Kazetaria, surfean espezializatua / Periodista, especializado en surf

Eten labur bat goi mailako itzulietan, 2026ko denboraldi berrituari ekin aitzin

Oporretan dira goi mailako lehiakideak, baina hurrengo urtea oso gogorra izango da. Challenger Series zirkuitua urtarrilean itzuliko da Pipelineko txapelketarekin, eta Championship Tour zirkuitua goitik behera aldatuko da, eredu berritzaile batekin.

Ikusleek krititaku arren, eta arrakasta gutxien duen lehiaketa izan arren, Abu Dhabik CTko txapelketen zerrendan jarraitzen du.
Ikusleek krititaku arren, eta arrakasta gutxien duen lehiaketa izan arren, Abu Dhabik CTko txapelketen zerrendan jarraitzen du. (WSL)

Hurrengo hiru hilabeteetan ez da lehen edo bigarren mailako txapelketarik izango, baina 2026. urtea berezia izango da, alde batetik, lehen mailako CT zirkuituak formatu berri bat eta hamabi txapelketaz osaturiko zirkuitu luzea estreinatuko dituelako; bestalde, eredu aldaketa horrek ahalegin bikoitza eskatuko die bigarren mailako lehiakideei, trantsizioa oso azkarra izango baita.

Jada aldaketa batzuk izan ziren aurtengo CS zirkuituan, hurrengo urteko CT zirkuitura egokitzeko, eta, ondorioz, bigarren mailako lehiakideek datozen hiru hilabeteak bakarrik edukiko dituzte atseden apur bat hartzeko. Horren ostean, lehen (CT), bigarren (CS) eta hirugarren (QS) mailako txapelketak arrapaladan etorriko dira, eta lehiakide batzuk bi maila desberdinetan lehiatuko dira, hau da, QS eta CS mailetan.

Esate baterako, Annette eta Janire Gonzalez Etxabarri CS zirkuituan lehiatzen dira lehen mailara igotzeko, baina QS zirkuituan ere bai; izan ere, denboraldi amaieran CS rankingean lehen zazpi postuetako batean ez badaude, ez dira lehen mailara igoko. Beraz, berriro CS mailan postu bat ziurtatu behar dute, eta, horretarako, Europako QS rankingean lehen bost postuetako batean amaitu behar dute denboraldia.

Gaur egun bi ahizpak bigarren eta hirugarren postuan dira Europako QS rankingean, eta hurrengo denboraldian CS mailan lehiatu ahal izango dira. Hala ere, helburua CT mailan lehiatzea da, eta hori ere posible izan daiteke, batez ere Annetteren kasuan, zeren 2025-2026eko CS zirkuitua amaitzeko bi txapelketa falta direnean zumaiarra 6. postuan da CS rankingean, Nadia Erostarbe zarauztarraren atzetik.  

El Salvador, Punta Rocako eskuin olatua.    WORLDSURFLEAGUE.COM
El Salvador, Punta Rocako eskuin olatua. WORLDSURFLEAGUE.COM

Eredu berria

Egutegian eta txapelketa ereduan aldaketa nabarmenak izango dira 2026ko Championship Tour itzulian. Adibidez, nesken kopurua 18tik 24ra igoko da CT mailan, lehenengo errondako kanporatuek ez dute bigarren aukerarik izango, eta denboraldi erdiko mozketa ez da denboraldi erdian egingo, irailean baizik. Egutegia ere luzatu egingo da eta CT zirkuituko azken txapelketa abenduan egingo da Pipelinen.

Orain arte 18 neska eta 36 mutil lehiatzen ziren lehen mailan; datorren urtean, ordea, 6 neska gehiago izango dira CT itzulian, eta mozketaren ondoren ere nesken kopurua orain artekoa baino handiagoa izango da. Horrela, mozketaren ostean 24 mutil eta 16 neska lehiatuko dira, baina mozketa osteko kopuru hori soilik bi txapelketetan mantenduko da, itzuliko azken txapelketan berriz ere hasierako lehiakide guztiak batuko baitira.

