
Aurtengo kirol eskaladako lehien denboraldia amaitzear da, eta lasai asko baiezta daiteke, beste behin, Janja Garnbretek erabateko protagonismoa izan duela nazioarteko zirkuitu eta hitzordu ofizial ezberdinetan. Erregina da; hori ez du inork zalantzan jartzen. Historia egiten ari da; hori ere ezin da ezbaian jarri. Esloveniarraren ibilbidea eta azken arrakastak kontuan hartzen baditugu, argi eta garbi geratzen da eskaladaren mugak birdefinitzen ari dela.
Seulen (Korea) jokatu berri diren Munduko Txapelketan Garnbretek beste titulu bikoitza erdietsi du. Bi proba enblematikoenak irabazi ditu: boulderra eta zailtasuna. Arrakasta itzel hori lortzen munduko lehiakide bakarra da. Are garrantzitsuagoa da, batez ere kontuan hartzen badugu 2019an gauza bera egin zuela.
Boulderreko probari dagokionez, esloveniarren jardunak ikuskizun ikaragarriarekin lotu behar ditugu. Erabateko nagusitasuna erakutsi zuen: sekulakoa egin zuen! Egoera bera bizi zen zailtasuneko hitzorduan. Denen ahotan hitz batek indar handi hartu zuen: perfekzioak. Maisutasuna, egokitzapena eta patxada dira bikain kudeatzen dituen ezaugarriak. Eta presioa? Bada, bere buruari jartzen dionak energian eraldatzen du.
Bestalde, azken urteotan ez bezala, eskalatzaile hori ez dugu hitzordu ofizial guztietan ikusi. Hala ere, parte hartu duen bakoitzean erregina izan da. Seuleko hitzordu nagusi horren inguruan, Garnbretek onartu du azken bi titulu horiek erabat bete dutela: «Munduko Txapelketa batean urre bat irabaztea amets bat da. Bi patrikara eraman eta, denera, hamar titulu izatea ia irreala da. Garaipen bakoitzak bere garrantzia du. Jendeak espero du proba horiek nik irabaztea, eta urtero espektatiba handitzen da. Iazko Olinpiar Jokoen ondoren, hitzordu horrek eragiten duen presioa nola kudeatu behar nuen ez nekien oso ondo. Baina gainditu eta Munduko Txapelketan ere maila handia eman dut. Horregatik, garaipen bereziak izan dira Seulekoak. Titulu horiek lortzeko neure buruari gogor egin behar izan diot. Horregatik guztiagatik garaipen bakoitzak balio handia du, eta inoiz ez du ziurtzat hartzen balizko lehen postu bat sinatuko dudanik. Pozarren nago Seulen lehiatzeagatik; fisikoki eta mentalki prestatuta nengoen. Inork ez daki zenbat entrenatu dudan».
Maila handia
Munduko Txapelketetan hamar urre, Munduko Kopan 47 garaipen, Olinpiar Jokoetan bi titulu… Eskalatzaile esloveniarra beste liga batean dago. Erakutsi dituen maila, ausardia, sasoia eta teknika horren adierazle dira. Hori guztia aipatu eta gero, bada galdera bat eskaladaren mundua ezagutzen dutenen artean: Garnbret gizonezkoen pare al dago? Haiekin lehiatu al daiteke? Magnus Midtboe eskalatzaile norvegiarrak dio Garnbret lasai asko lehiatu daitekeela mutilen kategorian.
Bestalde, Colin Carroll ikertzaileak argitaratu berri dituen emaitzek diote kirol guztien artean argi geratzen ari dela eskaladan emakumezkoak gero eta gehiago hurbiltzen ari direla gizonezkoen mailara: «Nik esango nuke hori guztia eskaladan gertatzen dela bakarrik. Eta horretarako pare bat adibide jarriko ditut. Munduko 52 eskalatzaile onenen artean 5 neska agertzen dira. Eta atletismoan, 100 metroko lasterketan orain arte lortu diren 10.000 denbora onenen artean soilik bi emakumezkoren kronoak azaltzen dira. Jakin badakigu, testosterona mailarengatik mutilek gihar handiagoak dituztela. Neskek, berriz, malgutasunarekin ordezkatzen dute indarra. Horretaz gain, erresistentzia hobeagoa dute. Bai, gai hori neskekin askoz ere hobeto entrenatzen da».
Emakumezkoen bi eite horiek, malgutasunak eta erresistentziak, oso eraginkorrak izatera eraman dituzte. Gogora dezagun, gutxi badira ere, arrokan emakumezko batzuk mutilen mailara heldu direla. Lynn Hill horietako bat da. Estatubatuarra Kapitaineko ‘The Nose’ bidea era librean egiten lehena izan zen. Eta zer esango dugu Josune Bereziarturi buruz? Bada, irakurleak dakien bezala, kirol eskaladan mutilen mailara heldu zela.
Egun, kirol eskaladako zailtasun gorena 9c da. Eta hori hiru mutilen kontua da. Baina, pixka bat beherago, 9b+ mailan, Brooke Raboutou azaldu da. Garnbreti berari gai horren inguruan galdetu zaio: «Nahiz eta oraindik aldea badagoen, denbora kontua baino ez da. Nik uste dut laster ikusiko dugula neska bat 9c maila egiten».
Zaila da jakitea, baina eskalatzaile esloveniarra izan daiteke kirol eskaladan lorpen hori lor dezakeena. Arestian aipatu dugu aurtengo denboraldian gutxi lehiatu dela. Halere, hitzordu bakoitzean arrakasta erdietsi du: «Aurten lehietatik pixka bat urrun ibili naiz. Uste dut ederki egin didala; askatasun eta alaitasun sentsazioari eutsi behar zaio. Oso garrantzitsua iruditzen zait hori. Aurten, arrokaren eta lehien artean oreka bilatu dut. Kirol eskaladari dagokionez, hainbat proiektutan buru-belarri ari naiz. Eta horiek hurrengo hilabeteotan amaitu nahi ditut».

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena
