NAIZ

Mendebaldeko Sahararen etorkizuna sahararrek erabaki behar dutela aldarrikatu dute

Mendebaldeko Sahararen etorkizuna erabakitzea soilik saharatarrei dagokiela aldarrikatu dute asteazken honetan Euskal Herria egin diren elkarretaratzeetan.

Iruñean egindako elkarretaratzea.
Iruñean egindako elkarretaratzea. (Jagoba Manterola | FOKU)

Mendebaldeko Sahararen etorkizuna saharatarrek erabaki behar dutela aldarrikatu dute Iruñean, Bilbon eta Tolosan, besteak beste, egin dituzten elkarretaratzeetan.

Nabarmendu dutenez, «Fronte Polisariok arretaz jarraitzen du Ameriketako Estatu Batuek Segurtasun Kontseiluari aurkeztutako ebazpen-proiektu berriari buruz egiten ari diren kontsultak» eta honen aurrean argi eta garbi aldarrikatu dute: «Ez dago onartzerik saharar herriaren etorkizina bere kabuz erabakitzeko eskubidea murriztuko duen edozein irtenbide inposatu nahi izatea».

«Ez dugu parte hartuko Marokoren legez kanpoko okupazioa legitimatu nahi duten prozesuetan, autodeterminazioa ez baita negoziatzen», nabarmendu dute.

Honen aurrean Fronte Polisarioak NBEko idazkari nagusiari bake-proposamen bat aurkeztu diola gogoratu dute. «Borondate onaren erakusgarri, berriro berresten du prest dagoela Marokorekin zuzenean elkarrizketan aritzeko, baldin eta benetako borondatea badago irtenbide justu eta iraunkor bat lortzeko», adierazi dute.

«Gogorazi nahi dugu, ordea, egiazko bakea ezin dela eraiki okupazioaren edo isiltasunaren gainean, baizik eta justiziaren, nazioarteko legalitatearen eta herrien askatasunerako eskubidearen errespetuaren gainean», gaineratu dute.

Gauzak horrela, dei egin diote NBEko Segurtasun Kontseiluari eta nazioarteko komunitateari «ausardiaz jokatzera, Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak bete daitezen exijitzera, eta saharar herriaren autodeterminazio eta indendentzia eskubide ukaezina bermatzera».