian iazko datuekin alderatuz. EAEn gaualdiak %4,8 igo dira, eta Nafarroan, berriz, %10,8 2024ko datuekin konparatuz gero.

Donostian ere gora egin dute hotelen okupazioak uztailean.
Donostian ere gora egin dute hotelen okupazioak uztailean. (Jon Urbe | FOKU)

Abuztuaren hondarretara iristearekin bat balantzea egiten hasten dira turismoaren eta hotelen inguruko establezimenduak. Hego Euskal Herriari dagokionez, nabarmen egin dute gora gaualdiek eta hoteletako sarrerak 2025ean. Urteko lehen zazpi hilabeteei dagokionez, Araban, Bzikaian eta Gipuzkoan, aurreko urteko denbora tarte berarekin alderatuta hotelen sarrerak %4 igo dira, eta gaualdiak %4,8. Nafarroaren kasuan berriz, gaualdiak %10,8 igo dira 2024ko datuekin erreparatuta.

Aste honetan argitaratu ditu datuok Eustatek egindako Establezimendu Turistiko Hartzaileen Inkestak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hotel-establezimenduetan 392.794 sarrera erregistratu ziren uztailean, aurreko urteko hilabete berean baino %1,5 gehiago, eta 837.143 gaualdi, urte arteko %2,3ko gehikuntzarekin. Nafarroari dagokionean, 217.912 gaualdi erregistratu dira lehen zazpi hilabete hauetan, iazko datuekin alderatuta, %5,5 igo da.

EAEko datuak jaso ditu Eustatek, eta azaldu duenez uztaileko sarreren %57 eta gaualdien %57,2 Estatu espainoletik kanpokoan izan ziren, % 4,5 gehitu ziren sarrerak eta % 6,2 gaualdiak. Hala ere, Estatuko sarreren eta ostatu-gauen kopuruak behera egin du urte artean, % 2,2 eta % 2,5, hurrenez hurren.

Bestelakoa da Nafarroako egoera Nastatek argitaratutako txostenaren arabera, estatu Espainoletik iritsitako bidaiariak izan baitziren %65, eta gaualdietan beraiek izan dira %69,7 okupatu dutenak. Nafarroa barneko turismoa %7,5 igo da.

Oro har, gorako joera

Araban 50.634 sarrera eta 110.164 gaualdi izan ziren, aurreko urtean baino % 8,6 eta % 2,1 gutxiago, hurrenez hurren.  Bizkaian, sarrerak, 182.820, % 5,2 hazi ziren; 360.833 gaualdiek, berriz, % 3,2ko gehikuntza ekarri zuten, 2024ko uztailaren aldean. Gipuzkoan 159.340 sarrera izan ziren, % 0,9 gehiago, eta 336.146 gaualdi, aurreko urteko hil berean baino % 2,8 gehiago.

Hiriburuen arabera, sarreren kopurua % 7,7 igo zen Bilbon, baina % 1,6 jaitsi zen Donostian eta % 11,9 Gasteizen.

Ostatu-gauen kasuan, Gasteizen % 3,7 jaitsi ziren, Bilbon % 5,5 igo ziren eta Donostian % 0,1. EAEko hotel-establezimenduetako batez besteko egonaldia, 2025eko uztailean, 2,13 egunekoa izan zen, aurreko urteko hil berean baino pixka bat handiagoa (2,11 egun).

Nafarroako hotel-establezimenduetan geratutako bidaiarien gehiengoa Madrilekoa, Kataluniakoa edo gainontzeko Euskal Herriko txokoren batekoa izan da % 19,4, % 17,0 eta % 12,5, hurrenez hurren. Gaua igaro dutenei dagokionez, madrildarrak, katalanak eta EAEko biztanleak dira nagusi, % 22,1, % 17,0 eta % 10,0 hurrenez hurren.

Okupazio maila

EAEko okupazio maila, urteko lehen hilabetean, % 71,5ekoa izan zen plazen arabera, eta % 81,6koa logelen arabera. Datu horrek adierazten du ehuneko 0,1 puntuko beherakada izan dela plazen kasuan, eta 0,9 puntuko igoera gelen kasuan.

Nafarroako datuei erreparatuta, 12.806 plaza eskaini dira 299 hotel-establezimendutan uztailean. Plazakako okupazioa % 53,5ekoa izan da, iazko hilabete berean baino ehuneko 0,9 puntu gehiago. Bestalde, Nafarroako hotel-zerbitzuak eskaintzeko, 1.655 lagun ibili dira lanean, 2024ko uztailean baino % 4,4 gehiago.

Errentagarritasuna

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errentagarritasuna, ADR edo eguneko batez besteko tarifaren bidez neurtua (bainugela duen logela bikoitz bati aplikatua, ostatu bakarreko erregimenean), 144,5 eurokoa izan zen, hau da, iaztik % 4,4ko igo da.

ADRa 186,0 eurokoa izan da Gipuzkoan, 118,4 eurokoa Bizkaian eta 100,1 eurokoa Araban. Hiriburuka, aldeak handiagoak izan dira: ADRa 230,7 eurokoa izan zen Donostian, 127,9 eurokoa Bilbon eta 88,2 eurokoa Gasteizen.

EAEko hotel-establezimenduetan gela eskuragarriko batez besteko diru-sarrerak 117,9 eurokoak izan ziren 2025eko uztailean, aurreko urteko hil berean baino % 5,6 handiagoak.

Nafarroan, aldiz, hotelen eguneko batez besteko fakturazioa uztailean, gela okupatu bakoitzeko (Average Daily rate) 109,5 eurokoa da, eta zifra hori % 3,6 jaitsi da aurreko urteko aldi beraren aldean. Gela bakoitzeko eguneko batez besteko diru-sarrera (Revenue per Available Room), okupazioarekin eta hotel-establezimenduetan erregistratutako prezioarekin lotuta, 69,8 euroa izan zen, aurreko urteko hilabete berean baino % 0,7 gutxiago.