Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Izen propioen Winter Series-a

Winter Serieseko bosgarren edizioa hasiko da Gernikako azken astelehenarekin batera, ikusmin handiarekin: bonuak ordubetean bukatu ziren, sarrerak 6 minututan... Erkiaga-Ibarluzearen monopolioa apurtzen saiatuko dira beste zazpi bikote, Lopezen ibilbidearen azken hondarrean. 

Iragarri berri duenez, Imanol Lopezek amaiera jarriko dio 23 urtez luzatu den ibilbide profesionalari.
Iragarri berri duenez, Imanol Lopezek amaiera jarriko dio 23 urtez luzatu den ibilbide profesionalari. (ERAMAN JAI ALAI)

beti figura bat izan da», «eredua izan da, bai kantxa barruan bai kanpoan», «kontrarioari irakasteko aukera pila bat eman dio; azken urteetan onena izan da»... Imanol Lopez goraipatu beste modurik ez dute aurkitzen puntistek, zumaiarrak bere erretiroa iragarri berritan. Atzelaria gipuzkoarrak azken aldiz jokatuko du Gernikan, eta 23 urteko ibilbidea Zumaian, etxean, itxiko du. «Lopezen azken txanpa honetan neuk ere neure buruari presio gehiago jarriko diot. Arranke asko atera beharko da Lopezekin itxura on bat emateko. Gogo biziz nago», dio Urreistik, Winter Seriesean haren aurrelaria izango denak.

Zalantza izpirik gabe, bosgarren edizio honetako protagonista izango da Imanol Lopez (1984, Zumaia). Jai Alai Liga bigarren urtez jarraian irabazi ostean, begirada guztiak bereganatuko ditu. Ez zaio gustatzen faboritotasunaz mintzatzea –«nahiago dut kantxa barruan hitz egin»–, baina, Urreistirekin bikotea osatuta, saihetsezina da horretan pentsatzea. Hala ere, mutrikuarraren eta zumaiarraren lehen helburua «bikote bezala ongi ulertzea» izango da, eta gero gerokoak. «Faborito papera Aritzi emango diogu; gainera, Gernikako Jai Alai pilotalekuan ateratzen du joko onena, zuloak ongi aprobetxatuz. Lan on bat egiten badugu, hor ibiliko garela uste dut. Lan on batekin hasi eta poliki poliki iritsiko dira emaitzak», dio Urreistik berak, zeinengan iaz baino ikusmin handiagoa egongo den.

Lehen partidan Goixerri-Manciren aurka arituko dira. Hiru mutrikuar kantxa berean: «Herriko jendearentzat ere polita da. Harrobi bat daukagu Mutrikun, jende asko daukaguna atzetik jarraitzen eta denontzat izango da egun berezi bat». Manci ere bide beretik mintzatu zen. Txikitatik ezagutzen duen Ekaitz Mendizabal “Goixerri”-rekin osatuko du bikotea, Markinan egin legez, eta «emozio handiko» txapelketa izango dela adierazi zuen. Goixerri AEBtik etorriko da, Miami Cityko pilotaleku motz eta kristalezkoan distira egitetik, eta, beraz, pilotaleku luzera nola egokitzen den gakoa izango da.

Ezustekoen txapelketa ere izan ohi da Winter Series, eta horri heltzen dio Jon Zabalak. Elastiko txuria eramango du aurten ere eta kamiseta horren bolada hobetzea du xede: «Azken bi urteetan set bakarra bereganatu du kamiseta honek». «Laduche aurreko urtean finalera iritsi zen Mancirekin. Aurrelari ona da. Ea laguntzeko moduan naizen eta aurrera egiten dugun txapelketan», dio, serioago, azken bi hilabeteetan “Bullet Team Series” txapelketarekin buru-belarri ibili ostean. Kantxako orduak berreskuratu behar dituela adierazi du.  

Erkiaga, indarra berreskuratzen

Bere maila onena berreskuratzeko bidean dagoen bestea Aritz Erkiaga da. «Behintzat beldurra kentzea lortu dut», onartu dio GARAri. Durangoko Masterrean urratsa egin zuen, eta orain indarra berreskuratzea du xede. Ion Ibarluzea izango du bizkartzain, hirugarren urtez jarraian, eta “Pantera arrosak” adiera hartzen duen bikoteak hirugarren txapela du helburu –Ispasterkoarentzat laugarrena litzateke, lehen edizioan Zabalarekin irabazi zuen–.

Hala ere, Erkiagak tentuz begiratzen dio txapelketari, hiru arrazoirengatik: «Ni lesio txiki batetik nator, Ionek apenas jokatu du gurekin uda osoan eta aurkariek nahi beste bideo dute gure jokamoldea aztertzeko». Horregatik, hain zuzen, txapelketa irekia izango delakoan dago. Urreisti-Lopez eta Barandika-Basque bikoteak aipatu ditu; hain zuzen ere, Jai Alai Ligako finala jokatu zuten lau puntistekin osatutako bikoteak dira. Txapelketa hanka onarekin hastea gakoa iruditzen zaio, «dardarak» saihesteko.

Dardarak albo batera utzita eta konfiantzaz dagoena, bestalde, Gorka Sorozabal da. Bere anaia gaztearekin –Johan– osatuko du bikotea, eta «finalerdietara iristea» jarri dute helburu gisara. Pozik daude Winter Seriesean elkarrekin jokatzeagatik, udan uzta oparoa jaso baitute bikote modura eta, noski, «aspalditik elkar ezagutzen» dutelako. «Bikote ona osatuko dugulakoan nago», baieztatu du. Hauek ere gaur bertan abiatuko dute txapelketa, Goitia eta Lekerikaren aurkako norgehiagokarekin: «Txapelketa oso zaila da. Multzoak ere oso orekatuta daudela iruditzen zait. Finalerdietan egon nahi dugu. baina horretarako multzoen fasea gainditu behar da».

Iazko joerari jarraiki, aurten ere gazteenek zeresanik izango dute eta, hain justu, hari horri tiraka, Imanol Lopezek hor ere aurkitu du erretiroaren arrazoia. «Txapelketetan erronkak jartzen dizkiot nire buruari, motibatzeko. Baina ez da justua ni baino motibazio gehiago daukan gazte bati lekua kentzea. Nire buruarekin oso kritikoa naiz. Frontoira hurbiltzen den jendea gehiago erakartzen du odol berriak. Nik egin beharrekoa egin dut, eta oraingo gazteekin ere sekulako zesta punta izango dugu». Argi dagoena da Lopezen dotorezia hori eskertuko duela Gernikako Jai Alaira hurbiltzen den zaletu orok.

 

 

MULTZOAK:

A MULTZOA
Erkiaga-Ibarluzea
Johan-Gorka
Goitia-Lekerika
Laduche-Zabala

B MULTZOA
Goixerri-Manci
Urreisti-Lopez
Barandika-Basque
Urrutia-Del Rio

 

V. WINTER SERIES

Lehen jardunaldia gaur, Gernikako Jai Alai, 18.00etan

Urreisti-Lopez vs. Goixerri-Manci

Johan-Gorka vs. Goitia-Lekerika