Azken urteetan CT zirkuitua urtarrilean hasi eta irailean amaitzen zen, eta denboraldi erdiko mozketa maiatz amaieran egiten zen, kanporatuak ziren lehiakideak bigarren mailara jaisten zirela. Alabaina, aurrerantzean mozketa itzuliko 9. txapelketaren ondoren egingo da, zehatzago, irailean Trestlesen (Kalifornia) egingo den txapelketaren ondoren.

Laburbilduz, hiru zati izango ditu 2026ko CT itzuliak. Lehen 9 txapelketek «denboraldi erregularra» osatuko dute. Gero mozketa egingo da, lehiakide batzuk kaleratuak izango dira, eta jarraian beste bi txapelketa egingo dira, «denboraldi ostean». Eta azkenik, Pipelinen bukatuko da CT itzulia, txapelketa berezi batekin, non mozketaz kaleratuak izan ziren lehiakideak ere berriz batuko diren.

Zirkuituko lehen zatian (denboraldi erregularrean) egingo diren bederatzi txapelketatik soilik zazpi emaitza hoberenak kontuan hartuko dira; zirkuitua osorik amaitzen denean, berriz, 12 txapelketetatik bederatzi emaitza hoberenak  hartuko dira kontuan. Hortaz, mozketa gaindituko duten lehiakideek puntu gehiago izateko aukera edukiko dute, kanporatuak izango direnek baino bi txapelketa gehiago jokatuko baitituzte.  

El Salvador, Punta Rocako eskuin olatua.    WORLDSURFLEAGUE.COM
El Salvador, Punta Rocako eskuin olatua. WORLDSURFLEAGUE.COM

Pipeline nagusi

Lehen mailako eredu berrian txapelketa nagusia Pipelinekoa izango da. Itzuliko azken txapelketan lehiakide guztiak batuko dira, alegia, mozketa gainditu zutenak eta baita gainditu ez zutenak ere. Dena den, une horretan nesken zein mutilen rankingeko lehen zortzi postuetan diren lehiakideek abantaila izango dute, lehen erronda gainditua izango baitute. Horrez gain, Pipelineko txapelketak balio handiagoa izango du, zeren irabazleak, ohiko 10.000 puntuen ordez, 15.000 puntu irabaziko ditu.

Egutegiari dagokionez, WSL erakundeak lehen aldiz txapelketen zerrenda aurkeztu zuenetik zenbait aldaketa eman dira. Adibidez, hasieran Bell’s Beacheko txapelketa kendu zuten zerrendatik, baina, lehiakideen txapelketa kutuna denez, berriz ere zerrendan atxikitzea erabaki zuten, eta zirkuituko lehen txapelketa izango da.

2026an «denboraldi erregularra» lehen 9 txapelketek osatuko dute. Gero mozketa egingo da eta lehiakide kopurua murriztuko da

Horrela, apiril eta maiatz bitartean egingo dira Australian CT itzuliko lehen hiru txapelketak: Bell’s Beach, Margaret River eta Gold Coasteko Snapper Rocks urautsian. Jarraian, El Salvadorko Punta Roca eskuin olatuan lehiatuko dira lehen mailako surflariak, eta ostean, Brasilen, Saquarema hondartzan.

Hurrengo hiru txapelketak olatu indartsuetan izango dira. Uztailean Jeffreys Bay (Hegoafrika), abuztuan Teahupo’o (Tahiti) eta irail hasieran Cloudbreak (Fijji). Gero berriz ere olatu txikietara itzuliko dira, Kaliforniako Tresltes urautsira, eta txapelketa horren ondoren mozketa egingo da.

Mozketa gainditzen duten lehiakideak Abu Dhabiko igerilekuan lehiatuko dira urrian, eta Portugalgo Ericeira eskualdean azaroan. Azkenik, esan bezala, lehiakide guztiak berriz ere Pipelinen elkartuko dira eta bertan erabakiko da 2026ko WSL titulu mundiala nork eskuratuko duen.