Aktualitateko erredaktorea

Amorerik eman gabe, markagailua irauli eta lehen garaipena lortu du Athleticek (3-1)

Meritu handiko garaipena lortu dute zuri-gorriek. Arsenalen eta Dortmunden aurka galdu ondoren, Txapeldunen Ligako lehen hiru puntuak poltsikoratu dituzte lehoiek. Beste behin, Navarroren agerpena erabakigarria izan da. Guruzetak ginga jarri dio San Mamesen bizitako gau magikoari.

Guruzeta, gaueko bigarren gola ospatzen.
Guruzeta, gaueko bigarren gola ospatzen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Txapeldunen Ligako azken garaipena 2014ko abenduaren 10ean lortu zuten zuri-gorriek, BATE Borisoven aurka, Valverderen bigarren etapan. Aukera paregabea izan dute gaurkoan berriz ere garaipena ezagutzeko, Karabakhen aurka, lehen fase honetako aurkaririk errezaren aurka, eta lehoiek ez dute hutsik egin. Gauzak horrela, dinamika aldatu eta salto nabarmena ematen dute bizkaitarrek sailkapenean.

Jokalari onenak zelairatu ditu Valverdek lehen minututik, Athleticek ezin baitzuen hutsik egin asteazken honetako deman izarren artean amesten jarraitu nahi bazuen. Yurik eta Laportek eskarmentu puntu hori gehitu diote atzeko lerroari, eta Nico Williamsek debuta egin du Txapeldunen Ligan. Nicok, bere anai nagusiak eta Oihan Sancetek osatu dute zuri-gorrien eraso lerroa. Guruzeta golak sartzeko arduraduna izan da.

Norgehiagoka hasi aurretik, Iñaki Williamsek eta Karabakh taldeko kapitaina den Kochalskikek lore eskaintza klasikoa egin diote Pitxitxiren bustoari, San Mameseko lehenengo bisita dela-eta. Arsenalek ere egin zion lehen jardunaldian.

Ezin okerrago heldu diote lehoiek demari, partidako lehen jokaldian txarto neurtu du Laportek baloi luze bat, ez du Paredesekin elkar ulertu eta, ondorioz, Simonen aurrean geratu da Leandro Andrade. Azeriarren aurrelariak munduko denbora osoa izan du definitzeko, eta ez du hutsik egin.

Hori dela eta, zoramena piztu da bisitarien harmailan, non, Azerbaijango banderak izan dira nagusi dema osoan zehar. Aitzitik, Ipar Harmailan Nagorno Karabakheko banderak astindu dituzte athleticzaleek.

Sancetek aukera paregabea izan du 10. minutuan. Kontra-eraso batean Regok atezainaren aurrean utzi dio pase dotore bati esker. Haatik, nafarrak kanpora bota du. ‘Jo eta ke, irabazi arte’ oihuarekin erantzun du San Mamesek.

Amorerik eman gabe

Beste aukera garbia izan du Guruzetak partida berdintzeko 18. minutuan. Ezkerraldean jaiotako jokaldi bat, eskuin hegalean amaitu da eta Guruzetaren jaurtiketari ondo erantzun dio Kochalski atezainak. Hortik gutxira, alboko sake batean, aurrelari donostiarra berriro saiatu da lehen gola sartzea burukada eder batekin. Oso gertu izan du, baina, beste behin atezaina topatu du.

Futbolak beti ematen dizkizu ezustekoak hobeto zauden unean, eta atsedelandia baino lehen Iñaki Williams aldatu behar izan du Valverdek, min hartuta joan da lehoien kapitaina eta Berenguerrek hartu du bere lekua.

Lehenengo zatia amaitzear zegoela, bazirudien atzetik joango zela talde bilbotarra. Haatik, hirugarren saiakeran atea ikusi du Guruzetak. Asistentzia ederra egin dio Jaurregizarrek zelai erditik, bakarrik geratu da donostiarra eta ez du barkatu atezainaren aurrean. Alemaniako golegile bera errepikatu da.

Karabakhen golaren ostean, Athleticen bakarrizketa izan da lehenengo zatia eta merezi izan dute lehoiek berdinduta joatea atsedenaldira. 

Ongi heldu dio Athleticek bigarren zatiko hasierari, baloiaren jabea izan baita. Lehen jokaldian, markagailuan gainetik jartzeko aukera paregabea izan du Paredesek korner batean. Arrigorriagako atzelariak, ordea, txarto neurtu du botea eta langa gainetik joan da baloia. Hego harmailan zeudenek barruan ikusi dute.

Navarroren erakustaldia

Valverdek egindako aldaketek freskotasuna eman diote talde bizkaitarrari. Areso, Galarreta eta Navarro zelairatu dira Gorosabel, Rego eta Nicoren ordez.

70. minutuan Navarrok, Nicoren lekuan kokatuta, baloia jaso du eta bi aldiz pentsatu barik, jaurtiketa zuzen eta zorrotza bota du atezaina iritsi ezin daitekeen toki horretara. Gol itzela egin du Athleticeko fitxaketa berriak. San Mames lehertu da golarekin. 

Navarroren gola

Neurketa amaitzen zihoala, penaltia erreklamatu dute azeriarrek. Yurik Zoubirren bidea oztopatu du eta area barruan jausi da aurrelari marokoarra. Epaileak, ordea, ezetz esan du. Azken minutuetan, berdintzeko aukera izan dute bisitariek, baina Yurik marraren gainean atera du baloi arriskutsu bat.

Alabaina, Athleticek erasokor jarraitu du eta hirugarren gola sartu du 87. minutuan. Guruzetak arearen ertzean topatu du baloia, eta, bolea bat eginez, barrura bidali du. Ezinezkoa izan da atezainarentzat, abiadura handia hartu baitu jaurtiketak. 

Donostiarrak ginga jarri dio neurketari, eta Txapeldunen Ligako lehen garaipena ospatzen geratu dira jokalariak zein zaleak San Mamesen.

Aurrera begira, Ligako bi jaurdunaldi dituzte lehoiek. Bata, Getaferen aurka San Mamesen ere, larunbat honetan. Bestea, Realaren aurkako derbia izango da Anoetan, azaroaren 1ean. Nabarmentzekoa da lehoiek sasoiko lehen bi euskal derbiak galdu dituztela: Alavesen kontra laugarren jardunaldian eta Osasunaren aurka Euskal Herria Txapelan.

Ondoren, Ingalaterrako iparraldean jokatuko dute zuri-gorriek Txapeldunen Ligako laugarren jardunaldia. Ez da erronka makala izango. Alta, Newcastlek atzo mendean hartu zuen Jose Mourinhoren Benfica (3-0).