Nicolas Jeanen eta Benjamin Vedrinesen maisulana Ekialdeko Jannun
Joan den 15ean bi alpinista frantziarrek zazpimilako horren lehen igoera sinatu zuten estilo alpinoan, hiru eguneko eskalada egin eta gero. Zabaldutako bide berriari “Le sommet des pieux” (ED-, 2.300 m) izena jarri diote.

Alpinismoaren munduak egintzat jotzen zuen Nicolas Jean (26 urte) eta Benjamin Vedrines (33 urte) frantziarrek Ekialdeko Jannun (7.468, Himalaia) lortu berri dutena. Iragan 15ean alpinista hauek zazpimilakoaren lehen igoera sinatu zuten iparraldeko hormatik. 'Le sommet des pieux' (ED-, 2.300 m) izena jarri diote eskalatutako ibilbideari.
Egintzat jotzea normala zen, baina, jakina, klimak eta mendiaren baldintzek zuten azken hitza. Alpinisten hurbilekoek adierazi dute Ecrinseko mendilerroan (Alpeak) indarrean jartzen duten filosofia Himalaiara eraman dutela. Arin edo oso minimalista. Azkartasuna ere. Horrekin batera eraginkortasun itzela erakutsi dute, eta, horregatik, arrakasta erdietsi dute Nepalgo Himalaian zintzilik zegoen korapilo handi bat askatuz.
Orain arteko mito hori 1991n talde esloveniar bat Ekialdeko Jannun saiatu zenetik, saialdiak egin dituzten espedizio guztiak (hamahiru, denera) etxera esku hutsi itzuli ziren. Horregatik diogu Jean eta Vedrines oso eraginkorrak izan direla. Bazirudien arrakasta hori iaz lortuko zutela; izan ere, Leo Billonekin batera talde oso-oso indartsu bat osatu zuten.
Baina Billon ez zen behar bezala egokitu igoera horretan. Horrez gain, murru berean igotzen ari zen Mike Gardner estatubatuarraren heriotzak igoera ilundu zuen, eta jarduera bertan behera utzi zuten.
Aurten, berriz, bigarren bisitan eta Billon gabe, 'erraz' menderatu dute Ekialdeko Jannu. Zalantzarik gabe, sokada horrek ezaugarri oso bereziak ditu. Elkarrekin eskalatzen hasi zirenetik, moldakortasuna eta ultra azkartasuna izan dira alpiniston zigilu indartsu horren oinarriak. Batez ere Ecrinsen lotura ikusgarriak egiten ikusi ditugu. Baina indar erakustaldi hori oraingoan ez da laumilako batean edo bestean islatuta ikusi, baizik eta zazpi mila metroko garaiera duen mendi batean.
Batzuek diote frantziarrok Himalaiako azken korapilo handia askatu dutela. Hori zaila da baieztatzea, baina argi eta garbi dago Jeanek eta Vedrinesek Nepalgo zazpimilako horren iparraldeko isurian egin duten eskalada maisulana izan dela. Hiru eguneko eskalada izan zen, bi kilometro luzeko bidea jarraitzeko. Eta jarduera biribiltzeko, beste egun bat jaitsierarako. Ekialdeko Jannu igo eta kanpaleku nagusira itzuli bezain laster, Vedrines oso argia izan zen lortu zutenaren inguruko adierazpenetan: «Ez dut zalantzarik, nire bizitzako eskalada izan da. Eskaladaren hiru egun horiek erabat sutsuak izan dira. Nicolas eta biok buru argitasunaren eta erabateko nekearen artean ibili ginen. Geure buruak asko behartu ditugu; erabateko kontrolari eustea ezinbestekoa zen».
Frantziarrek oso lasai hartu zuten espedizioa. Bi hilabetekoa izan da, eta pazientzia osoz girora egokitzen eta mendiaren baldintzak aztertzen aritu ziren. Aklimatatzen zihardutela, adibidez, bi gazteek ingurumari hartan dagoen Anidesh Chuli mendiaren (6.808 m) lehen igoera lortu zuten. Eskalada tekniko eta arriskutsua izan zen, etxera pozik itzultzeko beta ematen duen horietakoa. Baina Jeanek eta Vedrinesek helburu askoz ere garrantzitsuagoa zuten eskuartean: Ekialdeko Jannu.

