
Iker Larrazabalek osatuko du Lau eta Erdiko Txapelketaren final-laurdenetako ligaxka igande honetan, Eibarreko Astelena pilotalekuan, Iraitz Zubizarreta kanporatu ostean (15-22). Hala, Joseba Ezkurdia izango du aurkari hurrengo fasean.
Hemendik gutxira bost urte beteko dira Larrazabalek Bilbon debuta egin zuenetik –hilaren 18an, bereziki– eta ordutik hona partida gehienetan ikusi da zein motatako pilotaria den amurriorra. Pilotari indarra eta abiadura handia emateko oso trebea da, besoetan duen indarraz baliatuta. Iazko B Serieko Lau eta Erdiko Txapelketan txapeldunorde izan zen, Bakaikoaren aurka 22-16 galduta, eta aurten lehen mailako kaiola jokatzeko aukera paregabea izan du.
Eta ez du hutsik egin lehenengo partidan. Bere sarrerarik onena izan ez zuen –baina giroa bai– Eibarreko Astelena pilotalekuan, aurrelari arabarrak alde batetik bestera mugitu du Iraitz Zubizarreta. Ataungo aurrelariak badaki zer den lehen mailako kaiola jokatzea –iaz ligaxkan sartu zen, bertan Artolaren aurkako partida bakarra irabaziz; Jaka eta Altuna III.aren aurka galdu zuen–, baina aurten Larrazabal bezalako aurkari baten aurka gutxi egin ahal izan du Baiko enpresako gipuzkoarrak.
0-3koaren ostean –tartean Larrazabalek sekulako bi pareta egin ditu punpa lasterrean 0-2koa ipintzeko–, 4na eta 5na berdintzea lortu badu ere, hortik aurrera arabarra aurretik joan da une oro, eta Iker bezalako pilotari baten aurrean, oso zaila izaten da markagailua iraultzea.
Tanto batzuez aparte, Zubizarreta III.ak ez zuen erosotasuna aurkitzen eta tantoa gogortzen bazen, Larrazabal zen bizirik ateratzen zena. Hor daude, adibide gisa, 2-4koa eta 5-6koa, biak arabarraren alde.
Jo eta eman
Hala eta guztiz ere, Zubizarreta zentzuzko distantzia batean mantendu da atzetik. Lehenengo atsedenaldira iritsi aurretik, partidako gakoa etor zitekeen. Izan ere, txanpa horretan Larrazabal, 0-4ko partzial bati esker, 7-14 ipini da aurretik, ordurarteko abantailarik handiena.
Gainera, 7-12koan –atsedenaldia baino lehen– Larrazabalek tantoa egin du ezker airez pilota txokoan goxo utziz. Tanto eder honek moralez gainezka utz zezakeen arabarra, baina ataundarra ondo suspertu da hurrengo tantoetan, eta beste 4-0ko partzial batekin erantzun dio, markagailuan 11-14koa ipintzeko.
Baina kaiolan hain garrantzitsua izaten den sakearekin ere asmatzen hasi da Larrazabal. Lehen jokaldiarekin bi tanto segidan egin, pilotakada luze bat txokora eramanda eta sake-erremate batekin berriro aldendu da (11-18)... hutsa egin duen arte. Bi jarraian, alegia.
Zubizarretak tanto bakar batzuk gehiago egiteko aukera izan du, baina Iker Larrazabalen eguna zen –oso pozik agertu da ondoren kameren aurrean– eta bere abiadura eta indarra ikusteko, azken tantoa besterik ez da aztertu behar. Eman dituen pilotakada guztietan indarra eman dio eta ezker gantxo azkar batekin sinatu du final-laurdenetako ligaxkarako sailkapena.
PARTIDAKO FITXA:
Zubizarreta III.a: 15
Larrazabal: 22
Pilotakadak: 265. Iraupena: 56 minutu. Markagailua: 0-3, 2-3, 2-4, 4-4, 4-5, 5-5, 5-10, 7-10, 7-14, 11-14, 11-18, 13-18, 13-19, 15-19 eta 15-22. Sakez egindako tantoak: 1 Zubizarreta III.ak eta falta bat; eta 3 Larrazabalek. Jokoan egindako tantoak: 7 Zubizarreta III.ak eta 16 Larrazabalek. Galdutakoak: 2 Zubizarreta III.ak eta 7 Larrazabalek. Gertakariak: Sarrera eta giro ona Eibarreko Astelena pilotalekuan Lau eta Erdiko final-zortzirenetako azken partida ikusteko. Lehen sakea, urdinarentzat.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

