
Euskal Herriko dantza sorkuntza frankofonian hauspotzeko aliantza aurkeztu dute euskal kultura sustatzeko Etxepare Euskal Institutuak eta Malandain Ballet Biarritz dantza konpainiak.
Zehazki, euskal artisten ekoizpena, hedapena eta nazioartekotza frankofoniaren unibertsoan sustatzea du helburu lankidetza honek. Maitaldia dantza jaialdiaren baitan eman dute honen berri, Biarritzeko Udal Kasinoan antolatuko ‘Saut de basque’ izeneko jardunaldi profesionalean.
Besteak beste, euskal artisten nazioartekotze estrategiak, lankidetzarako baliabide eta tresnak, ibilbide artistikoak eta sorkuntza egonaldiak izan dituzte hizpide jardunaldian. Ekitaldiari Biarritzeko alkate Maider Arosteguyk, Malandain Ballet Biarritzeko zuzendari artistiko Thierry Malandainek eta Lakuako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak eman diote hasiera.
Aliantzaren helburua euskal artistei laguntza eta akonpainamendu integrala eskaintzea izango da, sorkuntzatik eta ekoizpenetik profesionalizaziora, prestakuntzara eta hedapenera arte. Horrela, sektoreko beste eragile batzuekin batera, lankidetza esparru partekatu eta egonkor bat artikulatzea bilatzen du, baliabideak lerrokatuz eta mugaren bi aldeetan kartografia komun batean sakonduz.
Lankidetzaren ondorioz, Biarritz «funtsezko hiria izango da euskal sorkuntza koreografikoa espazio frankofonoan proiektatzeko, eta, aldi berean, dantzaren euskal ekosisteman duen erreferentzia posizioa indartzen du», nabarmendu dute Etxeparetik.
Topaketa profesionalak euskal sustraidun dantza klasikoko pauso batetik hartzen du izena: ‘saut de basque’ edo ‘euskal jauzia’. Mugimendu honek, mendez mende eszenatokietan dagoenak, «bere jatorria euskal dantza tradizionalean hondoratzen du eta gaur egun ondare horren iraupena nazioarteko errepertorio koreografikoan gorpuzten du», azaldu dute.
Topaketa, aldi berean, Etxepare Euskal Institutuak bultzatutako ‘Ça colle au basque’ programaren barruan kokatzen da, euskal kulturaren presentzia eta proiekzioa frankofoniaren eremuan sustatzeko.

Mikel Zabalzaren omenaldia Endarlatsan: «Guk badakigu egia eta ondorengoek ere jakingo dute»

Denuncian que Soto Ivars presentará en Bilbo su libro «que niega la violencia machista»

Muere Robe Iniesta, cantante de Extremoduro muy ligado a Bizkaia, a los 63 años

Robe Iniesta, el poder del arte
