
ALTUNA III.a - IMAZ 15
ZABALA - MARIZKURRENA II.a 22
Atilaren zaldia pasatzen zen zelaian ez omen zen belarrik berriz jaiotzen. Jon Mariezkurrena kolpez fresko delarik, kendu paretik edo eskatu Masters Serieseko zesta-puntalariei xistera, aurre nolabait egingo bazaio. Caixabank Torneoa hirugarren aldiz irabazi du Berriozarko atzelariak, kasu honetan Zabala lagun hartuta. Tarteka airean erabili dituzte Altuna eta Imaz, baina azkenean lana gogotik eginda, 22raino iritsi dira.
Hobeto esanda, lana gogotik inork egin baldin badu, Altuna III.a eta Jon Ander Imaz izan dira. 15 tanto egin badituzte gorriek, neurri handi baten sekula ere etsi ez dutelako izan da. Egia da, halaber, partidaren bigarren herenaren amaiera aldera urdinek behar baino pilota gehiago galdu dituztela eta gorriak, piloteoan askoz gutxiago izanagatik, arerioei beldurra hezurretaraino sartzeko kapaz izan direla. Izan ere, 7-15 alde erosoaz ibiltzetik 15-18 gorrien arnas hotsa lepoaren atzealdean sentitzera pasa da neurketa.
Apustuzaleak ere urdurituko ziren dexente. Partida hastear zela dirua 100 80ri urdinen alde zen, eta esan gabe doa 7-15 markagailua jarri denean jokatu den apurra harrika bota dela Zabala eta Mariezkurrenaren alde.
«Erlaxatu egin gara eta etorri egin dira. Sufritu egin behar izan dugu azkenean 22ra iristeko martxa ona berriro hartu arte», onartu du tarte oker horri buruz Jon Mariezkurrena, finaleko jokalaririk onenak. Baina era berean «ez geunden batere urduri, hala ere», esan du. «Berriz ere serio jarri gara eta horrela lortu dugu irabaztea», gaineratu du Berriozarko atzelariak.
Bonbaketaria nork gelditu!
Joe Louis boxeatzaile handiari «Detroiteko Bonbaketaria» esaten zioten, bere kolpeen indarra zela-eta. Antzekorik esan dakioke Jon Mariezkurrenari ere. bere garaian baztertua, pilotari nafarrak jotzaile ikaragarria baino askoz gehiago ere badela erakutsi du beste behin. Aldea bere eskuin besoak ezarri du, baina Altunaren erasoei erantzuteko, zuloak betetzeko, eta ezkerrez ere pilotari ematen badakiela erakusteko, sekulako partida osatu du.
«Partida guztia behartuta aritu gara eta gehiago izan dira», onartu du Jokin Altunak ere. «Frontoi honetan ez baduzu agintzen, oso zaila izaten da. Beti nahi izaten da irabaztea, baina ezin denean, ezin da», gaineratu du Amezketakoak. Caixabank Masterseko laugarren finala galldu du aurrelari gipuzkoarrak, baina kiroltasun sosz onartu du.
Zabala aurrean tarteka nahasi du Altunak eta hor aurrelari errioxarrari kosta zaio moldatzea, azkenerako berak ere errematatzen badakiela erakutsi duen arren. Ez da beldurtu Zabala eta krisi txiki horri aurre egin ostean, partidari errematea jartzeko parada ere izan du azkenean.
Izan ere, 15-18 hurbilduta ere, gorriek ezin izan diete gaina hartu Zabala eta Mariezkurrenari. Balizko urduritasunik saihesteko, sakea berreskuratu dute urdinek eta behin sakea eskuan dutela, 22raino zuzen-zuzen joan dira irabazleak, Mariezkurrenak eman duen erakustaldia Fernando Arretxe handiak jantzitako txapela merezita luzitzeko.
FITXA TEKNIKOA
Iraupena: 65:59 minutu. Pilotakadak: 696. Sakez: 0 Altunak eta 2 Zabalak. Jokoan egindakoak: 5 Altunak eta 1 Imazek; 6 Zabalak eta 6 Mariezkurrenak. Galdutakoak: 3 Altunak eta 5 Imazek; 2 Zabalak eta 7 Mariezkurrenak. Markagailua: 1-0, 2-0, 2-1, 3-1, 3-2, 3-5, 4-5, 4-6, 4-7, 5-7, 5-11, 6-12, 7-12, 7-15, 9-15, 9-16, 11-16, 11-17, 13-17, 13-18, 14-18, 15-18, 15-22. Gorabeherak: Caixabank Masterseko finala Iruñeko Nafarroa Arena pilotalekuan. Aurreneko sakea, gorri.

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

Ertzainas del ‘caso Zabarte’ dicen que los proyectiles prohibidos «se les cayeron de una bolsa»

