Kazetaria, surfean espezializatua / Periodista, especializado en surf

Annette Gonzalez Etxabarri, bigarren Saquareman eta seigarren CS rankingean

Brasilgo Saquarema hondartzan egin zen Challenger Series itzuliko bosgarren txapelketa Yolanda Hopkins eta Samule Pupok irabazi zuten. Annette eta Janire Gonzalez Etxabarri ahizpek rankingean gora egin dute, bigarren eta hirugarren geratu ostean.

Saquaremako txapelketako bi finalistak, Annette Gonzalez Etxabarri eta Yolanda Hopkins.
Saquaremako txapelketako bi finalistak, Annette Gonzalez Etxabarri eta Yolanda Hopkins. (WSL)

Urriaren 18an Brasilgo Saquarema hondartzan amaitu zen Challenger Series zirkuituko bosgarren txapelketa, Yolanda Hopkins portugaldarra eta Samuel Pupo brasildarra irabazle aterata. Txapelketako protagonistak, ordea, Gonzalez Etxabarri ahizpak izan ziren, finalerdietan elkarren aurka lehiatu baitziren.

Orain arte CS mailan lortutako emaitza hoberenak eskuratu zituzten Saquareman Annettek eta Janirek (bigarren eta hirugarren), eta horri esker nabarmen gora egin dute rankingean. Janire, 16 postu igota, 21. postuan kokatu da, eta Annette, ostera, seigarren da, 15 postu gora eginda.

Gauzak horrela, eta zirkuitua amaitzeko bi txapelketa falta direla, Nadia Erostarbe eta Annette Gonzalez Etxabarri bosgarren eta seigarren postuan dira ranking orokorrean. Oroitu behar da denboraldi amaieran bost emaitza onenak hartzen direla kontuan, eta nesken rankingeko aurreneko zazpi sailkatuak lehen mailara igotzen direla. Alegia, CS zirkuitua orain amaituko balitz, Nadia eta Annette CT mailara igoko lirateke.

Ikuskizun itzela

Zumaiako bi ahizpek Brasilen egin zutena sekulakoa da. Ez da batere erraza CS mailan postu bat eskuratzea; aurrez Europako QS rankingean lehen zortzi postuetako bat eskuratu behar da mutilen kategorian, eta lehen bost postuetako bat neskenenean. Horren ostean, CS mailako 80 mutil eta 48 neskaren zerrendan leku bat lortzen da. CS mailan lehia oso gogorra da, lehen mailara igotzeko irrikaz dauden mundu osoko surflariak hor baitaude.

Oso zaila da CS mailako txapelketa batean emaitza on bat eskuratzea, baina finalerdietan bi ahizpa elkarren kontra aritzea, hori, ia mirari bat da. Oso gutxitan gertatu da surfaren historian, sendi bereko bi pertsona elkarren kontra lehiatzea halako txapelketa garrantzitsu batean, eta, are gutxiago, finalerdietan. Andy eta Bruce Irons 2000ko hamarkadan, Michel eta Dereck Ho 90eko hamarkadan eta antzeko beste adibideren bat izango da, baina oso gutxitan gertatzen da. Horregatik pizten du halako ikusmina jarraitzaileen artean.

Brasilgo txapelketaren aurretik, Janire inoiz finalerdietara iritsi gabea zen CS mailako txapeketa batean; bai, ordea, Annette, Huntingtonen (Kalifornia) finalera heltzear izan baitzen. Hortaz, bi ahizpak finalerdietara iriste hutsa sekulako emaitza zen. Zoritxarrez, elkarren aurka lehiatu behar izan zuten eta bietako bat baino ez zen pasatuko finalera.

Bi ahizpen arteko norgehiagokak ikusmin handia sortu zuen. Annettek, nesken rankingeko buru Tya Zebrowsky frantsesa kaleratuta mundu osoko ikusleen arreta bereganatu zuen, gaindiezina zirudien 14 urteko lehiakidea mendean hartu baitzuen. Aipatzekoa da, Zebrowsky dela, Saquaremako txapelketa irabazi zuen Yolanda Hopkinsekin batera, jada CT mailan postu bat eskuratu duen CS zirkuituko lehiakide bakarra. Hortaz, aurrerantzean lehiakideen helburua oraindik erabaki ez diren beste bost postuetako bat lortzea da.

Txapelketak iraun zuen artean olatuak txikiak eta ahulak izan ziren, metro ingurukoak, eta horrela izan zen bi zumaiarrak itsasoratu zirenean ere. WSLko pantailan lehen aldiz euskaraz idatzi zuten «onenak irabaz dezala». Gainera, txapelketako esatariek gehiago jakin nahi zuten Zumaiako eta Euskal Herriko surflarien inguruan eta Adur Amatriain gonbidatu zuten txandak iraun zuen bitartean hitz egitera. Ingeles garbian, WSLko esatarien jakin-mina asebete zuen zarauztarrak, galdera guztiei patxadaz erantzunez.

Annettek 18 urte ditu eta eskuin surflaria da (regular) eta Janirek 20 urte ditu eta ezker surflaria da (goofy). Aitzitik, olatuak ezker-eskuin lehertzen ziren, eta ondorioz, aurpegiz nahiz bizkarrez aritu ziren bi surflariak, baina Annettek olatu gehiago hartu zituen, 11 guztira. Janire exijenteagoa izan zen olatuak hautatzen eta 7 olatu bakarrik hartu zituen.

Hasieratik jarri zen lehen postuan Annette eta horrela iraun zuen txanda amaitu arte. Azkenean, 6,83 eta 6,17 puntuko bi olaturekin 13 puntu bildu zituen ahizpa gazteak, eta Janirek, ostera, 4,73 eta 6,10 puntuko bi olatu onenekin 10,83 puntu batu zituen.

Finalean ere bikain aritu zen Annette. Ikusgarria izan zen, ez baitziren geldirik geratzen bi surflariak. Bakoitzak 11 olatu hartu zituen guztira, baina azkenean Hopkins izan zen bi olatu hoberenekin puntu gehien bildu zuena, 13,16 puntu. Annettek, aldiz, 10,20 puntu eskuratu zituen.
Mutilen finalean, Samuel Pupo brasildarrak Eli Hanneman hawaiarra garaitu eta txapela eskuratu zuen. Rankingean, ordea, Hanneman jarri da lehen postuan, eta Pupo bigarren postuan da.

Gainerako euskal ordezkariei dagokienez, Keoni Lasa zarauztarrak lehen aldiz hirugarren errondara iristea lortu zuen Brasilgo CS txapelketan. Nadia Erostarbe, Adur Amatrian eta Yago Dominguez, aldiz, bigarren txandan kaleratu zituzten. 

Nadia Erostarbe bosgarren postuan da CS rankingean; bere atzetik, seigarren postuan, Annette; eta Janire, 21. postuan. Mutilen rankingean, berriz, Amatriain 30. postuan, Lasa 45. postuan eta Dominguez 66. postuan daude.

Hurrengo txapelketak

Orain atsedenaldi labur bat izango dute CS zirkuituko lehiakideek, nahiz eta QS mailako txapelketak ere izan daitezkeen hurrengo hilabeteetan. Edonola ere, CS zirkuituko hurrengo txapelketa berezia izango da. Lehen aldiz, CS mailako lehiakideak Pipelinen lehiatuko dira, munduko olatu arriskutsu eta zailenetako batean.

Urtarril eta otsail artean Oahu iparraldeko olatu bortitzetan lehiatu ostean, Australian amaituko da CS zirkuitua, denboraldia hasi zen leku berean; alegia, Newcastlen.

Bestalde, Europako Junior zirkuitua Marokon amaituko dela iragarri du WSL erakundeak. Anchor Point urautsi famatuan lehiatuko dira 20 urtez azpiko surflari europarrak azaroan. Horrela emango zaio amaiera bost txapelketako zirkuituari. Rankingean postu onenean diren bi euskal surflariak Sara Romero eta Eder Fuentes dira, biak 9. postuan.