
Irailaren etorrerarekin, Zumaiako Karmeldarren Komentua, herritarren artean Mojaxarren Komentua izenez ere ezaguna dena, urte luzez itxita egon ondoren ireki dute. Espazio historiko hau herritarrentzat zabaldu den lehen aldia da, eta dagoeneko bertan dabiltza Musika Eskola eta herriko hainbat kultur eragile haien jarduna gauzatzen.
Klaseak eta entseguak hasi dira dagoeneko, baina Komentua ez da soilik jarduera kulturalak egiteko lekua izango. Hasiera-hasieratik komunitate-eragile gisa pentsatu eta prestatu dute espazioa, Zumaiako Alde Zaharreko bihotzean dagoela baliatuta.
Halaber, eta, helburu horiei erantzuteko, kudeaketa eredua ez da goitik beherakoa izango. Zumaiako Udala eta herriko elkarteak elkarlanean definitzen ari dira erabilera eta antolaketa irizpideak, Elhuyar fundazioaren laguntzarekin. Helburua argia da, Udalak azaldu duenez: «Guztion artean kudeatutako espazio bizia sortzea, herritarren ekarpenetik eta sormenetik elikatuko dena, eta herriari eta herritarrei ekarpena egingo diena».
Irailaren 24an egingo dute Komentuaren inaugurazio ofiziala, ordezkari politikoekin, teknikariekin eta kultur eragileetako ordezkariekin. Zumaiar guztiek, baina, izango dute espazioa ezagutzeko aukera: irailaren 27an eta 28an bisita gidatu irekiak egingo dituzte herritarrentzat. Izena eman dezakete Alondegiko kultur etxean, 943861056 telefonora deituta edo kulturetxea@zumaia.eus eposta helbidearen bidez.
Amaitzeke
Komentua jada martxan egon arren, oraindik ez dago guztiz amaituta. Hurrengo hilabeteetan beste hainbat lan egin behar dituzte bertan, hala nola, kapera auditorio bilakatuko dute eta 2026ko udaberrian egongo da erabilgarri. Lorategia ere udaberrirako izango dute prest eta hura bukatuta ekingo diete gainontzeko atalei: aterpetxea, mojen bizimodua ezagutzeko interpretazio-zentroa eta kantina-kafetegia.
Udalaren helburua da Komentua Zumaiako kultur sarearen bilgune eta komunitatea saretzeko gune berritzaile bihurtzea. Aldi berean, Alde Zaharrari bizia ematea eta herriguneko jarduera sendotzea ere bada proiektuaren xede nagusietako bat.
6,18 milioi euroko inbertsioa
Inbertsio handia izan da Udalak Komentuan egin duena, 6,18 milioi eurokoa, hain zuzen ere. Luze jo dute lanek, 2022aren amaieran hasi batziren eta oraindik guztiz bukatu gabe daude. Halaber, Zumaiako Udalak inbertsio gehiago egingo ditu hurrengo hilabeteotan, aurrez aipatutako azpiegiturak behar bezala garatzeko.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Muguruza, Rosalía, Guardiola, Amaia, Llach... en un gran festival por Palestina en Barcelona

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas
