
Oñatin igande iluntzean hasiko dituzte ofizialki San Migel eta Errosarixoko jaiak, Txantxikuaren jaitsierarekin eta danborrada nagusiarekin. Hala ere, jai usaina pasa den asteburuan hasi zen nabaritzen pilota partida, bertso jaialdi eta artzain-txakur txapelketa bezalako ekitaldiekin.
Egitaraua, beraz, irailaren 19tik urriaren 5era luzatuko da, eta adin eta gustu guztiei zuzendutako ekitaldiak izango dira. Antolaketa lanetan ehunka pertsonak hartu du parte, tartean herriko elkarte eta kolektibo ugaritako kideak, baita udaleko langileak ere, eta guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie Izaro Elorza alkateak.
Ostiral honetan (irailak 26) Bulego taldearen kontzertua izango da, larunbatean Euskal Herriko Casteller Taldearen erakustaldia eta pilota partidak, eta igandean Txantxikuaren jaitsiera egingo da, danborrada nagusia eta Sukar taldearen dantzaldiarekin amaitu aurretik.
San Migel eguna astelehena izango bada ere, ez da jai giroa faltako, ekitaldi ugari antolatu baitira: txistularien goiz-eresia, meza nagusia, musika banda eta txistularien kalejira, haur parkea edo Remember Queen tributu taldearen kontzertua, beste askoren artean. Eta asteartean, San Migel Bixamona egunean, Nafarroako jotak, berakatz-zopa lehiaketa, sokamuturra eta Roberto Etxebarriaren trikitixa emanaldia izango dira.
Txosnagunean ere egitarau zabala prestatu dute jaietarako. Ostiral honetan erasoen aurkako protokoloaren aurkezpena egingo dute, larunbatean auzolinpiadak, bazkaria, elektrotxaranga eta kontzertuak, eta igandean txosnagunearen irekiera, txaranga, kalejira, drag show ikuskizuna eta DJ herrikoiak.
Egitarauak datorren asteburuan jarraituko du, urriaren 4ean ospatuko den Herri Egunarekin, urriaren 5eko Errosarixo Egunarekin eta urriaren 6ko Errosarixo Bixamonarekin.
Albiste honen babesleak: Arkauz optika, Cartonajes Arregui, Talleres Errebakarren, Arrano taberna, Lizar Etxe jatetxea, Zurich aseguruak Oñati.
Irurako txupinazoa, DJ Bullen eskutik
Iruran ostiral honetan bertan botako dute txupinazoa, arratsaldeko 18.30ean, eta egitaraua bi asteburutan luzatuko da. Aurten Jon Gotzon Gurrutxaga (DJ Bull) herriko semea izango da suziria botako duena, musika jartzen hasi zenetik 25 urte igaro direla ospatzeko eta herriko jaien alde egin duen lan guztia eskertzeko.
Txupinazoaren ondoren, buruhaundien kalejira abiatuko da eta iluntzean barrikotea hasiko da, Olgetan taldearekin jarraitzeko. Asteburuan adin eta gustu guztiei zuzendutako ekitaldiak izango dira, baina azpimarratzekoak dira musika emanaldiak: Janus Lester eta Iratzar taldea larunbatea gauean, eta Txapela Brava igande arratsaldean.
San Migel egunerako, honako ekitaldiak prestatu dituzte: diana txistulariekin, meza nagusia eta hamaiketakoa, herri kirolak eta bertso saioa (Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Jesus Mari Irazu eta Maialen Lujanbio). Egitaraua urriaren 3an itzuliko da, mozorro egunarekin.
Aurtengo jaiek izango dute berritasunik, izan ere, erraldoi berri bat egin dute aurtengo festetarako, Irurako ikurra den herensugearena. Orain arte udaletxeko balkoian egoten zen, baina aurten kalera jaitsiko da erraldoiekin batera ibiltzeko.
Irura Moretuz taldeak, bestalde, erasoen aurkako protokoloa prestatu du Udalarekin elkarlanean eta jaietan emakumeak etxera itzultzeko bi txanda prestatu ditu, irailaren 27an eta urriaren 4an.
Albiste honen babeslea: Irurako udala.

Iurretan, musika protagonista
Bizkaira jauzi eginez, Iurretan ere sanmigelak ospatuko dituzte. Txupinazoa igande eguerdian botako dute, irailak 28, eta jai egitaraua urriaren 5era arte luzatuko da. Hala ere, jai ekitaldiak ostiral honetan hasiko dira, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunarekin eta mus txapelketarekin. Larunbatean ere egitarau zabala dago iragarrita: mendi eta bizikleta martxak, pintxo txapelketa, jubilatuen bazkaria, umeentzako ginkana, pilota partidak edota orfeoiaren kontzertua. Eta igandean, ohiturari jarraituz, Doniel-Atxa ospatuko dute plaza erdian makala jasoaz.
Musikak protagonismo handia izango du. Horrela, larunbat honetan Against You, Ganibet eta Tatxers taldeek joko dute; urriaren 3an Alarma Morea, Oilar Beltzak eta Malakias MX3 taldeen txanda izango da; eta urriaren 4an, Luhartz taldearen emanaldia izango da plazan.
Gehien espero den beste ekitaldi bat Mozorro Eguna izango da, urriaren 4an. Aurtengo gaia zirkua izango da eta, berrikuntza gisa, erakusketa bat antolatuko da. «Abesti bat aukeratzera eta beren emanaldia prestatzera animatzen ditugu kuadrilla guztiak. Asmoa guztion artean geure Iurretako Zirkua eraikitzea da», adierazi du Maitane Totorika jai batzordeko kideak. Parte hartu nahi duten taldeek aldez aurretik izena eman beharko dute herriko tabernetan.
Albiste honen babeslea: Iurretako udala.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena
