Maite Bidarte
NAIZ Irratia. Saioen arduraduna. Bideokluba saioko gidaria

‘Ungrateful Beings’: eta gezurrak arazoa konpontzen badu?

Adriatikoko kostaldean abiatzen da Olmo Omerzuren ‘Ungrateful Beings’ filma, Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatzen dena. Familia baten haustura, anorexia eta gezurraren mugak jorratzen ditu, drama eta umorearen artean, Kroaziako hondartzatik Txekiako ospitalera eramanez.

‘Ungrateful Beings’ filmeko lantaldea.
‘Ungrateful Beings’ filmeko lantaldea. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Adriatikoko kosta eder batean abiatzen da Sail Ofizialean lehiatzen den Olmo Omerzuren ‘Ungrateful Beings’. Eszena paradisiakoak gutxi iraungo gu. David (Barry Ward), aita banatu berri bat, bere seme-alabekin joan da oporretan, noizbait, familian, zoriontsu izan ziren kanpinera. Baina zoriona ez da inondik ageri, 17 urteko Klara (Dexter Franc) alabak elikadura nahasmendu bat pairatzen baitu: ez du jan nahi eta haserre dago beti. Arratsalde batean, Klarak Denis ezagutuko du eta bizitzeko gogoa berpiztuko zaio: jaten hasiko da eta barre egingo du. Baina Denis malandro bat da eta atzetik du polizia hilketa baten susmagarri delako. Davidek bertan behera utziko ditu oporrak eta etxera itzuliko dira hirurak. Maitaletik urrun, Klarak berriro utziko dio jateari eta ospitalean ingresatuko dute. Gurasoak edozertarako daude prest alabak jan dezan, baina non dago muga?

«Nik ulertu dezaket guraso hauen etsipena», azaldu du zuzendariak. «Egoera horretan banengo, behar bada, gauza bera egingo nuke», esan du. «Gidoia idazterakoan konturatu ginen gurasoek eta seme-alabek ez dutela oso ondo elkar ezagutzen, eta familian botere dinamika asko ematen direla. Eta gezurrak arazoa konponduko balu?» bota du galdera Omerzuk.

Ez da aurtengoa zuzendari esloveniarrak Zinemaldia bisitatzen duena. Hamar urte pasa dira ‘Famili Film’ aurkeztu zuenetik Zuzendari Berriak sailean. Aurrekoan ere familia baten gorabeherak pantailaratu zituen. Umore kolpeak dituen drama bezala definitu daiteke ‘Ungrateful Beings’, baina talde teknikoari ere zaila egin zaio definitzea. «Ematen du kontakizun komikoa eta arina dela uneren batean, baina niri oso sentipen makurrak piztu zaizkit», esan du ekoizleetako batek. «Ba nik maitasun asko ikusten dut», gehitu du zuzendariak.

Kazetari batek galdegin dio Omerzu zuzendariari ea prest ote dagoen kritikak jasotzeko filmean gai zentrala den anorexia tratatu duen modu probokatzaileagatik. «Nik behar adina espazio eman nahi nion Klarari. Duen elikadura nahasmendua gurasoen banaketaren sintoma da. Egin duguna ez dut probokatzaile ikusten. Neska askorekin hitz egin genuen, eta eguneroko batean inspiratu ginen. Nire ikuspegia ez da zinikoa. Gainera, esango nuke askoz gai gehiago lantzen direla film honetan», erantzun dio.

Filma multiekoizpen bat da. Txekiar Errepublika, Eslovenia, Polonia, Eslovakia, Kroazia eta Frantziako ekoiztetxeek hartu dute parte eta bi hizkuntzetan dago: txekieraz eta ingelesez. Filma ere bitan dago banatuta, erdia Kroaziako kosta ederrean gertatzen da, eta beste erdia Txekiar Errepublikan, eszena gehienak, ospitale batean.