
AZ Osasun Taldea kalera atera da berriz ere, Osasunbideko sailak erakutsi duen «utzikeria» salatzeko asmoarekin. Taldeko kideek aipatu dutenez, Iruñeko Alde Zaharreko Osasun Zentrorako sarbidea ez da egokia mugitzeko zailtasunak dituzten erabiltzaileentzat. Nahiz eta zenbait alditan arazoaz kexatu diren egoera okerrera egin duela jakinarazi dute, Fernando Dominguez osasuneko salburuari zuzendutako mezu baten bidez.
Oharrean adierazitakoaren arabera, Compañia Plazan kokatuta dagoen eraikinerako egungo sarbidea, gero eta iristezinagoa bihurtu da, zabor edukiontziz, kamionetaz eta autoz betetako eremuak sarrera oztopatzen duelako. Kideek nabarmendu dutenez, makuluekin edo gurpil aulkian doazten pertsonak oztopoek gehien kaltetu dituztenak dira eta mugikortasun arazoak dituzten auzotarrak gero eta gehiago direla gehitu dute.
Kideek Osasunbideko sailari gogorarazi diote osasun zentroak sarrera bat duela eraikinaren beheko aldean, Caldereria kalean, eta sarrera hori Compañia Plazako lurpeko aparkalekuko obretan egokitu zela. Era berean, kideek ohartarazi dute hiru hilabete barru, 2026ko urtarrilean, sei urte beteko direla 475 auzokideek berriz ere Caldererian dagoen sarbidetik sartzeko baimena eskatu zutenetik.
Halaber, AZ Osasun Taldeak Osasunbideak Alde Zaharreko osasun entroarekin duen «irtenbiderik ez emateko jarrera» kritikatu du, auzoarekiko eta bertan bizi diren pertsonekiko «erabateko sentsibilitate eza» erakusten ari duela esanez, batez ere adinekoekin eta mugitzeko arazoak dituztenekin.
Azkenik, kolektiboak ziurtatu du etengabe ahaleginduko direla auzo abegikorrago bat lortzen eta helburu hori lortzeko, Alde Zaharreko Osasun Zentroaren irisgarritasun arazoari behin betiko konponbide onargarria ematea eskatu diote Dominguez osasuneko salburuari.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
