
Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformak nazioarteko kanpainaren itxiera iragarri du ostegun goizean egindako prentsaurreko batean, EHUko Bizkaia Aretoan. Zientzia munduak Urdaibaiko biosferari emandako babesa positiboki baloratu dute. Hain zuzen, herri plataformak maiatzaren 19an ekin zion ekimen horri Mediterranean Alliance for Wetlandsekin batera. Guztira, Euskal Herriko zein nazioarteko 378 ikertzaile, biologo eta katedradunek sinatu dute manifestu bat museoaren eraikuntzaren aurka.
Halaber, erakundeen «konpromiso falta» salatu dute plataformatik. Jakinarazi dutenez, izaera ekologista eta kontserbazionistako 77 erakunderen babesarekin, natura-ondaera babesteko funtsezkoak diren hiru erakunderi gutun ofizialak bidali zizkieten. Zehazki, Ramsarri (hezeguneak kontserbatzen dituen nazioarteko erakundea), UNESCOri (biosfera-erreserben bermatzailea), MITECOri (Trantsizio ekologikorako eta erronka demografikorako ministerioari). Haatik, hiru erakundeetako batek ere ez die erantzun esku-hartzeko eskaerei.
UNESCOren kasuan, jakinarazi diete MaB programaren espainiar Batzordeak ezarritako prozedurari jarraituz, hasi dela euren eskaera izapidatzen.
Kontrako norabidean, David Henderson Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformako kideak positiboki baloratu du zientzia mundutik jasotako babes zabala. «Kontraste deserosoa agerian utzi da prozesu honetan. Komunitate zientifikoak ahotsa altxatu du eta UNESCOk aitortutako Biosfera Erreserba baten oreka arriskuan jarriko duen proiektu baten arriskuez ohartarazten duen bitartean, babes eta zaintzan lehenak izan beharko luketen erakundeak isilik daude, edo, behintzat, espero zitekeen sendotasunik ez dute erakutsi», azpimarratu du.
Ildo horretan, Hendersonek salatu du «hutsune instituzional horrek sortzen duen mesfidantza soziala». Kanpainaren amaierarekin, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak «lurraldearen defentsaren alde» lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du. Aldi berean, herritarrei erne egoteko eskatu die eta erakundeek bultzatutako entzute-prozesuan aktiboki parte hartzen jarraitzeko deia egin dute.
«Nazioarteko eta Estatuko erakundeak isiltzen badira, ahotsa altxatzen jarraituko dugu», ondorioztatu du Hendersonek.
Akats bat
Prentsaurrekoaren bigarren zatian Arantza Aldeazabal EHUko biologia zientzietan doktorea eta 2008tik EHUko Landare-Biologia eta Ekologia Saileko Irakasle Agregatuak hartu du hitza.
Aldeazabalez gain, beste 377 ikertzailek manifestu bat sinatu dute Muruetako ontziolan Guggenheim museo bat eraikitzea gaitzetsiz. Manifestuaren sinatzaile gehienak Euskal Herriko Unibertsitateko eta espainiar Estatuko unibertsitateko ikerketa-zentroetan eta elkarte zientifikoetan lan egiten duten doktoreak dira. Horiez gain, Alemanian, frantziar Estatuan, Erresuma Batuan, Finlandian, Danimarkan eta Estatu Batuetan lan egiten duten ikertzaileek ere sinatu dute manifestua.
Bere aldetik, Aldeazabal ikerlarien iritziaren ebidentziak azaltzera etorri da Bizkaia Aretora. «Ebidentzia zientifikoen bidez erakusten dugu egunero berotze-globalak, kutsadurak eta bideobertsitatearen galerak gizakiaren osasuna arriskuan jartzen dutela. Bideobertsitatea galtzen badugu, konponbide gutxiago izango dugu gure eskura», azaldu du.
Manifestu horrekin Urdaibain museo bat eraikitzea «akats bat» dela nabarmendu du Aldeazabalek: «Urdaibaikoa Euskal Herriko padura handiena da, eta ondoen kontserbatuta dagoena. Ezinbestekoa da habitat hori defendatzea, eta ahal den neurrian lehengoratzea».
Ohartarazi duenez, Europa mailan 2024ko ekainean onartu zen natura lehengoratzeko legea: endekatuta dauden habiten %20a lehengoratzeko asmoz 2030 urterako. Horren harira, Urdaibain museo bat eraikitzearen erabakia «guztiz kontrako norabidean» doala aitortu du EHUko irakasleak.
Ildo horretan, Aldeazabalek adierazi du museoa eraiki ari direnak etorri beharko liratekeela hona gizarteari azalpenak ematera, kontserbazioaren aurkako eraikuntza bat dela jakinda.

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»
