
Joan den maiatzean aipatzen genuen Azpeitiko Udalak eta Euskal Mendizale Federazioak antolatutako Joxe Takolo bekak esplorazioaren aldeko apustua egin zuela bere azken edizioan.
Horrela adierazten zuen, bederen, proiektu irabazleak. Mikel Txintxurretak eta Imanol Murok aurkeztutakoak ‘Donostiatik Kirgizistanera’ zuen izenburu: bi gazteon espedizioak Djangart mendilerroa helburu zuen eta izan du. Bisita gutxi izan dituenez, ezezaguna bezain erakargarria zen. Hortaz, esplorazioak indar handia hartu zuen donostiarren abentura berrian. Hain zuzen ere, Joxe Takolo bekaren epaimahaiak abentura kutsu horri, esplorazioari, azpimarra berezia egin zion.
Aurreratu dugu alpinista donostiarrok Djangart mendilerro ia ezezagunaren tontorrak helburu izan dituztela, eta, oro har, etxera gustura itzuli dira espedizioan lortutako emaitzarekin. Denera, hilabete eskaseko espedizioan igo gabe zeuden hiru tontor zapaldu dituzte: Pik Manzano, Gama eta Drug. Horretaz gain, Thusumbodum mendian bide berri bat sortzeko aukera izan zuten.
Murok eta Txintxurretak galdera ikur askorekin bidaiatu zuten Kirgizistanera: «Google Earthen arakatzen mendigune horrekin egin genuen topo. Han eta hemen informazioa bilatzen hasi eta ohartu ginen oso gutxi zegoela. Alderdi horrek ia ez du bisitarik izan: denera, hamar-hamabi espedizio baino ez. Gainera, espedizio gehienetan aurretik zabaldutako bideak igo dituzte; beraz, aukera handia zegoen mendi horietan beste bide batzuk sortzeko».
Nahiz eta esplorazioan oinarritutako espedizioa izan den, bi alpinistok ezustekoekin egin zuten topo. Horietako bat Djangart Pass leporaino iaz zabaldutako pista bat izan zen. Jakina, horren berri ez zuten, baina, bederen, aldeko eite bat izan zen. Zergatik diogun hori? Bada, pista horrek oinarrizko kanpalekura heltzea erraztu zien. Ezusteko horretaz gain, lepo horren beste aldean urre meategi bat martxan ikusi zuten. Non ote dago aurreko espedizioek izan zuten bakardadea? Galdera hori egin zieten haien buruei.
Alabaina, horrek guztiak ez zituen desmotibatu eta 3.700 metrora kanpaleku nagusia antolatu zuten bazter eder batean. Garaia heldu zitzaien aldez aurretik jasotako informazioa eta bertatik bertara ikusitakoa aztertzeko eta erronkak finkatzeko. Lehen helburura joateko pronto zeuden. Djangart Pass lepotik gertu zegoen haran batean sartu eta igo gabe zegoen mendi batera abiatu ziren. Glaziar puskatuan ibilbide egokiena bilatzen jardun eta gero, eskalatzen hasi ziren. Hasteko, izotzean 300 metro eta, ondoren, ertz bat jarraitu zuten Pik Manzano deitu dioten ia 5.000 metroko gailurra zapaldu ahal izateko.
Bide berria
Lehen emaitza patrikan sartu ondoren, Murok eta Txintxurretak duela hamabost urte bikote mallorcar batek lehen aldiz igo zuen Thusumbodum mendian (5.081 m) ibilbide berri bat sortu zuten. Santa Barbara deitu dute. 500 metroko marra horrek, berez, izotzean du oinarri: 60º (gehienez, 80º). Mistoko tarte txiki samur bat ere gainditu zuten: M3. Baldintza eskasengatik ez zuten tontorra zapaldu. Horren ordez, bide beretik rappelatu zuten. Denera, hamazazpi orduko jarduera izan zen.
Azpeitiko agerraldian aurreratu bezala, donostiarrok bazuten helburu nagusi bat: Letaveta mendia (5.285 m). Bazekiten mila metroko ipar-ekialdeko aurpegia eskalatu gabe zegoela. Zoritxarrez, asmo hori baztertu behar izan zuten. Besteak beste, mendiaren baldintzak ez zirelako egokiak: oso lehorra, arroka puskatua…
Kezkak alde batera utzita, lerrotako protagonistok beste pare bat jarduera egiteko aukera izan zuten. Lehenbizikoa, Letavetaren ondoan igo gabe zegoen mendi bat. Horretan arrakasta izan zuten 200 metroko ibilbidea (50º-60º) igo eta ertz bat jarraitu ondoren. Gama (4.975 m) deitu diote.
Azken jarduera ere ukitu gabe zegoen mendi bat izan zen. Thusumbodum mendiaren ondoan triangelu itxura duen mendi bat ikusi eta hara abiatu ziren. Hurbiltzea ez zitzaien batere samurra egin; izan ere, serac eta glaziar puskatu batean ibilbide seguruena bilatzen izan ziren. Horman sartu, izotzezko aldatsak igo eta ertz batek 4.912 metroko garaiera duen tontorrera eraman zituen. Drug izena jarri diote mendiari.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena
