Askea, probokatzailea eta enigmatikoa
‘EL ÚLTIMO ARREBATO’
Estatu espainola / Euskal Herria, 2025. 108’. Zuzendariak: Marta Medina, Enrique Lopez Lavigne. Gidoia: Marta Medina, Jaime Chavarri. Música: Jose Ignacio Arrufat. Argaz.: Alvaro Gomez Pidal.

Ivan Zulueta donostiarraren zinemagintzak arrasto sakona utzi du ondorengo belaunaldietako zinegile ugariren lanean; bere obrarik ezagunena, ‘Arrebato’ (1979) izan zen. Estreinaldian oharkabean igaro bazen ere, urteen poderioz kultuzko klasiko bihurtu da. Filmak B serieko film zuzendaria den JosE Sirgado (berriki zendu den Eusebio Poncela) protagonistaren sorkuntza-krisia zein pertsonala du abiapuntu. Anarekin (Cecilia Roth) duen harremana hautsi du, eta ez da gainditzeko gai. Testuinguru horretan, Pedroren (Will More) presentzia agertuko da: Super-8arekin esperimentatzen duen eta zinemaren esentzia bera topatzearekin obsesionatua dagoen gaztea.
Bere filmeko protagonisten antzera, Zulueta bera ere drogen eta zinemaren liluran harrapatuta bukatu zuen. Madrildik alde egin eta Donostiako bere familiaren etxetzarrean babestu zen, ermitau baten gisara. Ez zuen inoiz gehiago film luzerik zuzendu, eta 2009an zendu zen, bere inguruan beti misterio kutsu bat utzita.
Bada, Zulueta eta ‘Arrebato’ filma abiapuntutzat hartuta, Marta Medina eta Enrique López Lavigne zinegileek ‘El último arrebato’ lan berezia sortu dute. Dokumental sailkaezin honek filmean parte hartu zutenen testigantza garrantzitsu eta esklusiboak biltzen ditu, besteak beste: Marta Fernández Muro, Cecilia Roth eta Eusebio Poncela aktoreak; Zuluetaren lagun mina izan zen Jaime Chavarri zinegilea –filma sortzeko funtsezkoa–; Carlos F. Heredero zine kritikaria; Paco Hoyos –jatorrizko negatiboaren zaindaria–; Carlos Astiarraga –Zuluetaren bikotekidea eta lehen zuzendari laguntzailea–; eta Virginia Montenegro, zuzendariaren lagunik onena eta haren obra guztien eta oroitzapen baliotsuaren legatuduna.
Proposamena sailkaezina dela nabarmendu behar da, ez delako soilik elkarrizketa argigarri horietan oinarritzen; muinean ikus-entzunezko altxor bat gordetzen du: 2022ko amaieran erreskatatu eta zaharberritutako Super 8 zinta argitaragabeak. Argitaratu gabeko material honek ikuspegi intimo eta gordina eskaintzen du, filmaren sormen prozesu eta giroari buruzko geruza berriak gehituz; berez liluragarria den istorioa are gehiago aberasten du eta dimentsio poetiko eta sentsoriala gehitzen du.
‘El último arrebato’ ez da dokumental tradizionaletan ohikoak diren kodeetan mugitzen; askeagoa eta bereziagoa da, baita‘martzianoagoa’ ere. Ezin zuen beste modu batera izan: Zuluetarekin eta bere obrarekin guztiz bat datorren atmosfera eta esentzia du. Ez da harritzekoa lana Zabaltegi-Tabakalera (proposamen ausart eta berezienei eskainitako gunea) sailean egotea.
Sortzaileek biografia tradizionalen kateak hausten dituen kontakizun hipnotikoa eraiki dute, non denbora eta memoria, oroitzapen eta imajinazioak elkarren gainean hedatzen diren. Dokumentalak askatasun formal horretan egiten du bereziki distira: ez da elkarrizketetara mugatzen, Zuluetaren esentzia, irudiarekiko obsesioa eta zinemak bere bizitza irensten zuen modua harrapatzen duen ikus-entzunezkoa da.
Omenaldia eta esperientzia estetikoa uztartzen ditu eta Zuluetaren espirituarekin elkarrizketan diharduen obra da: askea, probokatzailea eta enigmatikoa.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