Anidesh Chuliko igoeraren ondoren, eguraldi traketsa izan zuten: haizeteak, hotz handia… Ziurgabetasuna indartzen ari zenean, leiho on labur bat iragarri zieten. Girora oso moldatuta eta indartsu zeudenez, joan den 12an atzean utzi zuten oinarrizko kanpalekua.
Igoera zorrotza
Aurreko egunetan botatako elurrarengatik hiru ordu behar izan zituzten glaziarra zeharkatu ahal izateko. Vedrinesek dio oso nekagarria izan zela: «5.100 metrora dagoen kanpaleku nagusi aurreratura sentsazio bereziekin iritsi ginen. Beroa eta hotza nahasi ziren. Une oro, gainera, gure begiradak horma erraldoi horretara joan ziren. Ikaragarria, erraldoia, beldurgarria… Biharamunean, oso goiz, kanpaleku horretatik irten ginen. Eskaladaren lehen zatian Nicolas sokaburu joan zen. Tarte horretan geure buruak babesteko leku egokirik ez zegoen, eta egoera horrek ohiko luzeak egitea eragotzi zuen. Bizkar-zakuen zama handia zen. Elurra, gogorra; eta hotz handia egiten zuen. Lehen bibaka (6.200 m) arratsaldeko lauretan antolatzeko aukera izan genuen. Pozik geunden azkenean berriro horma horretan geundelako. Iazko eskarmentuaren ondoren, berriro itzultzea oso berezia izan zen. Ero batzuk baino ez gara; zale amorratuak ere. Zintzilik utzitako erronka hori amaitu nahi genuen».
Urriaren 14an, goizeko seietan, atzean utzi zuten bibaka. Vedrinesek aitortu du sekzio hori oso emozionala izan zela. Batetik, puntu zehatz horrek iaz Billonek atzera egitera behartu zuelako. Eta bestetik, egun berean Gardner estatubatuarra aldats horietan betirako geratu zelako. Protagonista berak gehitu du horrek guztiak eskaladari beste dimentsio bat gehitu ziola. Sokada igo gabe zegoen eremu batean sartu zen. Gero eta pikoagoa zen, eta arriskua ere handitzen zihoan. Zorionez, klimak lagundu zien: ateri eta haizerik gabe. Teknikoki zaila zen ehun metroko tarte bat igo eta soka finkatu ondoren, 6.900 metrora bigarren bibaka prestatu zuten.
Gaua ez zen batere erosoa izan: -20 graduko tenperatura egin zien. Hori gutxi ez eta, oraindik ibilbide luzea zuten aurretik: «Urriaren 15ean, hotz ikaragarriarekin gauez irten ginen bibaketik. Ertza oso estua zen, baina egunsentiak nolabaiteko berotasuna eskaini zion. Izugarria zen irudia. Atmosfera mistikoa. Pozik geunden egoera hori bizitzeagatik. Hala ere, gailurra zapaldu aurretik lan eskerga egin behar izan genuen, eta azken oztopo zail bat gainditu ere. Haize bortitza egiten zuenez, ezin nuen zuzen igo. Eskuinaldera egin nuen aldats pikoetan. Aseguratzeko leku egokirik ez zegoen. Izotzezko plaka mehe bat aurkitu nuen. Hamar metro igo eta gailurrera eraman zigun ertz horretara batu nintzen. Aukera bakarra zen. 7.400 metrora geunden; hain justu eskaladaren une arriskutsuenean».
Beste ezusteko batekin topo egin zuten. Arratsaldeko ordu batean gailur moduko batera iritsi ziren. Baina ohartu ziren beste bi punta aurretik zituztela. Kanpaleku nagusian zegoen kide batek, dronearen bitartez, argitu zien benetako tontorra aurrerago zutela: «Egundoko kolpea izan zen. Ibilbide hori amaiezina zen, baina aurrera jarraitzeko beste irtenbiderik ez genuen. Ordubete geroago, arratsaldeko ia ordu bietan, 7.468 metrora geunden. Hots, Ekialdeko Jannuren puntu garaienean. Erabat aske sentitu ginen. Emozionatu nintzen. Egoera oso erreala zen, soila ere bai. Une jakin horretan sentitu nuen eskalada horrek nire alpinista izaera aldatu zuela. Orain arte eginiko guztiak une zehatz horretara eraman zigun».

40 kilometro orduko haizearekin, tontorrean ohiko argazkiak atera eta ziztu bizian jaitsierari ekin zioten. Arratsaldeko zazpiak eta hogei zirenean, bibakera iritsi ziren. Atseden hartu eta biharamunean goizeko seietan jaitsierarekin jarraitu zuten. 50 rappel baino gehiago egin zituzten. Gorabeherarik gabe, 17.30ean, kanpaleku nagusira heldu ziren: «Zintzoa izan zen Nicolasek eta biok eginiko espedizioa. Benetako abentura humanoa. Bi lagun bakarrik Ekialdeko Janurren tontorrean; baina onartu behar dut ere talde sendo batek arrakasta hori lortzen lagundu digula. Estilo alpinoa maite dugunontzat igo dugun zazpimilako hori oso berezia da: horma luzea, pikoa, garaiera handikoa eta arrisku objektibo asko (besteak beste, seracak) ez dituena. Gardner ere oroimenean izan dugu. Sam Hennesseyrekin batera iparraldeko murru horretan 'direttissima' bat eskalatu nahi zuen. Gurea askoz ere errazagoa izan da; horregatik, zuzen jarraitu ordez, ertz horretara lotzea erabaki genuen. Erabaki horrek azkar eta arin joatea lagundu zigun. Teknikoki samurragoa zen, baina guretzat zentzua zuen; izan ere, estilo horren alde egin dugu».

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena
